Bingen Zupiriak Euskadin jokoa aztertzeak duen garrantzia nabarmendu du, joko problematikoa prebenitzera bideratutako politika publikoak garatzeko

0

Bingen Zupiria Segurtasuneko Sailburuak, Estitxu Garai UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordearekin eta Aitor Uriarte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendariarekin batera, Jokoaren Euskal Behatokiak, otsailaren 17an ospatzen den “Joko Arduratsuaren Nazioarteko Eguna” dela-eta, joko arduratsuaren inguruan antolatu duen “Jokoaren sozializazioa Euskadin” jardunaldia inauguratu du.

Jardunaldian, Jonatan García UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle laguntzaile eta ikertzaileak Jokoaren Euskal Behatokiak egindako azken txostena aurkeztu du: Jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin. Euskadiko jokoaren errealitate sozialaren erradiografia eskaintzen duen txosten horretan nabarmentzen da alde esanguratsuak daudela jokalarien sexuaren, adinaren eta maila sozioekonomikoaren arabera, bai eta online jokoak gazteen artean duen gero eta garrantzi handiagoa ere.

Jardunaldi berean, Patricia Martínez Redondok, adikzioei eta generoari buruzko azterlanetan aditua den antropologo sozialak, “Sozializazioa ausazko jokoetan” izeneko hitzaldian aztertu du herritarrek nola elkarreragiten duten jokoarekin beren egunerokotasunean eta horrek zer arrisku izan ditzakeen. Jarraian, joko-politiketan adituak diren teknikariek, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzako Beatriz Anituak, Arabako Foru Aldundiko María del Mar Lamikizek, Donostiako Udaleko Estíbaliz Urreagak eta Portugaleteko Udaleko Saray Muñozek, mahai-inguru batean eztabaidatu dute jokoaren egoeraz erakundeen ikuspegitik.

Bere esku-hartzean, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela jokoak Euskadin duen egoera aztertzea eta ebaluatzea, “jokoari buruzko ikuspegi zabala izateko eta politika publiko egokiak eta eraginkorrak gauzatu ahal izateko. Politika publikoak joko problematikoa, edo baita joko patologikoa ere, prebenitzera eta eragoztera bideratu behar dira”.

EUSKADIKO JOKOAREN EGOERARI BURUZKO TXOSTENA

Jokoaren Euskal Behatokiak gaurko jardunaldian aurkeztu duen azterlan berriak egiaztatzen du euskal gizartean jokoak duen presentzia handia. Bildutako datuen arabera, biztanleriaren % 92,8k noizbait jokatu du bere bizitzan, eta % 85,8k, berriz, azken urtean jokatu du.

Aurreko azterlanarekin alderatuta izandako igoera esanguratsu hori (2020an % 70,5), neurri handi batean, Gabonetako eta Erregetako loteriak ausazko jokotzat hartzearen ondorio da, lehen modalitate hori ez baitzen halakotzat hartzen. Horrela, Loteria Nazionalaren zozketa bereziak (% 92,2), primitiva (% 37) eta ONCEren kupoia (% 16,6) jokoan parte-hartzearen lehen postuetan daude, gainerako joko-tipologietatik urrun. (9. orrialdea. 1. grafikoa).

  • Jokalarien profila: generoen arteko aldea

Txostenak azpimarratzen du, bestalde, ausazko jokoetako parte-hartzea nabarmen aldatzen dela generoaren arabera. Gizonek eta emakumeek antzeko proportzioan jokatzen duten arren, joko-mota gustukoenak eta jokatzeko arrazoiak oso desberdinak dira.

Gizonek, gehienbat, kirol-apustuak, kinielak eta txanpon-makinak aukeratzen dituzte, bai aurrez aurre bai online. Zehazki, kirol-apustuak argi eta garbi maskulinizatuta daude: gizonen % 9,8k parte hartzen dute apustu horietan modu presentzialean, emakumeen kasuan % 2,8k baino ez. Online bertsioan, gizonen % 2,2k jokatzen dute, eta kategoria horretan ez da emakumeen presentziarik erregistratu.

