Gobernu Kontseiluak 2025eko Hirigintza Estandarren Dekretua (HED 2025) onartu du gaur, 2012az geroztik indarrean dagoen hirigintza-araudia modernizatu eta argitzen duen funtsezko erreforma. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok ziurtatu duenez, «akordioz eta baliabidez gain, Euskal Autonomia Erkidegoak erreformak behar ditu, eta hauxe da sartu nahi dugun bat «gure helburua pertsonentzat pentsatutako hiriak eraikitzea delako —non espazioak irisgarriak, jasangarriak eta orekatuak izango diren—, eta, batez ere, udal-autonomiaren aldeko apustua egitea delako. Autonomia horren sentsibilitatea (eta bizilagunen errealitatearekiko hurbiltasuna) funtsezkoa da hirigintza-beharrak diagnostikatzeko, hirien egungo eskaerei erantzuteko eta Euskal Autonomia Erkidegoak etxebizitzaren arloan bizi duen tentsionamenduari hobeto erantzuteko».
Arau-esparru berri honen helburua gizarte- eta ingurumen-eskakizun berrietara egokitzea da, baita hirigintza-malgutasun handiagoa ematea ere, lurralde-garapen jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Agendaren printzipioekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz. Horren adibide egokia da aparkalekuaren eta mugikortasun jasangarriaren plangintzan egindako hobekuntza, aparkalekuen % 50 arte bizikletentzat izatea ahalbidetuz. Dekretuak «lurzoruaren plangintza eta kudeaketarako irizpide argi eta malguak ezartzen ditu, zuzkidura-estandarrak hirigintza-garapen bakoitzaren berezitasunetara egokitzeko aukera emanez», azpimarratu du Itxasok. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriak bizigarriagoak izatea lortu nahi da, espazio publikoak, berdeguneak eta hirigintza-zuzkidurak hobeto banatuta.
Halaber, sailburuak gaineratu du HED 2025ek «hirigintza-antolamendu inklusiboa sustatzen duela, hiri-birgaitzea eta -berroneratzea errazten duten eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien erresilientzia sustatzen duten mekanismoak gehituz, eta horrela, egungo gizarte-premietara egokituz».
Dekretu horren bidez, «aurrerapauso bat ematen dugu hirigintza-garapen bakoitzak kalitate, efizientzia eta ingurumenarekiko errespetuaren irizpideak betetzen dituela ziurtatzeko; aldi berean, araudia udalerri eta auzo bakoitzaren errealitatera egokitzea ahalbidetzen dugu, tokiko errealitatearen arabera erabaki egokienak hartzeko ahalmena emanez», azpimarratu du Itxasok, bere Sailak «hirigintza gizatiarragoarekin» duen konpromisoa erakutsiz. «Ez ditugu nahi kontrolik gabe zabaltzen diren hiriak, ondo planifikatutako inguruak baizik, etxebizitza eskuragarriak, kalitatezko berdeguneak eta XXI. mendeko eskaerei erantzungo dien hiri-eredua dituztenak. Hori da hirigintza-estandarren dekretu berriaren espiritua”, esanez amaitu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.
Hirigintza-estandarrak aplikatzeko argitasun eta malgutasun handiagoa
Itxasok azpimarratu duenez, «dekretu berriaren alderdi garrantzitsuenetako bat hirigintzako estandarren definizio zehatza eta hobetua da, termino teknikoen interpretazioan anbiguotasunak saihestuz eta haren aplikazio praktikoa erraztuz».
Funtsezko aldaketen artean sartzen dira:
- Hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko eraikigarritasuna arautzea, legeak baimendutako mugak ezarriz, garapen desordenatuak saihesteko eta horien kalkulua errazteko.
- Berdeguneen eta eremu publikoen sistema orokorra zuzkitzeko irizpide zorrotzagoak, biztanleko gutxienez 5 m² espazio libreetarako direla, eta horietatik % 50ek berdegune iragazkorra izan behar duela ziurtatuz. Halaber, tarteka beste erabilera publiko batzuk ezarri ahal izango dira, hala nola haur-jolasak, ekipamenduak edo baratze kolektiboak.
- Zuzkidura-bizitokien estandarra betetzea malgutzea, titulartasun publikoko zuzkidura edo ekipamendu komunitarioetara bideratutako lurzoruetan eta eraikinetan kokatzea ahalbidetuz.
- Zuzkidura-estandarren moldagarritasuna, horiek betetzea ahalbidetuz lurzorua lagata, azalera eraikia lagata edo lehendik dauden zuzkidurak hobetuta.
- Aparkalekuaren eta mugikortasun jasangarriaren plangintza hobetzea, plazen % 50 arte bizikletetarako erabiltzea ahalbidetuz eta ibilgailu pribatuen eta garraio alternatiboaren arteko oreka sustatuz, erabaki horretan udal-autonomia errespetatuta.
Jasangarritasunaren, inklusioaren eta hiri-berroneratzearen aldeko apustu sendoa
HED 2025ek ere neurri espezifikoak sartzen ditu hiri-birgaitzea eta -berroneratzea sustatzeko hobekuntzak behar dituzten eremuetan. Ildo horretan, zenbait estandar malgutu dira auzo eta eraikin zaharren modernizazioa errazteko, udalerriek hirigintza-zuzkiduren baldintzak ingurunearen beharren arabera egokitzeko aukera izan dezaten. “Hiri biziak nahi ditugu, denborarekin berritu eta eboluzionatuko dutenak”, azpimarratu du Itxasok. “Horregatik, eraikinak birgaitzea eta auzo historikoak hobetzea sustatzen duten neurriak txertatu ditugu, estandarrak hiri-testuinguru bakoitzera egokitzea erraztuz”, adierazi du sailburuak.
Araudi berriak hiriaren ikuspegi moderno, inklusibo eta ingurumenarekiko errespetua erakusten duenari erantzuten dio. HED 2025 onartuta, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du Hiri Agendarekin eta GJHekin duen konpromisoa, eta irizpide argiak ezartzen ditu garapen berriak jasangarriagoak eta guztiontzat eskuragarriagoak izan daitezen. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren sartuko da indarrean; une horretatik aurrera, udalek eta hirigintza-sustatzaileek estandar berrietara egokitu beharko dute plangintza- eta eraikuntza-jarduketa guztietan. Horregatik, datozen asteetan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, IVAPekin batera, hiru jardunaldi tekniko antolatuko ditu euskal hiriburuetan, araudi berria bere ezarpenean parte hartzen duten eragile guztiei hurbiltzeko.