Imanol Pradales lehendakaria buru izan da gaur arratsaldean Kursaalen Defentsa Industrialerako Taldearen lehen bileran, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarekin batera. Foro horrek mugarri bat ezartzen du Euskadiko industriaren gobernantza kolaboratiboan, eta erakunde arteko eta faktore anitzeko partaidetzarako gune egonkor gisa eratzen da, euskal industriak gaur egungo nazioarteko testuinguruan dituen erronkei erantzutea ahalbidetuko duten politika berritzaileak aztertu, adostu eta proposatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, merkataritza-ganberek, foru aldundiek, Confebaskek eta Euskadiko klusterren eta ekoizpen-sarearen ordezkariek hartuko dute parte Industriaren Defentsarako Taldean. Eginkizun hirukoitza izango du: muga-zergen errealitate berriari buruzko diagnostikoa partekatzea eta eragindako sektoreen jarraipena egitea; enpresei laguntzeko erabilgarri dauden tresnak, baliabideak eta politikak identifikatzea; eta testuinguru global berriaren aurrean euskal industriaren gaitasunak eta aukerak indartzea.
Hain zuzen ere, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak iragarritako muga-zergen politika berria eta politika horrek euskal industrian duen eragin zuzena lantalde berriak partekatzen duen kezka da. Horrela, Lehendakariak azpimarratu duenez, «berriro ere blokeen politika baten aurrean gaude, duela hamarkada batzuk ikusi ez zena. Zuzenean baldintzatzen gaituen politika protekzionista eta arantzelarioa. Adibide nabarmenak, hala nola automobilgintzaren, siderurgia eta metalurgiaren edo elikaduraren sektorea». Ildo horretan, Europako erakundeetan dagoen presazko zentzua aipatu du, eta nabarmendu duenez, «mundua merkataritzari eta segurtasunari dagokienez ixten ari da. Europa babestu egin behar da. Bere merkatua babesteko neurriak aktibatuko ditu. Hainbat familia politikok partekatzen duten erabakia da«.
Euskadirako Industria Plan berria
Eusko Jaurlaritzak industriarekiko konpromisoari eusten dio, eta lehentasuna ematen dio jarduera ekonomikoa, enplegua eta familien ongizatea bermatuko duten proiektu berrien garapenari. Horretarako lehen urratsa 500 milioiko pakete bat da, industria-jarduera sustatzeko, atzo Mikel Jauregi sailburuak aurkeztu zuen 2025eko Industriari Laguntzeko Planaren bidez. Helburua da sare ekonomikoa indartzea, enpresen lehiakortasuna handitzea (batez ere enpresa txiki eta ertainena), apustu teknologikoa eta berritzailea areagotzea eta deskarbonizazio-prozesuak arintzea.
Gainera, ildo horretan, Eusko Jaurlaritza lanean ari da Euskadiko Industria Plan berria definitzeko eta garatzeko. Plan honek taldearen ekarpenak bilduko ditu, eta bat egingo du Europako Batzordeak datorren otsailaren 26an aurkeztuko duen industria-estrategiarekin.
Lehendakariaren hitzetan, plan horrek aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu Estatuko Laguntzen kontzepzioan, interes komuneko Europako industria-proiektu handiak aktibatuko ditu – adibidez, mikroelektronikarekin edo energia-segurtasunarekin, mendekoak ez izateko–, eta lehengai kritikoak biltegiratzeko gordailuak sortuko ditu, hornidurarik eza saihesteko.
«Euskadik partida azkar jokatu behar du, eta taula europarrean kokatu. Gaitasunak eta aukerak ditugu. Gure Industria Plana babestu eta Europako Industria Planarekin lotu behar dugu», azpimarratu du Lehendakariak eta Herriak sektore estrategikoetan industria-muskulatura aitortua duela gogorarazi du, hala nola oinarrizko industrian eta etorkizuneko sektoreetako espezializazioan.
Imanol Pradales lehendakariak talde berriari eskatu dio «gure antenak munduan» izatea. “Ezin dugu dena Euskaditik bakarrik egin. Lankidetzaren eta batasunaren bidez bakarrik egin ahal izango diegu aurre erronkei, eta sortuko diren aukerak aprobetxatu».