Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Kanpo Ekintzaren, Europako proiektuen eta atzerrian bizi diren komunitateekiko harremanen arloko erronkak partekatzen dituzte

0

Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiak eta Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara sailburuak nazioarteko lankidetzako erakundeen barruan partekatzen dituzten guneak eta erakundeak aztertu dituzte Gasteizen.

Topaketan sinergiak eta informazio-trukeak aztertu dira partekatutako Europako erakunde eta proiektuen inguruan (Euroeskualdea, Pirinioetako Lan Elkartea, Arku Atlantikoa…), bai eta gobernu bakoitzak munduan zehar duen diasporekin dituen lan-ildoak ere.

Bi taldeek Kanpo Ekintzaren arloan bi erkidegoentzat interesgarriak diren erronkak eta lankidetza-espazioak aztertu dituzte. Horrela, topaketaren lehen zatian, Euroeskualdearekin zerikusia duten gaiak errepasatu dira, gaur egun Nafarroako Foru Komunitatea buru duen eta EAEz gain Akitania Berria biltzen duen mugaz gaindiko erakundea baita.

Arlo horretan, euroeskualdeko estrategiaren garapenaz hitz egin da, bai eta POCTEFA proiektuen deialdia lehenbailehen ebazteaz ere. Izapide-fase desberdinetan dauden Europako hainbat proiekturi dagokienez, gaika, bat etorri dira eleaniztasuna, mugaz gaindiko garraioa edo trantsizio energetikoa bezalako gai batzuen garrantzian.

Era berean, beste informazio interesgarri batzuen artean, bi gobernuek Pirinioetako Lan Erkidegoari (PLE) edo Arku Atlantikoaren Batzordeari buruz dituzten ikuspuntuak partekatu dira, eta Makroeskualde Atlantiko baten alde daudela adierazi dute. Azken helburu hori askotan nabarmendu du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi isolatuta utz dezakeen egungo joeraz ohartarazteko. «Atlantikoa indartzeko estrategia sendo bat garatzen ez badugu, periferian geratzeko arriskua dugu. Eta ezin dugu hori onartu «, defendatu du azken mintzaldietan.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ander Caballeroz gain, Asier Areitio Kanpo Harremanetarako eta Erakunde Multilateraletako zuzendaria eta Mikel Antón Europako Gaietarako zuzendaria izan dira. Nafarroako ordezkaritza, berriz, Ana Ollok, Sergio Pérez García Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak eta Iñaki Martínez de Vírgala Zerbitzu zuzendariak (Eskualdeen arteko Lankidetza eta Kanpo Herritartasuna) eta Silvia Ojer Europako Proiektuen Bulegoko kideak osatu dute.