Umbra Light Festival jaialdiak Gasteiz argiz eta artez beteko du ostiraletik aurrera

0

Umbra Light argiaren Gasteizko jaialdiaren laugarren edizioa datorren ostiralean, otsailak 14, hasiko da. «Artea bakea da» da aurtengo leloa, eta 21 instalazio eta proiekzioek osatuko dute hiriko plaza, lorategi eta eraikinak argiz eta artez beteko dituen ibilbide ikusgarria. Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak arratsaldeko 7etan egingo du piztea Espainia plazan.

Ibilbide horretan, Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Alemaniako, Herbehereetako, Italiako, Koreako, Argentinako eta Australiako berrogei artista eta kolektibo inguruk Gasteizko kaleak, plazak eta eraikin enblematikoak museo iragankor bihurtuko dituzte hiru egunez. Arabarrek eta bisitariek ostiraleko, larunbateko eta igandeko 19:00etatik 23:00etara bitartean gozatu ahal izango dute jaialdia.

Umbra Light jaialdia ARGIA 3 kultura elkarteak antolatzen du, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin eta sustapenarekin, eta hiru edizio soilik egin diren arren –2019ko otsailean, 2021eko azaroan eta 2023ko otsailean–, estatuko eta nazioarteko erreferente bihurtu da argi artearen eta argiztapen jaialdien arlo esperimental, teknologiko eta sozialean.

Edizio honen ibilbideak Erdi Aroko Almendrako, zabalguneko eta Lovainako plazak, eraikinak eta espazio esanguratsuak ditu protagonista, baina Koroatze, San Martin eta Anglo auzoetara ere zabalduko da, arte bisual eta digitaleko adierazpenak, hiriko espazioko esku hartzeak eta teknologia berrien erabilera barne hartzen dituen mosaiko bat sortuz. Lanek argi ikuskizun harrigarriak eskainiko dituzte, eta behatzera eta gogoeta egitera gonbidatuko gaituzte.

Lanetako batek laugarren edizio honen leloa du; hau da, ARTEA BAKEA DA, zeina Goiuri Jauregiaren fatxadan erakutsiko baita. Jon Fosse Literaturako Nobel sariaren testu batean inspiratutako mezu horrek islatzen duena da arteak zer nolako ahalmena duen harmonia eta konexioa sortzeko, eta kulturaren, artearen eta bakearen batasuna sinbolizatzen du. Horrela, Umbra Light Festival Gasteiz jaialdiak artearen izaera soziala eta hark pertsonak batzeko duen gaitasuna azpimarratu nahi ditu.

Mezu hori izango da, halaber, Juan Gómez-Cornejoren BAKE KANPAIAK instalazioaren elementu nagusia. Instalazio horrek Santa Maria Katedraleko kanpandorreak eta Done Mikel eta Done Bikendi elizak lotuko ditu argi sorten bidez. Lotura erreal eta sinboliko bat da, zeinak, denboraren igarotzea markatuz, ikusleei gogoraraziko baitie arteak, bere adierazpen gorenean, pertsonak bakerantz bidera ditzakeela.

Umbra Light Festival jaialdiaren ibilbidean zehar, gasteiztarrek eta bisitariek argi artearen hainbat lan ikusteaz gain, haietaz gozatu ahal izango dute, eta gizartearen orainari eta etorkizunari buruz hausnartzera gonbidatuko dute, bai eta gaurkotasuneko zenbait gairi buruz ere, hala nola etorkizuneko hiriak, klima aldaketa eta gizateriaren erronka premiazkoenak.

Adibidez, ORDUAN? lanak, egileak Matthias Daenschel eta Max Knoth direlarik. Plaza Berrian jarriko diren adimen artifizialaren bidez sortutako hiri futuristen irudiak ditu, eta haiek XXI. mendeko hiriek izan dezaketen garapena aztertzen dute, hainbat alderdi kontuan hartuta, hala nola gizarte harremanak, planeta berotzea, energia elektrikoa sortzea eta mugikortasun jasangarria.