Aitzitik, emakumeek nahiago dituzte joko tradizionalagoak eta gizartearen ikuspegitik onartuta daudenak, hala nola Loteria Nazionalaren zozketa bereziak, eta modalitate horretan gizonak baino gehiago dira.  Gainera, gizonek bakarka jokatzen dute gehienbat (% 42,7), eta emakumeek, berriz, nahiago dute familiartekoekin jokatu (% 38,2).

  • Maila sozioekonomikoaren eragina

Txostenak azpimarratzen du, halaber, goi-mailako ikasketak dituzten pertsonek dituztela joko problematikoan indizerik baxuenak, eta % 0,3 bakarrik daude arriskuan. Aitzitik, oinarrizko ikasketak dituztenen joko patologiko larriaren tasa batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta % 1,5era iristen da. Datu horiek adierazten dute hezkuntza-maila faktore babeslea izan daitekeela; izan ere, prestakuntza handiagoa duten pertsonak, badirudi, jokoaren arriskuez gehiago jabetzen direla eta parte hartzeko ohiturak hobeto kudeatzen dituztela.

  • Nola jokatzen du belaunaldi bakoitzak?

Ikerketak online jokoaren gorakada jarri du agerian, batez ere gazteen artean; eta 45 urtetik gorakoen artean joko presentziala da nagusi oraindik ere.

Gazteen artean jokorik ohikoenak kirol-apustuak dira (% 37,1 modu presentzialean eta % 9,7 online), eta jarraian bingoak (% 22,6 modu presentzialean eta % 1,6 online) eta kasinoak (% 17,7 modu presentzialean eta % 6,3 online), baina loteria bereziek ere bere garrantzia dute Gabon garaian (% 48,4).  Helduen kasuan, ONCEren kupoia eta loteriak dira jokorik ohikoenak. (16. orrialdea. 1. taula).

Jokatzeko arrazoiei dagokienez, gazteek dibertsioa aipatzen dute gehienbat (% 32,3), eta 65 urtetik gorakoen artean faktore nagusia tradizioa da (% 54,1).

Era berean, txostenak adierazten du joko-aretoetarako sarbideak kontrolatzeko neurri berriek moteldu egin dutela jokoan hasteko adina. 2020an, 18 urte bete aurretik jokoan hasi ziren pertsonak % 25 ziren, eta gaur egun, zifra hori % 17,1era jaitsi da joko presentzialean eta % 20,6ra online jokoan.

  • Joko problematikoa: Zenbat pertsona daude arriskuan Euskadin?

Azterlanak jokoaren problematikari ere heltzen dio osasun publikoaren ikuspegitik. Horretarako, DSM-V eskala, jokoarekiko adikzioa ebaluatzeko nazioarteko estandarra, erabili da. Emaitzen arabera, Euskadiko biztanleriaren % 1,5 egon liteke joko problematikoaren faseetako batean. Talde horretan, % 0,8 joko patologikoaren egoeran (arina, moderatua edo larria) dago, eta beste % 0,7 arazoak garatzeko arriskuan.

Termino absolutuetan, uste da Euskadin 28.000 pertsona inguruk dutela jokoaren nahasmendu-graduren bat, nahiz eta horietatik 2.000 bakarrik dauden egoera larrian.

Gainera, azterlanak agerian jartzen du biztanleriaren % 7,5ek ezagutzen duela jokoarekin arazoak izan dituen norbait, eta ehuneko hori % 16,7ra igotzen da gertuko inguruneaz galdetzen denean.

Ondorioa: etengabeko erronka

Jokoaren Euskal Behatokiaren txostenak argi uzten du jokoa oso hedatuta dagoela Euskadin, eta pertsona gehienek arduraz jokatzen badute ere, sozialki onargarria den eskaintza sustatuko duten politikak aplikatzen jarraitu behar dela. Horixe adierazi du Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak: “egoeraren berri izateak behar diren politika publikoak hobetzen eta indartzen lagunduko digu. Gure erantzukizuna baita. Erakundeona, bai; baina baita gizarte osoarena ere. Euskadin heziketa, erregulazioa eta jokoaren joeren etengabeko jarraipena uztartzen dituen ikuspegi integralarekin jarraituko dugu lanean, helburu argi batekin: jokoaren nahasmenduari aurrea hartzea”.