Euskara Nafarroako gizartearen etorkizuneko balio garrantzitsu gisa nabarmendu du Ollo lehendakariordeak

0

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, haurren artean euskararen ikaskuntza sustatzeko kanpaina aurkeztu du gaur, gizarte anitz batean seme-alaba adingabeak dituzten familiei zuzenduta. Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzailearekin batera egin du. Euskara Foru Komunitateko berezko hizkuntza denez, Ollo lehendakariordeak nabarmendu nahi izan du «Nafarroako gizartean etorkizunerako balio garrantzitsua dela». Nafar gizartea gero eta anitzagoa da, eta 175.000 pertsonak baino gehiagok hitz egiten edo ulertzen dute euskara Nastaten datuen arabera.

Oraingo honetan, “Dales nuestro legado, dales euskera/ Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara”, izenburua du kanpainak, eta euskararen balio sozial eta kulturalarekiko motibazioa du abiapuntu, eta otsaileko datozen asteetan garatuko da. Bereziki, Nafarroakoa bezalako gizarte anitzeko seme-alaba gaztetxoak dituzten familiei zuzentzen da, horiei euskara balio positibo eta baliabide baliotsu eta baliagarri gisa aurkezten baitzaie adingabeei eskaintzeko.

Ekimen honetan, euskara Nafarroako berezko hizkuntza gisa definitzen da, eta erakunde publikoek, lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuak, euskara babesteko, zaintzeko eta haren iraupena bermatzeko ardura dute, eta herritarrek haren balio sozial eta kulturala ikus dezakete.

Ollo lehendakariordearen hitzetan, “hizkuntzak komunikaziorako, sozializaziorako, integraziorako, harremanetarako, afektibitateak sortzeko… elementuak dira, eta kanpaina honek Nafarroako berezko bi hizkuntzekin, gaztelaniarekin eta euskararekin, eleaniztasun goiztiarra sustatzearen garrantzia nabarmentzen du, aukera-iturri gisa. Halaber, euskara baliabide baliotsua dela adierazi du, bai nafar jatorriko biztanleentzat, bai beste lurralde batzuetatik datozen familia eta pertsonentzat, hizkuntza horiek ikastea gizarteratzeko funtsezko bidea baita haientzat.

“Errealitateak erakusten du –jarraitu du Ollo lehendakariordeak- jatorri desberdineko familietako haurrek zailtasunik gabe ikasten dutela euskara, irakasgai gisa edo irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza gisa, eta ikaskuntza hori balio erantsia da haien prestakuntzarako eta kultura-kapitalerako”.

Eleaniztasuna eta aniztasunarekiko errespetua

“Dales nuestro legado, dales euskera/ Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara”, Ollo lehendakariordearen hitzetan, «euskarak balio handia du Nafarroan hazteko eta bizitzeko, eta horren gainean aniztasunarekiko errespetua duen eleaniztasuna eraikitzeko; izan ere, herritarrak bizi diren lurralde eta gizartearekin lotu, eta gizarteratzea, kultura eta lana sustatzen ditu.

Biztanleria migratzaileari eta beste lurralde batzuetatik etorritako familiei ere zuzenduta dago. Bertan, beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten haurren protagonismoa islatzen da, hala nola arabiera, errumaniera eta bulgariera, zein hizkuntza horietan kartelen bertsioak egin diren.

Azken urteotan oso ohikoa da euskara familietan gaztetxoenen bitartez sartzea; izan ere, gurasoek oso elementu positibotzat, oparitzat eta inbertsiotzat hartu dute euskara jakitea seme-alaben etorkizunerako, eta, kasu askotan, aurreko belaunaldiek hitz egindako hizkuntza batekin berriz elkartzea ekarri du. Hala azpimarratu du Ollo lehendakariordeak: «Euskarabideak egindako beste kanpaina batzuen ildotik, gaur egungoak Nafarroako gizarteari euskararen balio sozial eta kulturala transmititzen dio eta euskararen ezagutzaren aldeko mezu positiboa zuzentzen du, gure hizkuntza belaunaldi berrientzako baliabide baliotsu eta baliozko gisa aurkeztuz».

Nafarroako gazteen % 50 inguruk ezagutzen du euskara

Bestalde, Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu duenez, gazteen % 50 inguruk euskara jakitea, oro har, «familia askorentzat euskara seme-alabentzako etorkizuneko apustua dela egiaztatzen duen datua da. Balio erantsi horren bidez, ez diote uko egin behar beste hizkuntza bat ikasteari, eta ezagutzak eta aukerak zabaldu egiten dira gazteenentzat».

Bestalde, estatistikek erakusten dute –Arakamak esan duen bezala- euskaraz dakiten nafarren artean dagoela goi-mailako ikasketak dituztenen ehunekorik handiena, eta ingelesa eta frantsesa gehiago dakitela euskara ezagutzen ez duten herritarren artean baino.

«Kasu batzuetan – azaldu du Arakamak-, seme-alabei euskara ematea berezko zerbaiten transmisioa da, familia-hizkuntzaren transmisioa. Nafarroako familia euskaldunek euskara transmititzen diete haurrei. Baina beste kasu batzuetan, nahiz eta euskaraz ez jakin, gurasoek desiragarritzat jotzen dute haurrek txikitatik jakitea hizkuntza hori, eta, eskolatzearen bidez, euskaraz goiz hitz egiten ikastea aukeratzen dute».

Era berean, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu du haurrek euskara ikasteak ekarri duela etxe askotara hizkuntza honekin izan duten lehen harremana, eta beste batzuei aukera eman diela familiako aurreko belaunaldiren batean hitz egin zen hizkuntza berreskuratzeko.

Presentzia Nafarroa osoan, bereziki 34 udalerritan

“Dales nuestro legado, dales euskera/Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara”  kanpainaren material grafikoak Euskarabidearen webgunean daude eskuragarri. Bertan, kartelak deskarga daitezkeen formatuak eskaintzen dira, bai orokorrak, bai 34 herrietakoak, nahi duen edonork eskuratu eta zabaldu dezan.

Kanpaina kartelekin, prentsa digitalarekin, tokiko aldizkariekin, irrati musikalekin, markesinekin eta mupi digitalekin zabalduko da Iruñerrian, Tafallan eta Tuteran, sare sozialetan, blog tematikoetan eta olana handi batekin Euskarabideak Iruñean duen egoitzaren fatxadan. 55.000 euroko inbertsioa du ekimen honek.

Hala, berariazko kartelak egin dira Nafarroako 34 herritarako: Ablitas, Oibar, Andosilla, Arguedas, Azagra, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Zarrakastelu, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Larraga, Lerin, Lodosa, Milagro, Murchante, Erriberri, Faltzes, Azkoien, Ribaforada, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tutera, Valtierra, Viana eta Villafranca.