Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosa izan da gaur goizean Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin den Migrazio eta Asilo Euskal Foroaren Osoko Bilkurako buru. Osoko bilkura, gainera, Eusko Jaurlaritzako Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendari berri Ignacio Fariñaren lehen ekitaldia izan da, atzo bere kargua hartu ondoren.
Foro hau ofizialki 2023an sortu zen, eta 2002tik Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroak egiten zuen lana osatu eta berritu du. Migrazio eta Asilo Euskal Foroa osatzen duten ehun pertsona inguru bildu dira gaur Osoko Bilkuran.
Foroaren izena aldatzeaz gain, iaz beste bi lan-batzorde jarri ziren abian, jada erabat operatiboak: Asiloarena eta Euskara eta Hizkuntza-aniztasunarena. Era berean, 10 lan-batzordeak sartzeko prozesua sinplifikatu zen, migrazioen eta aniztasunaren esparruan lan egiten duten gizarte-eragile eta -erakundeen partaidetza eta ordezkaritza handiagoa izateko. «Horren guztiaren isla izan da iaz hainbat erakunde sartu izana Foroko batzordeetan», Melgosa sailburuak azaldu duenez.
Gaurko bileran, joan den 2024an batzorde bakoitzak egin zuen lana aurkezteaz gain, 2022-2025eko Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Planaren jarraipena aurkeztu da. Dokumentuak sustatzen dituen 113 ekintzetatik (103 hasierakoak eta 10 geroago gehitutakoak), 76 dagoeneko garatuta daude (% 67,26 dira) eta 23 garapen-prozesuan daude (% 20,35 dira). Hori dela eta, hamar ekintzatik bederatzi osorik garatuta edo garatze-prozesuan daude, Plana amaitzeko urtebete falta denean.
Gainera, Ikuspegik (Immigrazioaren Euskal Behatokia) Asoziazionismoa eta Migrazioa Euskadin proiektuaren laburpena aurkeztu die gaur Foroko ordezkariei EAEko hiriburuan. Proiektu hori prestatzen Foroko zenbait batzordek lagundu dute, eta laster publikoa izango da.
Foroaren lana
Migrazio eta Asilo Euskal Foroa funtsezko tresna da gizarteratzea eta integrazioa bermatuko duten neurriak detektatu, aztertu eta proposatzeko. Horretarako, foroa gune anitza da, eta hainbat administrazio, gobernuz kanpoko erakunde, jatorri desberdineko pertsonen elkarte, sindikatu eta enpresarien ahotsak batzen dira bertan. Gizarte zibila indartzen laguntzeko helburuarekin egiten dute, eta lan-, hezkuntza-, gizarte– eta partaidetza-arloetan herritarren integrazioa sustatzeko helburu komunarekin.
Gaur Lakuan egindako Osoko Bilkuran, batzordeek egindako lanaren berri eman da. Gaur egun 10 batzorde dira: Lan Batzordea; Etxebizitza eta Gizarte Baliabideak; Harrera eta Bizikidetza; Parte-hartzea, Kultura eta Sentsibilizazioa; Berdintasuna; Osasuna; Berme Juridikoak; Hezkuntza; Asiloa; eta Euskara eta Hizkuntza-aniztasuna. Batzorde bakoitzak labur azaldu du joan den 2024an egindako lana.
- Lan Batzordea: honako esparru hauek aztertu eta ebaluatu ditu: prestakuntzarako sustraitzeagatiko bizileku-baimenaren figura berria; Euskolanbide proiektua; eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren aldaketaren aplikazioa, lanekoak ez diren praktikei alta ematera behartzen duena. Era berean, Osalanekin (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) etxeko langileentzako laneko arriskuen prebentzioan lan egiten hasi dira, infografia bat egiteko eta ondoren zabaltzeko helburuarekin.
- Baliabide Sozial eta Etxebizitza Batzordea: 2024an, hiru prestakuntza-tailer egin zituen Behatuz Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiarekin batera. Lankidetza horrek 2025ean jarraituko du. Gainera, lankidetza estua sustatu du Etxebizitza eta Hiri Agenda sailarekin, eta lankidetza horri jarraipena eman nahi dio.
