BCAMen egoitzan, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin batera, Ikerbasquek 2025-2028 aldirako ezarriak dituen helburu nagusiak eman dizkie ezagutzera BERC zentroen (Basque Excellence Research Center), CIC zentroen (Ikerketa Kooperatiboko Zentroak) eta Osasun Institutuen arduradunei. Helburu horiek Plan Estrategikoan zehaztutako giltzarrizko hiru eremuen inguruan antolatu dira: ikerketa arloko talentua erakarri eta profesionalki garatzea, Zientziaren Euskal Sistema indartzea, eta zientziak gizartean duen inpaktua areagotzea.
Azken bost urteetako joerak proiektatuz eta ikerketa zientifikoaren aldeko egungo apustuari eutsiz, Euskadik orain duen posizioa hobetzeko aukera du, ikuspegi kuantitatibotik zein kualitatibotik, eta bide horretan, Ikerbasquek erraztatzailearen eginkizuna bete behar du, erakunde desberdinei beren helburuak lortzen lagunduz.
Ikerbasquek 2028an 450 ikertzaile izatea du helburu. Horretarako, 2025-2028 epealdian beste 80 pertsona kontratatuko ditu, eta horietatik gutxienez % 40 emakumeak izango dira, gizonen eta emakumeen arteko parekotasunerantz aurrera egiteko asmoz. Ikerbasqueko ikertzaileek 2.800 artikulu baino gehiago argitaratuko dituzte inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan (D1), hau da, kualifikazio handiko nazioarteko hedabide editorialetan, eta artikulu horien herena, gutxienez, BERC eta CIC zentroen ekarpena izango dira.
2025-2028 aldian 200 milioi euroko itzulkina lortzea aurreikusi da, eta horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak Ikerbasquen inbertitutako euro bakoitzeko ia bikoitza itzuliko dela zientzia-sisteman inbertitzeko, baliabideetan nahiz pertsonetan, ikertzaileek proiektuak finantzatzeko erakarritako funtsei esker. Izan ere, aurreikuspenen arabera, 2028an 2.000 pertsonak lan egingo dute Ikerbasqueko ikertzaileak buru dituzten taldeetan.
Ongizateak gero eta garrantzi handiagoa du esparru zientifikoan, izan ere, ikertzaile-komunitateak presio handiei aurre egin behar die, eta presio horiek ikertzaileen ongizate psikologikoari eragin diezaiokete. Hori dela eta, 2028rako, Ikerbasqueko langileek lan egiten duten zentroen % 100ek ongizate psikologikoko programa bat izango du ezarrita, diagnostiko psikosozial batean oinarrituta.
Zientzia-dibulgazioa eta zientzia gizartera hurbiltzea funtsezkoak dira ezagutza zientifikoa herritarren behar eta interesekin konektatzeko. Horregatik, 2028. urterako, BERC eta CIC zentroen % 100ek herritarrentzako zientzia sustatzeko estrategia bat izango du ezarrita, Ikerbasquerekin koordinatuta.
IKERBASQUEri buruz
Eusko Jaurlaritzak IKERBASQUE Euskadiko Zientzia Fundazioa bultzatu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa arloko talentuak erakarriz eta atxikiz. Hauek dira IKERBASQUEren helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak erakarriz, eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren arloko nazioarteko erreferentziatzat.