Euskadi nabarmendu egin da Fitur 2025 Nazioarteko Turismo Azokan, standeko lan-eremu zabalean egin diren topaketa profesionaletan zenbakiak hobetuz. Horrek agerian jartzen du gure lurraldeak helmuga turistiko gisa duen interesa eta bertako enpresek eta profesionalek eskaintzen dituzten produktuen erakargarritasuna. Euskadik aurreko urtean baino parte-hartze handiagoa izan du Fiturren.
Negozio-bilerak: % 4ko igoera
Euskadiko lan-eremuko bileren kopuruak % 4ko igoera izan du aurreko edizioarekin alderatuta, eta guztira 872 bilera egin dira. Igoera horrek agerian uzten du Euskadik gero eta garrantzi handiagoa duela turismorako eta merkataritza-trukerako helmuga estrategiko gisa.
Enpresen parte-hartzea: % 8,2ko igoera enpresa parte-hartzaileetan
Euskadiko standak 184 enpresa parte-hartzaile erakarri zituen guztira, eta aurreko urtearekin alderatuta % 8,2ko igoera da. Enpresen presentziak erakusten du Euskadik eskaintzen dituen aukerak erakargarriak direla eta konfiantza ematen dietela enpresei.
Erakusmahaietan 12.000 pertsonari baino gehiagori eman zaie arreta
Euskadiko gaikako erakusmahaietan guztira 12.034 pertsonari eman zitzaien arreta azokako egunetan (2024an baino %2,5 gehiago) . Gure produktu turistikoei buruz gehien eskatu den informazioaren barruan gastronomia dago, oraindik ere galdera nagusia izanik, eta pintxoen ibilbideekin, jatetxe aipagarri edo enblematikoenekin edo bisitatu beharreko esperientzia gastronomikoekin lotutako kontsultak egin dira. Azpimarratzekoa da produktu ekoturistikoa (mendi-ibiliak eta natura, landa-inguruneko jarduerak, autokarabanako ibilbideen aukerak), bai eta autoz egiteko ibilbideak ere. Azkenik, eta berrikuntza gisa, Euskadin filmatutako filmen eta telesailen kokaleku zinematografikoekin lotutako informazio-eskaerak ere nabarmendu behar dira.
Standaren arduradunen eta informatzaileen pertzepzioak nabarmendu du publikoaren profilean eta eskatutako informazioan izandako aldaketa. Bisitariak helmugari buruzko informazio oso zehatza bilatu du bere bidaia hobeto planifikatu ahal izateko, aholku eta alternatiba desberdinak bilatuz, gehienek dagoeneko helmuga ezagutzen baitute eta itzuli egin nahi baitute, esperientzia berriak bilatuz.
Asteburuko jarduerek, bisitariak aktiboki inplikatzeko diseinatutakoek, erantzun positiboa izan dute. Jarduera aipagarrietako bat tabernako Pintxo Pote Solidarioa izan da, 1.500 pertsona baino gehiago elkartu baitzituen eta 4.562 euro baino gehiago bildu baitzituen Caritas GKErentzat, Valentziako La Torre auzoko DNAko kaltetuei laguntzeko. Ekimen solidario horrek, danborradarekin, euskal dantza garaikidearekin eta gilda tailer eta dastaketekin batera, aberastu egin du bisitarien esperientzia eta Euskadiren proiekzio positiboan lagundu du.