- Harrera eta Bizikidetza Batzordea: Batzorde horrek, EUDELekin eta Eusko Jaurlaritzarekin berarekin batera, Biltzenen (Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua) eskutik, Harrera Ehundu, tokiko politikak diseinatzeko eskuliburua argitaratzen lagundu du.
- Asilo Batzordea: Batzorde honek errefuxiatuak kontratatzeari buruzko triptiko bat zabaldu du sindikatuen, enpresaburuen elkarteen, klusterren eta garapen-agentzien artean. Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonek Polizia Nazionalarekin egiten diren hitzorduetara iristeko duten oztopoei buruzko azterketa bat ere egin du, eta Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzari bidali dio.
- Euskara eta Hizkuntza-aniztasun Batzordea: Euskara aurkezteko material bat prestatu du, eta euskarak erakunde, entitate edo elkarteekiko edozein prozesutan duen presentziaz kontzientziatzeko lan egin du. Era berean, euskara-batzordearekin lankidetzan aritzeko moduak bilatzen eta Foroan bertan hizkuntzaren erabileraz kontzientziatzen hasi dira.
- Herritar Parte-hartzea, Kultura eta Sentsibilizazio Batzordea. Migratutako pertsonen kultur jarduerak Kulturklik agendan integratzen aurrera egin du, kulturartekotasuna lortzeko; eta, horretarako, webinar-en hiru saio antolatu ditu, berrogeita hamar pertsonak parte hartuz bertan. Batzorde honek Ikuspegirekin eta Biltzenekin ere lan egin du hainbat arlotan.
- Berdintasun Batzordea: “Orientaciones para una atención integral a mujeres migradas desde una perspectiva de género interseccional” izeneko dokumentua prestatu du.
- Osasun Batzordea: Azterketa bat egin du emakume migratuen artean haurdunaldien borondatezko etenduren prebalentzia handienaren kausen inguruan; eta migratzaileak EAEko osasun-sisteman sartzeari buruzko diptikoaren bertsio berri bat egin du.
- Berme Juridikoen Batzordea. Oinarrizko Ordainketa Kontua landu du, eta bereizi egin ditu oinarrizko kontura sartzeko kasuak eta, oro har, kontuak blokeatzeko kasuak. Arlo horretan, lan-esparru bat sustatzen saiatu dira hainbat eragilerekin: Lanbide, Eudel eta Kontsumobide. Ildo horretan, 2025ean Banco de Españak Bilbon duen sukurtsalarekin jardunaldi bat antolatzeko aukera aztertu dute. Era berean, Unibertsitatez Kanpoko Beken eta Unibertsitate Beken jarraipena egin dute, eta migratutako biztanlerian duten eragina aztertu dute. 2024ko azaroaren 20an argitaratutako Atzerritartasun Erregelamendu berria ere aztertu dute, aurtengo maiatzaren 20an indarrean sartuko dena.
- Hezkuntza Batzordea: 2024an, Helduen Hezkuntzako Ikastetxeek (HHI) migratutako helduen artean duten zeregina aztertu dute. Batzorde honek proposatuta, lortu da 2024ko Hizkuntza Eskola Ofizialetan matrikulatzeko Aginduan ANArik indarrean ez duten pertsonek HIArekin (Hezkuntzako Identifikazio Agiria) matrikulatu ahal izatea.
Migrazio eta Asilo Euskal Foroak webgune bat du, eta bertan batzordeen informazio guztia eskura daiteke, orria herritarrei irekita baitago. Helbide honetan eskura daiteke: www.euskadi.eus/foro-migracion-asilo y www.euskadi.eus/migrazio-asilo-foroa.
Gainera, X sare sozialean profil bat sortu berri du, eta laster Foroa beste plataforma batzuen bidez zabaltzeko lanarekin jarraitzea aurreikusten da.