Euskal Autonomia Erkidegoak 2007az geroztik alokairuko etxebizitza babestuen kopururik handiena lortu du 2024an

0
  • Datu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren lidergoa indartzen du, 2014-2023 aldian Estatu osoko alokairu babestuko etxebizitza guztien % 23 izanik
  • «Datu itxaropentsuak dira, alokairu babestuaren arloan biltzen dugunaren ia bikoitza ereiten dugulako, baina gehiago egin behar dugu etxebizitzaren merkatuak bizi duen tentsioa arintzeko», nabarmendu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok.

Euskal Autonomia Erkidegoak zifra historikoa lortu du alokairuko etxebizitza babestuen sustapenean 2024an, 1.128 unitate hasi baitira guztira. Datu hori erregistrorik onena da 2007az geroztik, erregimen horretan 1.381 etxebizitza hasi zituztenean, higiezinen krisia sortu aurretik. Zifra hori testuinguruan jartzeko, 2007an 15.544 etxebizitza eraiki ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 2024an, berriz, 4.865, urte horretako 3. hiruhilekora arteko etxebizitza libreen datuekin.

Hala adierazten du gaur goizean Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako txostenak. Bertan, azpimarratzekoa da etxebizitza babestuen alokairu-ehunekoa guztizkoaren % 31tik % 56ra igo dela, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskuratzeko eredu orekatuago eta irisgarriago batekin duen konpromisoa sendotuz. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikitako etxebizitza babestu eta libre guztiak erreferentziatzat hartuz gero, alokairu babestua % 9 zen 2007an, eta gaur egun % 29tik gorakoa da.

«Datu itxaropentsuak dira, alokairu babestuaren arloan biltzen dugunaren ia bikoitza ereiten dugulako, baina gehiago egin behar dugu etxebizitzaren merkatuak bizi duen tentsioa arintzeko», nabarmendu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok. Haren arabera, «2024. urteak inflexio-puntua markatu du gure etxebizitza-politikan», alokairuko etxebizitzen batez bestekoa nabarmen bikoizten baitu 2009tik gaur egunera doan seriean. «Izan ere, 16 urtetan 7.531 etxebizitza babestu hasi dira alokairuan, urtean 470 batez beste», gaineratu du Itxasok. Ildo horretan, «baliabideak bideratzen direnean eta erreformak egiten direnean, etxebizitzaren arazoak soluzioa duela erakusten du horrek», azpimarratu du.

2024an 2.000 etxebizitza babestu baino gehiago hasi ziren

2024ko ekitaldia ere nabarmena izan da, oro har, etxebizitza babestuei dagokienez: 2.005 unitate hasi dituzte, erosketa-erregimenean dauden 877ak barne hartuta (udal-etxebizitza tasatuak eta ekimen pribatukoak). 2011. urteaz geroztik datu onena da, 2022. urtea salbuetsita; orduan 2.348 etxebizitza izan ziren, pandemiaren etenaldiaren ondoren. Hasitako etxebizitza babestu guztietatik, 816 ekimen publikokoak izan dira, eta 1.189 ekimen pribatukoak. Horrek erakusten du sektore publikoak eta pribatuak arrazoizko kostuko etxebizitza-ekoizpenean duten konpromisoa.

Datu horiek berresten dute Euskal Autonomia Erkidegoa erreferentzia dela Estatuko etxebizitza babestuen arloan. 2023an, Espainian hasitako etxebizitza babestuen % 15,9 Euskal Autonomia Erkidegoan kokatu ziren, nahiz eta erkidego honetan biztanleria osoaren % 4,6 baino ez den bizi. 1.000 biztanleko hasitako etxebizitza babestuen ratioa 0,89koa izan zen; ratio hori Nafarroak bakarrik gainditu du (1,08), eta Kataluniak (0,44), Madrilek (0,27) eta Estatuko batez bestekoak (0,26) baino askoz handiagoa da. Alokairu-erregimenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatu osoko alokairu babestuaren % 23 ordezkatu zuen 2014-2023 aldian.

«Euskal Autonomia Erkidegoak erreferente izaten jarraitzen du etxebizitza-politiketan, eta hori ekintzekin frogatzen dugu. Beste autonomia-erkidego batzuk hasi dira hemen urteak daramatzagun neurriak hartzen, hala nola, kalifikazio iraunkorra eta alokairua lehenestea. Esparru honetan dugun lidergoa argia da eta zifra irmoek babesten gaituzte», azpimarratu du Itxasok.

Egonkortasunaren erronka etxebizitzaren merkatuan

Etxebizitza babestuen sustapenaz gain, amaitutako etxebizitzen datuek ere hazkunde iraunkorra islatzen dute. 2024an, 1.956 etxebizitza babestu amaitu ziren, 2016az geroztik izandako zifrarik handiena, eta horietatik 533 alokairu-erregimenean. Sailburuaren hitzetan, «ikusten dugu alokairurako amaitutako etxebizitzen kopurua dela erregistrorik onena hamar urtean, baina hasitakoen guztizko kopurua baino txikiagoa da, eta horrek adierazten du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak konpromiso irmoa duela Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen sustapenean erritmo berri bat ezartzeko». Azkenik, Itxasok nabarmendu duenez, «joera horrek gure Gobernu Programan agertzen diren 7.000 etxebizitza eskaintzea betetzera hurbiltzen gaitu».

Bultzada horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoak etxebizitza-politiketan bete beharreko eredu gisa sendotzen jarraitzen du, eta erakusten du posible dela merkatu bidezkoago eta orekatuago baterantz aurrera egitea.

Sailburuaren hitzaldi osoa.