Denis Itxaso pozik agertu da Donostiako Udalarekin 5.000 BOE baino gehiago eraikitzeko lortutako akordioarekin

0

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak akordio historiko bat lortu dute Gipuzkoako hiriburuan babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko. Asmo handiko ekimen hori posible da hamabi udal lurzati Jaurlaritzari lagatzeari esker; izan ere, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du etxebizitza horien garapena sustatzeko, Gipuzkoako hiriburuan gero eta handiagoa den etxebizitza eskariari erantzuteko.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak erakundeen arteko lankidetza horren garrantzia azpimarratu du, eta aitortu du «argi dagoena dela erakundeen arteko egungo lankidetzaren erritmoa eta maila, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitzeko, ez zela nahikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-zorroa eskuratu eta berehala egin genuen lehen diagnostikoa dela».

Akordioak hiriko lursail estrategikoetan etxebizitzak sustatzea aurreikusten du, besteak beste, Auditz Akularren, Loiolako Kuarteletan, Txomin Enean, Martutenen eta Easoko Playa de Vias-en. Jarduera horiei esker, Etxebiden erregistratutako alokairuko etxebizitza babestuen 7.000 eskatzaile ingururen zati handi bati erantzun ahal izango zaio. «Inoiz ez da horrelako plangintzarik onartu bi erakundeen artean. Donostian alokairuko BOEen ia 7.000 eskatzaile ditugula Etxebiden erregistratuta kontuan hartuta, Udalarekin adostutako ibilbide-orri honek eskariaren ehuneko oso altuari aurre egiteko aukera ematen digu «, nabarmendu du Itxasok. «Eta hau hasiera baino ez da», gaineratu du.

Legegintzaldia hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak areagotu egin dituzte etxebizitzaren arloko ahaleginak, ikuspegi partekatu batekin: hiriko etxebizitza babestuen parkea nabarmen handitzea. «Behin eta berriz errepikatu dugunez, etxebizitzaren arazoak konponbidea du, eta akordioa eta ituna dira benetako asmo handiko helburuak lortzeko bide bakarra», adierazi du sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak, Imanol Pradales lehendakariaren eta Itxaso sailburuaren bitartez, hirigintza-izapideak arintzeko borondatea adierazi du, proiektu horiek ahalik eta lasterren gauzatu ahal izateko. «Orain erritmoa ezarri behar diegu hirigintzako izapideei, administrazioen arteko funtzioen banaketari eta proiektu eta obren lizitazioari», ziurtatu du Itxasok, eta berretsi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela etxebizitza horiek azkar eta eraginkortasunez egiteko.

Bi administrazioen arteko lankidetzari esker, hiriko hainbat eremu bizitegi-aukerako espazio bihurtuko dira, jasangarritasun- eta irisgarritasun-irizpideekin. «Izapide horiek guztiak arinduko dituzten erabakiak hartzeko bokazioa dugu. Anbizioak eta arriskuak hartzeak bakarrik jarriko gaituzte arrakastaren bidean «, esan du sailburuak.

Akordio horrekin, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak urrats sendo bat eman dute hiri-eredu inklusiboago bat finkatzeko bidean, non etxebizitza babestua eskuratzea politika publikoaren lehentasun bihurtzen den.