Osakidetzako Ama Esnearen Bankuak 167 haurtxo goiztiarren edoskitzea bermatu du 2024an, 104 emaileri esker (iaz baino 24 gehiago); izan ere, emate horri esker, 445 litro esne eman dizkiete beharra izan duten jaioberri horiei.
2017an sortu zenetik, Ama Esnearen Euskal Bankuak euskal ospitaleen eskaerari erantzuten dio, behar duten haurtxo guztiek, medikuaren aginduz betiere, nutrizio-balio bereziko elikagai hori jaso dezaten.
Sortu zenetik eta gaur arte, 613 amek eman dute beren esnea: 323 Bizkaian, 152 Gipuzkoan eta 138 Araban. Guztira, 2.810 litro giza esne jaso dira, eta, horri esker, edoskitzea bermatu zaie 793 haurtxo goiztiarri edo pisu txikikoei, Osakidetzako Neonatologia Unitateen beharrak uneoro betez.
Osakidetzako ama-esnearen bankuak amagandiko edoskitzea bermatzen die haurtxo oso goiztiarrei (kilo eta erdi baino gutxiagoko haurtxoak), edo 32 aste bete baino lehen jaiotakoei, bularra hartzeko aukerarik ez dutenean. Oso laguntza garrantzitsua da, ebidentzia zientifikoek erakusten baitute amaren esneak enterokolitis nekronizatzailea (jaioberrien heriotza eragin dezakeen gaixotasuna) prebenitzen duela.
Gaur egun hamaika puntu daude gaituta Euskadin ama-esnea emateko: U. Gurutzeta, AUO – Txagorritxu, U. Donostia, Urduliz, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (TGEEZ) Galdakao-Usansolo Ospitalean, TGEEZren Durangoko egoitza (Durangoko anbulatorioa), TGEEZren Vitoria-Gasteizko egoitza (Olagibel anbulatorioa, 4. solairua), TGEEZren Donostiako egoitza (Manuel Lekuona 1, behea), TGEEZren Bilboko egoitza (Etxaniz suhiltzailearen anbulatorioa), Arrasateko anbulatorioa eta Gernikako Ospitalean prestatutako puntua.
Emaile izan daiteke edozein emakume osasuntsu, aurreko hiru aste eta sei hilabete bitartean ama izan dena eta bere umetxoari bularra ematen ari dena zailtasunik gabe. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jarri harremanetan Euskadiko Ama Esnearen Bankuarekin, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, 944579375 telefonoan edo bancolecheeuskadi@osakidetza.eus helbide elektronikoan; edo kontsultatu pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari.
Gainera, nabarmendu behar da 2026an Giza Esne Bankuen XII. Kongresu Nazionala egingo dela Bilbon. Foro horren helburu nagusia da profesionalen arteko ezagutza eta esperientzien trukea sustatzea, esne-bankuetako jardunbide egokiak sendotzea eta gizartea sentsibilizatzea ama-esnea ematearen garrantziaz. Giza Esnearen Bankuen Espainiako Elkarteak (AEBLH) bi urtean behin antolatzen duen ekitaldi hori online edo presentzialki eskaintzen da.