Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) bitartez, erakusketa bat inauguratu du gaur Bilboko Ercilla kalean enpresa-transmisiorako NegoziOn programa ezagutarazteko helburuarekin. Programa horri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero www.negozion.eus webgunean eskura daiteke.
Erakusketa honen helburua herritarrak negozio bideragarriak transmititzearen garrantziaz sentsibilizatzea da, hau da, denboran irauteko, diru-sarrera iraunkorrak sortzeko eta merkatuaren aldaketetara egokitzeko gaitasuna duten negozioak, horrela, Bizkaiko merkataritza- eta enpresa-sarearen jarraitutasuna eta sendotasuna bermatzen lagunduz.
Erakusketa otsailaren 23tik aurrera egongo da Ercilla kaleko oinezkoen gunean, 25. zenbakiaren parean, Meninen eskulturen ondoan. Ondoren Bizkaiko beste herri batzuetara eramango da.
Expo NegoziOn Erakusketa tamaina handiko zortzi panelek osatzen dute, non arrakastaz transmititu diren negozioen benetako adibideak aurkezten diren. Negozio horien artean, besteak beste, ehungintzako moda-denda bat, herbodietetika bat, taxi-lizentzia bat eta txakurrak zaintzeko negozio bat daude. Kasu hauek programa honen onurak jaso ditzaketen sektore eta jarduera ekonomikoen aniztasuna erakusten dute eta argi frogatzen dute NegoziOnek enpresen jarraitutasuna bermatzen laguntzen duela, bestela ixteko arriskuan egongo bailirateke, erreleborik ez dutelako.
«Negozio txiki eta ertain askok aurre egin beharreko erronkaren aurrean, NegoziOn programak enpresen transmisioa errazten du, aholkularitza espezializatua eta bideragarritasunaren ebaluazioan laguntza eskainiz. Ekimen honen bidez, negozio horiek erosi nahi dituzten ekintzaileei ere laguntza ekonomikoa ematen zaie. Erakusketa honen bidez hala NegoziOnek eskaintzen dituen aukerak nola euren enpresak laga nahi dituzten jabeei emandako babesa ikusarazi nahi ditugu eta, horrela, Bizkaiko merkataritza- eta enpresa-sarea babesten eta indartzen laguntzen dugu», adierazi du Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak.
NegoziOn 2022an abiarazi zen eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako programa aitzindaria da, enpresa eta saltoki bideragarrien transmisioa errazteko, batez ere belaunaldi-erreleborik ezaren erronkari aurre egin behar diotenen transmisioa ahalbidetzeko. Programa hau Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) bidez garatzen da, eta bere helburu nagusia euren enpresa transmititu nahi duten negozio-jabeei eta hura eskuratu nahi duten ekintzaileei tresnak, baliabideak eta aholkularitza espezializatua eskaintzea da.
Programa kaleratu zenetik NegoziOnek 177 negozio eskualdatzea lortu du. Gaur egun 116 negozio ditu eskuragarri ekintzaile berriek eros ditzaten. Arrakasta horrek programaren eraginkortasuna jasotzen du, trantsizioa arriskurik gabe egiteko behar den laguntza emateaz gain, negozio bat eskuratzen duten ekintzaileei 20.000 eurorainoko dirulaguntzak eskaintzen baitizkie. NegoziOn-ek eskura dauden negozioen bideragarritasunaren ebaluazioa ere errazten du, guztiz diruz lagundutako zerbitzua dena.
Programa enpresa bat erosi nahi duten ekintzaileek ziurgabetasun txikienarekin egin dezaten diseinatu da. DEMA Agentziaren laguntzari esker prestakuntza eta aholkularitza espezializatua jasotzen dute, eskuratu nahi duten negozioaren bezero-zorro kontsolidatua ezagutzen dute eta trantsizio-prozesu arinaren babesa dute. Gainera, NegoziOnen bidez negozio bat erostea erabakitzen dutenek enpresa transmititzen duen pertsonaren ikasketaz baliatu ahal izango dira, eta horrek enpresa-jardueraren integrazioa eta jarraitutasuna errazten ditu eta, programan parte hartzen duten enpresen errentagarritasunari eta iraunkortasunari esker, eskuratzaileek arriskuarekiko esposizio txikiagoa izatea bermatzen du.
Teresa Laespadaren hitzetan, «Honelako programak funtsezkoak dira enpresa-ekosistemako eragileen artean berrikuntza, moldagarritasuna eta lankidetza eskatzen duen testuinguru ekonomiko batean. NegoziOnekin, negozio bideragarriak ixtea saihesteaz gain, Bizkaiko sare ekonomikoa indartzen eta enplegua sortzen laguntzen ari gara».
NegoziOn programak Behargintza Sarearen lankidetza du, ekintzaileei eta negozioa transmititu nahi duten jabeei behar duten laguntza ematen dieten erakundeen multzoa.