Nafar Lansare, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2.680 pertsona bakarri eman zien arreta iaz, horietatik %53 emakumeak, Nafarroan ekintzailetza sustatzeko eskaintzen dituen zerbitzuen barruan. Zehazki, kopuru hori Navarra Emprende sarearen bidez emandako informazio- eta aholkularitza-zerbitzuei dagokie. Sare hori Enpleguak finantzatzen du, eta toki-garapeneko agentziek edo CEINek eta erakundeak berak Iturrondo Zentroan egiten duten lana biltzen du.
Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Gizarte Ekonomiako eta Enpleguko kontseilariak eta Miriam Martón Nafar Lansare (SNE-NL), Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari gerenteak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur departamentuak arlo horretako zerbitzuak indartzeko prestatu duen eskaintzaren xehetasunak. Eskaintza horretan, aholkularitza espezializatuaz gain, beste baliabide batzuk ere sartzen dira, esaterako prestakuntza espezifikoa, negozioen errelebo poltsa eta enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak.
Azaldu dutenez, bihar, otsailak 4, irekiko da, hain zuzen ere, autonomo gisa alta ematen duten langabeei dirulaguntzak eskatzeko epea, aurreko urteko aurrekontua hirukoizten duen deialdi baten barruan. Aurten 2,9 milioi euro bideratuko dira deialdi horretara, eta 2.000 eta 4.500 euro bitarteko laguntzak jasotzen ditu pertsona bakoitzeko. Iaz lan autonomorako laguntzak 614 lagunera iritsi ziren, % 46 emakumeak, eta horietatik % 77 laneratzeko zailtasunak zituzten pertsonak izan ziren, genero-indarkeriaren biktimak, errenta bermatua jasotzen zutenak, gazteak, etab. Horietatik % 30, 5.000 biztanletik beherako herrietako negozioetarako izan zen. Guztira, 2025ean, SNE-NLk 4,3 milioi euro erabiliko ditu ekintzailetza eta lan autonomoa sustatzeko eta laguntzeko.
Maeztuk balioa eman nahi izan dio Nafarroako Gobernua “ekintzailetzari laguntzeko egitura indartsuagoa egiteko egiten ari den ahaleginari, ekintzailetza sarea indartuz, topaketak eta prestakuntza sustatuz, aholkularitza espezializatua eta doakoa emanez, negozioen lehiakortasunari eta iraunkortasunari lagunduko dioten tresna berritzaileak eskainiz”, nabarmendu du. Izan ere, gogorarazi du SNE-NLk 904.745,13 € bideratu zituela guztira 2024an erakunde laguntzaile edo kontratuek ematen duten aholkularitza finantzatzeko, aurreko urtean baino % 23,51 gehiago. Zehazki, 2024an, tokiko garapen-agentziei emandako laguntza % 45 inguru hazi zen, 580.000 euroraino.
Gainera, Nafarroa osoan enpresak martxan jartzen espezializatutako 20 teknikari baino gehiago dituztela nabarmendu du. Iaz artatutako 2.680 pertsonetatik 600 inguruk informazio-zerbitzuak eta gainerako aholkularitza osoa jaso zuten; azken horietatik % 24ak negozioa sortu zuten, hau da, ia 500 enpresa berri sortu ziren, batez beste 1,14 lanpostu enpresa bakoitzeko.
Ekiteko prestakuntza
Prestakuntza da Enplegutik ekintzailetzara ematen den zerbitzuaren zutabeetako bat. Miriam Martónek azaldu duenez, aurten indartu eta berrantolatu egingo da enplegua sortzeko eredu hori bereziki bultzatzera bideratutako programazioa, “izapideei eta laguntzei buruzko informaziotik haratago doazen ekintza berritzaileekin eta negozio-ereduaren inguruko aholkularitzatik haratago doazenekin” zehaztu du.
Iturrondo Zentroak aurreikusitako prestakuntza-eskaintzak jarduera ekintzailearen fase eta maila guztiak hartzen ditu. Ekitea pentsatzen ari diren eta zalantzak argitu nahi dituzten pertsonentzat, astero taldekako saio bat programatu da, langabeziagatiko prestazioaren kapitalizazioari eta bateragarritasunari, enplegu autonomoa sustatzeko izapideei eta laguntzari edo zerbitzuen aurkezpenari buruzko oinarrizko informazio praktikoarekin. ‘0 Saioa’ izenburupean, aurrez aurre edo online egin daiteke.
