«Ni feminista naiz» izango da martxoaren 8ko kanpainaren leloa, feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatzeko

0
  • Ukazio eta desinformazio olatuaren aurrean, Emakundek, hiru aldundiek eta EUDELek beharrezkotzat jotzen dute feminismoari buruzko pedagogia egitea eta berdintasun-politikei balioa ematea
  • Aurten Beiing-eko adierazpenaren 30. urteurrena eta Euskal Berdintasunerako lehen Legearen 20. urteurrena ospatzen dira

«Ni feminista naiz» da Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek bultzatzen duten martxoaren 8ko erakundeen arteko kanpainaren leloa. Goiburua «Feminismoa zurekin bat» esaldiarekin osatzen da, eta feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenei balioa eman nahi die. Honekin batera, feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan botere eraldatzailea dutela erakutsi nahi du.

Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak eta Esther Apraiz EUDELeko presidenteak.

Mundu mailan ematen ari den ultraeskuinaren erreakzio-testuinguru batean, zeinak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen duen, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duen eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituen, euskal erakundeek beharrezkoa ikusten dute feminismoaren pedagogia egitea eta nabarmentzea haren ekarpena ongizateari eta eguneroko bizitzaren hobekuntzari. Miren Elgarrestaren hitzetan, «feminismoari eta bere agendari buruzko desinformazioa, beti egon da, baina areagotu egin da azken urteotan, Interneten eta sare sozialen erabilera zabaldu denean albisteak kontsumitzeko». Nazio Batuek ere alerta horren berri ematen dute, eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da berdintasunean eta emakumeen eskubideen alde egindako lana nabarmentzea. Emakundeko zuzendariaren arabera, «feminismoak ongizateari, berdintasunari eta pertsonen eskubideei egiten dien ekarpena aitortzeko unea da, une honetan feminismoa zalantzan jartzen dutenak beren ideiak zabaltzeko bide garrantzitsuak aurkitzen ari baitira, bereziki gazteei zuzenduak».

Elgarrestaren ustez, gizarteak jakin behar du «feminismoaz ari garenean, eskubideez, askatasunaz, ongizateaz, elkartasunaz, sare eta aliantzez, demokraziaz, ahalduntzeaz, hezkuntzaz eta jakinduriaz, errespetuaz, pertsona guztientzako aukera-berdintasunaz» ari garela. Elgarrestaren iritziz, kontzeptu eta balio horiek guztiak aldarrikatzeko feminismoa berretsi behar da: «Beharrezkoa da publikoki esatea: Ni feminista naiz».

Bestalde, Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak nabarmendu duenez, feminismoak «guztiak hartzen ditu barne, berdintasunaren alde borrokatzen baitu, eta emakumeen eta gizonen helburua da». Eta aldarrikatu du kanpainaren mezuak herritarrak «ekintzara» bultzatzen dituela, «pertsona guztien eskubideak defendatzeko, batez ere historikoki isilaraziak izan direnenak».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik bat egin du berdintasunarekiko konpromisoarekin eta feminismoaren defentsarekin, gizarte askeago, bidezkoago eta demokratikoago baten funtsezko zutabe gisa. «Ezin dugu onartu diskurtso erreakzionarioek lortutako aurrerapausoak zalantzan jartzea, ezta benetako berdintasunerako bidea geldiarazten saiatzea ere», berretsi du. «Feminismoa tresnarik boteretsuena izan da eta da guztiontzat eskubideak, justizia eta aurrerapena bermatzeko. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, feminismoa aldarrikatzen dugu harrotasunez eta argitasunez».

Bere hitzaldian, Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicentek ziurtatu du feminismoa eta berdintasuna defendatzen dutenek ez dutela bakarrik sentitu behar. «Euskal gizartea feminista dela erakutsi nahi dugu. Eta gutako bakoitza garela. Feminismoaren iraganeko bideak harrotasunez betetzen gaituela eta bere orainaren eta etorkizunaren zati izan nahi dugula», gaineratu du.

Bestalde, Esther Apraiz EUDELeko presidenteak adierazi duenez, «hurbilen ditugun erakundeetatik mekanismo guztiak sustatuko ditugu gizarte berdinzaleago, anitzago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baten aldeko lanean atzerapausorik egon ez dadin. Orain, inoiz baino gehiago, diskurtso neomatxistak gelditu behar ditugu».

Beijing eta Berdintasunerako Legearen urteurrenak
Aurten, berdintasun-politikak garatzeko erabakigarriak izan diren bi mugarri ospatuko dira. Alde batetik, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, mundu osoko emakume eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuena. Halaber, 20 urte bete dira Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zenetik. Ildo horretan, berdintasun-politiken bidez eskubideetan egindako aurrerapenei balioa eman nahi die kanpainak.

Kanpaina otsailaren 22tik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan. Gainera, sare sozialetako istorioetarako txantiloi bat sortu da filtro formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin. Honen bidez, erabiltzaile bakoitzak selfie bat egin eta bere sare sozialetan partekatu ahal izango du.