Tokiko artistak

1.5 GRADU, Eyesberg Estudiorena. José Vaaliña argentinarraren zuzendaritzapean, Eskoriatza Eskibel Jauregiaren ondoan dagoen harresian aurkeztuko du argiz eta musikaz betetako iceberg handi baten bideo mapping txundigarria. Izenburuak klima aldaketari buruzko Parisko Akordioari erreferentzia egiten dio. Horren arabera, tenperatura igoera hori XXI. mendearen amaierarako atalase kritiko bat da, eta hortik harago, ondorioak, besteak beste glaziarren desagerpena, giza bizitzarako eta ekosistemetarako suntsitzaileak izango dira.

Santa Maria Katedralean jarriko den RANGE IN BETWEEN instalazioak genero kontzeptua aztertuko du. Jou Serra argiztatzaile eta artista bisualak sortu du, eta lan horrek binarismoa zalantzan jartzen du, argia eta materia modu berritzailean batzen dituen dramaturgia koreografiko baten bidez.

Gerrek astindutako mundu honetako giza balioak eta bakea beste pieza batzuetan islatzen dira, hala nola Alejandra Bueno Gasteizko artistaren GERRA ETA BAKEAn, zeina Francisco Juan Aiala plazan egongo baita. Lan horretan, Girbau artistaren zutabeetako batek, zeina pantaila bihurtuko baita, bi indar boteretsu hauek kontrastatzen dituzten elementu bisual batzuk proiektatuko ditu: sorkuntza (bakeak irudikatuko du), eta suntsipena (gerrak sinbolizatuko du).

Bestalde, San Martin auzoko Abendaño kalean dagoen Argia_3 Lab-eko ENPATIAk bakea sustatzen duten balioekin jaialdiak duen konpromisoa islatuko du; Inwo Smart AV & Pixel-On-en BAKE MARRAK lanean, berriz, zeina Artium Museoan proiektatutako baita, bisitari bakoitzak aukera izango du argiaren bidez bakeaz duen ikuspegia islatzeko, obran aktiboki parte hartuz.

Beste instalazio batzuek euskal kulturaren alderdietan sakonduko dute, hala nola Álvaro Luna bideo eszenako diseinatzaile eta Luis Miguel Cobo musikariarenak. Haiek IZARO aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean. Lan horretan, arkitekturak, eskulturak, argazkigintzak, bideo sorkuntzak eta dantzak bat egiten dute kontzeptu eta ideiei buruz hausnartzeko, hala nola identitateari, naturari, mitoari, historiari, arteari eta teknologiari buruz.

Joan Rodonek eta Emilio Valenzuelak osatutako dLux.Pro kolektiboaren PILOTARI ikus-entzunezko proposamenak emakumezko pilotariak aldarrikatuko ditu Foru Plazako pilotalekuan, eta genero estereotipoei aurre egingo die, apurtzen eta erortzen diren hormen irudien bidez.

Pieza batzuek argiarekin, kolorearekin eta soinuarekin esperimentatuko dute espazioa eraldatzeko: Julien Menzel-en ECHO, Prado parkean; UN OISEAU DE PASSAGE, Luminariste bikotearen txori magiko baten eskultura monumentala, Frai Francisco Vitoria ibilbidean, eta Tae Gon Kim artista bisualaren DRESSES, zeinak Zulueta Jauregiko lorategietan adieraziko baitu maitale batekin bat egiteko desioa, zuntz optikozko hariz eginiko jantzi bitxien bidez irudikatua.

Nicky Assmann eta Joris Strijbos herbeheretarren PARALLEL STRATA argi eta soinu instalazio zinetiko bat da. Eskultura monumentalak izango ditu, argi estroboskopiko birakaria eta itzalen jokoak konbinatuz. Josep Poblet-ek LUX DOMUS jarriko du katedral berrian; Ivo Schoofs eta Pepe Heijnen-ek (Kinetic Humor), berriz, teknologia eta artea bat egiteko duten grina partekatuko dute LARGE PENDULUM WAVErekin, Probintzia plazan.

