Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “txokolateak garatzeko ahalmen handia du, eta ez bakarrik elikadurari dagokionez, baizik eta baita edari, osagarri eta gozagarri gisa ere, eta euskal gastronomiak, beraz, aukera-unibertso zabala du produktu hau erabiliz”.
Barredok Balmasedako Horkasitak Jauregian egin den Basquetxok Jaialdiaren III. edizioan esku hartu du. Bertan nabarmendu duenez, “opilgintzako eta gozogintzako produktuen, horien artean txokolatearen, erosketan, Euskadi Estatuko batez bestekoaren gainetik dago urteko kontsumoan, pertsonako 6,46 kilorekin”.
“Gaur egun, zorionez, Balmasedan, eta Enkarterri osoan, produktu honen aldeko apustu sendoa egiten da, eta helburu berriak ezarri dira produktu hori egiteko eta kontsumitzeko. BASQUETXOK – Bean to bar txokolate eta espezialitateko kafe jaialdiaren edizio hau jada sektorearen erreferentzia da Arku Atlantikoaren alde honetan”, adierazi du Amaia Barredok.
Amaia Barredo jaialdiari hasiera emateko ekitaldira bertaratu direnei zuzendu zaie, “txokolateari ‘urre beltza’ esaten diozue, eta ez zaizue arrazoirik falta: egun hauetan jendeak oro har, profesionalek eta gastronomia gozoena maite dutenek kalibratu, landu eta dastatuko dute. Ziur izan zaitezte Basquetxok Jaialdi honekin etorkizun handia eraikitzen eta prestatzen ari garela Euskadiko elikaduraren eta gastronomiaren arlo honentzat, eta horrek ongizatean eta herri gisa hazten laguntzen digu”, esan die.