Emakundek gida bat argitaratu du Hiri-Antolamenduko Plan Orokorren genero-eraginaren ebaluazioak errazteko

0

Emakundek Hiri Antolamenduko Plan Orokorren (HAPO) generoaren araberako eraginaren ebaluazioa egiteko Gida argitaratu du, tokiko erakundeei hiri-egoeraren genero-azterketa bat egiten laguntzeko eta tokiko ingurune bakoitzera egokitutako hobekuntzak proposatu eta ezartzeko.

Dokumentu hau Emakundek koordinatutako partaidetza-prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan, hirigintzaren, ingurumenaren eta berdintasunaren arloko pertsonek parte hartu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, hiru foru-aldundiek eta udalek (EUDELen bitartez) ekarpenak egin dizkiote.

Gidaren helburua tresna erabilgarria izatea da, agindu hori betetzeaz arduratzen diren profesionalei Hiri Antolamenduko Plan Orokorren generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiten laguntzeko, eta tokiko errealitatea kontuan hartuta diseinatu da, haren aplikazioak berdintasun-politiken garapenean aurrera egiten lagun dezan.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legeak jasotzen duenez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrek generoaren araberako eraginaren aldez aurreko ebaluazioa izan behar dute, bai eta desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak ere.

HAPOen generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioen helburua da izan dezaketen eragin negatiboa neutralizatzea, antzemandako desberdintasunak murriztea edo ezabatzea eta sexuen arteko berdintasuna sustatzea.

Ildo horretan, generoaren araberako eraginaren ebaluazioa behar bezala egiteko kontuan hartu beharreko hainbat gai proposatzen ditu gidak, HAPO inklusiboa eta berdintasunezkoa lortzeko, dimentsio guztietan. Hiri-espazioaren diseinua, ekipamendua, mugikortasuna, hautemandako segurtasuna edo etxebizitza aztertzea funtsezkoak dira generoaren eraginari aurre egiteko hiria erabiltzeko eta gozatzeko eskubideari dagokionez.