Lehendakaria Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektore berriaren kargu-hartze ekitaldiko burua izan da

0
  • Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin duen konpromisoa eta bikaintasuna nabarmendu ditu
  • «Autoexijentzia eta anbizioa» eskatzen ditu, UPV/EHU «onak garen honetan onenen artean» kokatzeko

Imanol Pradales Lehendakaria buru izan da gaur goizean Ajuria Eneko Jauregian, Joxerramon Bengoetxeak Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore kargua hartzeko ekitaldian. Bengoetxea errektore hautatu zuten azaroaren 26ko hauteskundeetan.

Lehendakariak azpimarratu du harro dagoela Euskal Herriko Unibertsitateaz, etengabeko lanari, inkonformismoari eta emaitzarik onenak lortzeko ahaleginari esker eraiki delako.

«Pausoz pauso, baina geratu gabe, gaur egun ezagutzen dugun lehen mailako erakundea sortu genuen. Ezagutza sortzen, ematen eta zabaltzen duenak lau haizetara. Baina ez gara helmugara iritsi. Errealitateak eta hazten jarraitzeko beharrak erakusten digute ezin garela hemen geratu», adierazi du Imanol Pradalesek.

Lehendakariak ahalik eta aukera handienak eta onenak sortzea defendatu du, bai irakasleentzat, bai ikertzaileentzat, bai, batez ere, ikasleentzat.

«Gobernu gisa, gure betebeharra da baldintzak erraztea eta baliabide onenak unibertsitatearen esku jartzea. Baina, aldi berean, argi daukagu hori guztia ez dela nahikoa izango bikaintasuna lortzeko. Dirua beharrezkoa da, bai, baina ez da arrakastarako osagai bakarra: autoexijentzia eta anbizioa ere beharrezkoak dira «EHU osoa» onak garen honetan onenen artean kokatzeko».

Imanol Pradalesen ustez, UPV/EHUk zerbitzu bikaina eman dio euskal gizarteari, gaur egun munduko unibertsitate onenen artean dagoela erakusten duen bezala. Hala ere, «hori guztia ez da nahikoa. Hobetzen jarraitu behar dugu. Beste martxa bat hartzeko ordua da. Izan ere, plazera bateraezina da lortu nahi dugun bikaintasuna bilatzearekin», berretsi du.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua eta errektorea; Bakartxo Tejeria Otermin, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eva Ferreira García, EHUko errektore ohia; Juan José Etxeberria Sagastume, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Vicente Atxa Uribe, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Eva Eguiguren Medinabeitia, EUNIEZeko errektorea; Joseba Agustín Eizaguirre, EHUko Gizarte Kontseiluko presidentea; eta EHUko talde berria.