Gazteen Antzerki Topaketaren 36. edizioan parte hartzeko deialdia zabalik

0

Izena emateko epea martxoaren 9ra arte da

Donostia Gazteriak antolatuko du ekitaldia, eta Donostia Kulturaren laguntza izango du aurtengo edizioan.

Antzerki Topaketaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, nola interprete edo sortzaile izan (agertoki gainean edo atzean), hala ikusle izan. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, eta kultura-jarduerak bultzatu horrela.

Bestalde, Topaketak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu, haien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita haien kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzeko ere.

Deialdian parte hartu ahal izateko, taldeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

•Talde ez-profesionala izatea.
•Partaideen adina 14 eta 30 urte artekoa izatea.
•Lehentasuna emango zaie Donostiako ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independenteei (zentro batekin lotura ez dutenak); azken horien kasuan, taldeko partaideen %50ak, gutxienez, hirian erroldatuta egon beharko dute.
•Euskararen erabilera aintzat hartuko da.

XXXVI. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartu nahi duten taldeek eskaera inprimakia bete beharko dute, antzezlanaren argazki adierazgarri batekin batera, eta 2025eko martxoaren 9a baino lehen gazteria@donostia.eus posta elektronikora bidali.

Parte hartzeko oinarriak, izena emateko inprimakiak eta bestelako informazio gehigarria Gazteen Antzerki Topaketako webgunean egon dira eskuragarri: egin klik hemen