Falerinako lorategiak, halaber, Umbra Light Festival jaialdiaren laugarren edizioan egingo den ibilbidearen parte izango dira, Amigo&Amigo-ren AFFINITYrekin, zeina oroitzapena sinbolizatzen duten argi esferen instalazio interaktibo eta murgiltzailea baita. Bestalde, HIGHLIGHTen, Inzist artista italiarrak laserrak erabiliko ditu Bibat Museoa hartzen duen Bendaña Jauregia argi paisaia  iragankorretan bihurtzeko.

Bestalde, David Alcorta artista gasteiztarrak esku hartze bat egingo du Aldabe gizarte etxearen fatxadan. Bertan, Piko Zulueta eta Koldo Mendano tokiko argazkilarien 25 argazki eraldatu egingo dira argiaren bidez SEKUENTZIAL izeneko lanean, argazkia eta argia konbinatuta esperientzia bisual ezezagun batean.

Ordutegia eta APPa

Jaialdia otsailaren 14an (ostirala), 15ean (larunbata) eta 16an (igandea) egingo da, 19:00etatik 23:00etara, baina bi lanek ordutegi zabalagoa izango dute: Maxime Houot – Collectif Coin eta O de Tiler Gab-en ATARAXIE erakusketak (Europa Biltzar Jauregian egongo dira), 16:30etik 23:00etara bitartean egongo dira zabalik, eta bisitariek aukera izango dute proposamen artistiko horiek aztertzeko, ilundu arte itxaron beharrik gabe.

Umbra Light Festival jaialdiak, berrikuntza gisa, gailu mugikorretarako aplikazio bat eskainiko du edizio honetan, bisitariei esperientzia arinagoa eta osoagoa emateko pentsatua. Hala, tresna digital horri esker, bertaratuek erraz eskuratu ahal izango dute informazio praktiko guztia ekitaldiaz gozatzeko (ibilbidea, instalazioen deskribapena eta kokapena, ordutegiak, etab.), eta horrek aberastu egingo du haien esperientzia.

APPa modu errazean deskarga daiteke, Umbra Light Festival jaialdiko komunikazio euskarri eta elementu guztietan eta umbrafestival.com web orrian eskuragarri dagoen QR kodea eskaneatuz. Aplikazioak bi atal nagusi ditu: jarduerak eta ordutegiak jasotzen dituen programa, eta mapa interaktibo bat, instalazio guztiak kokatzeaz gain, ibilbidea errazten duena erabiltzailearen kokapena oinarri hartuta.

Umbra Light Festival kultura ekitaldi handi gisa finkatu da; 2023ko azken edizioan 100.000 ikusle baino gehiago erakarri zituen, eta Gasteizko hotelen okupazioa % 95etik gora igotzea lortu zuen. Horrela, euskal hiriburuak estatuko eta nazioarteko erreferente izatea lortu du Light Art-aren munduko eta argiztapen jaialdietako arlo esperimental, teknologiko eta sozialean.

Umbra Light Festival jaialdiaren erakargarritasuna, oihartzuna eta konpromiso soziala handituz joan dira estreinatu zenetik. Lehenengo edizioaren leloa «Argiaren urbanismoak, hiri paisaia berriak» izan zen, eta hiriko paisaiaren begirada desberdin eta harrigarriak erakutsi zituen; bigarrenak, berriz, gizakiak ingurumenean duen eragina nabarmendu zuen, NBEren GJHen zabalkundearen bidez, eta «Enpatia» izan zen 2023ko hirugarren edizioaren leloa.

Umbra Light Festival jaialdia ARGIA 3 kultura elkarteak antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatzen dute, bai eta beste erakunde batzuek ere, hala nola Vital Fundazioak, Eusko Legebiltzarrak eta tokiko, nazioko eta nazioarteko enpresa pribatuek.

Argibide gehiago, hemen: umbralight.com