Era berean, eta negozioak bultzatze aldera, ‘Zure negozioa bost saiotan’ hileroko tailerra eskaintzen da; proposamen horretan funtsezko gaiak jorratuko dira, esaterako estrategia, marketina eta bezeroak, bideragarritasuna, forma juridikoak, laguntzak edo izapideak. Hasierako prestakuntza hori aholkularitzarekin osatzen da, ekintzaileei orientazioa banaka emateko.
Errefortzua, ‘premium’ prestakuntza eta topaketak
Bigarren maila batean, sei hilean behin ekintzaileei zuzendutako ekintza osagarriak edo indartzekoak programatu dira, askotariko gaiekin, esaterako gaitasun digitalak, brandinga eta marka, sare sozialak, finantzak, kontabilitatea, fiskalitatea, fakturazio elektronikoa edo gatazken konponbidea, besteak beste. Horrez gain, salmentak, adimen artifiziala edo tresna digitalak bezalako esparruetan sakontzeko tailerrak eskaintzen dira aldizka.
Bestalde, bi “premium” programa daude aurreikusita, prestakuntza eta mentoriak konbinatzen dituztenak. Martxoan eta urrian ‘Ni naiz nire CEO’ egingo da, zure nagusia izaten ikasteko trebetasun eta tresnekin. Apirilean eta urrian berriz, ‘Ekintzaileak: nola eraiki proiektu sendoak’ jardueraren txanda izango da; emakumeek ekiteko orduan dituzten erronkei berariaz zuzendutako ekintza hain zuzen.
Eskaintza osatzeko, ekintzailetza-topaketak antolatu dira hiru hilean behin, Nafarroa osoko ekintzaileen artean kontaktuak eta lankidetzak sortzeko dinamikak eta ‘networking’ak ezartzeko helburuarekin.
Ekintza horiei buruzko informazio guztia, nahiz inskripziorako sarbidea eskuragarri dago Enplegu-prestakuntzarako webgunean.
Enplegu autonomorako eta gizarte-ekonomiarako laguntzak
Enplegu autonomoa sustatzeko laguntzei dagokienez,gaur bertan NAOnargitaratzen den deialdiaren helburua da langabetuek jarduera ekonomiko, enpresarial edo profesional bat hastea langile autonomo edo norberaren konturako langile gisa, eta jarduera horri gutxienez 18 hilabetez eustea. Laguntza horietara bideratutako 2,9 milioiak 2024ko hasierako aurrekontua hirukoiztea dakar.
Ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa 2.000 eta 4.500 euro artekoa da, onuradunen arabera (oro har, 30 urtetik beherako gazteak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak, RISen hartzaileak edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak), eta 1.000 euroko laguntza gehigarria ematen da langile autonomoak 5.000 biztanletik beherako Nafarroako udalerri batean lan egiten badu.
Iaz laguntza horien 641 emakida erregistratu ziren, % 46 emakumeei, eta 1,7 milioi euroko zenbatekoa eman zitzaien. Onuradunen % 77 laneratzeko zailtasun handienak zituzten kolektiboetakoren batekoak ziren, eta alten % 30 inguru 5.000 biztanletik beherako herrietan gertatu ziren. Pertsonen % 91k beren kontura lan egiten jarraitzen zuten dirulaguntza jaso eta hamabi hilabetera.
Laguntza horiek eskatzeko epea otsailaren 4an irekiko da, eta urtarrilaren 2tik otsailaren 3ra bitartean autonomo gisa alta eman duten pertsonek 2025eko martxoaren 3ra arte (egun hori barne) izango dute horiek eskatzeko epea.
SNE-NLk eskaintzen dituen laguntzen multzoa osatzeko, Gizarte Ekonomiako enpresentzako dirulaguntzak daude-2.000 eurotik 7.000 eurora bitartekoak-, eta negozioen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko beste batzuk, kontrataziorako edo kontziliaziorako laguntzekin.