Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Azpeitiko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, herritarrek etxebizitza babestuak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko duten informazioa eta laguntza hobetzeko. Akordio horri esker, Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroko (Etxebide) izen-emateak modu efizienteagoan kudeatu ahal izango dira, eta pertsona interesdunek esleipen-prozesuetan parte hartzeko behar den orientazioa jaso ahal izango dutela bermatuko da.
Ildo horretan, Denis Itxaso sailburuak akordio horien garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez, «gure konpromisoa argia da: pertsona guztiek etxebizitza duin bat izateko eskubidea gauzatzeko beharrezko informazioa eta baliabideak eskura izan dezaten bermatzea». Akordio horrekin, «Azpeitiko Udala funtsezko aliatu bihurtzen da herritarrei arreta zuzena emateko, etxebizitza-zerbitzuak gehien behar dutenengana hurbilduz», gaineratu du.
Gainera, horrelako ekimenek gizartean duten eragina azpimarratu du Itxasok. «Hitzarmen honek etxebizitza eskuratzea errazteaz gain, administrazioa herritarrengana hurbiltzen du, oztopoak desagerraraziz eta zerbitzu efizienteagoa eta hurbilagoa bermatuz». Zentzu horretan, sailburuak onartu duenez, “etxebizitzen merkatuak tentsionamendu handia duen testuinguru batean, horrelako akordioak funtsezkoak dira erantzun arinak eta eraginkorrak emateko, udal-errealitatetik abiatuta”.
Urteak dira Eusko Jaurlaritza hitzarmenak sinatzen ari dela herritarrei etxebizitza babestuen eta horiekin lotutako beste zerbitzu batzuen sustapenetan izena emateari buruzko informazioa eman nahi dieten udalerriekin. 2012an, Basauriko Udalarekin sinatu zuten hitzarmena, eta 2019an Oiartzunekin eta Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziarekin lortutako hitzarmena argitaratu zen, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia udalerriak barne hartuta. Gaur egun, Bilbo, Zarautz, Urretxu, Gasteiz, Getxo eta Basauriko udalek ere formalizatu dituzte hitzarmenak.
Hitzarmen horiek babesten dituen arau-esparrua Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduan jasotzen da. Agindu horren arabera, lankidetza-hitzarmena sinatzen duten udalek Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroaren baldintzei eta funtzionamenduari buruzko beharrezko informazio guztia eman beharko diete herritarrei.
Arreta-eredu eskuragarriagoa
Hitzarmen horiek sinatzen dituzten udalerriek Etxebideren sisteman sartzeko aukera dute, eta, horri esker, beren udalerrian izena eman duten pertsonen espedienteen egoera kontsulta dezakete, zein helbide eta sustapenetan parte hartzen duten ezagutu dezakete, baita zein puntuaziorekin parte hartzen duten ere. Eskuragarri dagoen informazioa herritarrek BAKQ identifikazio-txartelarekin ikus dezaketen bera da.
2024ko apirilean, etxebizitza-eskubide subjektiboari buruzko Dekretua argitaratu zenean, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EGPO) espedienteak —lehen LANBIDEk kudeatzen zituenak— Etxebideri helarazten hasi ziren, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoan (EPE) sartzeko. Prestazio hori, subsidiarioa, mantendu egiten da eskatzaileei etxebizitza babestua esleitzen zaien bitartean.
Prozesu horretan, egoera ahulean dauden kolektiboentzako aurrez aurreko arreta indartzeko beharra identifikatu da. LANBIDEk bulegoak hainbat udalerritan dituen bitartean, Etxebideren aurrez aurreko arreta-eredua Jaurlaritzaren ZUZENEAN deitutako leihatila bakarrean oinarritzen da, eta EAEko hiru hiriburuetan du presentzia. KZ Guneen bidez asistentzia zabaltzeko aukerak aztertzen ari dira, Etxebideren izapidetze elektronikoa eskainiz.
Hurbiltasunarekiko eta irisgarritasunarekiko konpromisoa
Azpeitiko Udalarekin hitzarmena sinatzeak Etxebideren zerbitzuak udalerrietara hurbiltzeko eta interesdunei haiek eskuratzea errazteko beharrari erantzuten dio. Une honetan, antzeko hitzarmenak izapidetzen ari dira hainbat udalekin, besteak beste, Bermeo, Basauri, Urretxu, Zumaia, Gorbeialdea, Getxo, Zarautz eta Bilbokoekin, eta Azpeitia izan da izapideak amaitzen lehena.
Hitzarmenak ez dakar konpromiso ekonomikorik, baina bai herritarrentzako arreta nabarmen hobetzea. Azpeitiko Udalari aukera emango dio Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroa kudeatzeko beharrezkoak diren aplikazio informatikoetan sartzeko eta interesdunei kalitatezko informazioa emateko.
«Hori adibide argia da ikusteko administrazioek nola lagundu dezaketen inbertsio ekonomiko handiak egiteko beharrik gabe, baina pertsonen bizitzan eragin handia izanik”, baloratu du Itxasok. Halaber, ziurtatu duenez, «beste udalerri batzuekin horrelako akordioak bultzatzen jarraituko dugu, etxebizitza babestua eskuratzea eskubide erreala eta eraginkorra izan dadin Euskal Autonomia Erkidego osoan».
30 milioi euro Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikorako (EPE)
Aldi berean, Gobernu Kontseiluak 30 milioi euroko partida baimendu du Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikorako (EPE), etxebizitza duina eskuratzeko laguntza behar duten eskatzaileen kopurua handitzeari erantzuteko.
Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, «Azpeitiko Udalarekin sinatutako hitzarmen honek etxebizitza-politika irisgarri eta garden batekin dugun konpromisoa indartzen du. Pertsona guztiek etxebizitza babestu bat eskuratzeko aukera modu erraz eta eraginkorrean kudeatzeko beharrezko laguntza izango dutela bermatu nahi dugu». Halaber, EPEn inbertitzeak duen garrantzia azpimarratu du: «Etxebizitza eskuragarria izateko beharra lehentasuna da, eta baliabideak eskurago izate horrek aukera emango die alokairua ordaintzeko laguntza horren mende dauden familia gehiagori arreta emateko».