Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 250.000 euro bideratuko ditu bizikidetzaren eta giza eskubideen inguruko udal-proiektuak gauzatzeko laguntzetara

0

2018an abian jarri zenetik emandako laguntzak 1,75 milioi eurora iritsi dira

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrientzako eta gainerako toki-erakundeentzako laguntza-deialdi berri bat abiarazi du. Deialdiak 250.000 euroko zuzkidura izango du 2025. urterako. Ekimen hori Maria Jesus San Jose sailburuak zuzentzen duen Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da, eta bizikidetza, giza eskubideen eta biktimen errespetua, aniztasuna eta elkartasuna sustatzen dituzten proiektuak sustatzea du helburu.

 

Deialdia joan den otsailaren 19an, asteazkena, argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (HEAA), hilabete batean egongo da zabalik, eta proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 1era bitartean gauzatu ahal izango dira. Eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez. Honako esteka honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0041312. Gainera, laguntzak justifikatzeko hilabeteko epea ezarri da, jarduera gauzatzen denetik aurrera zenbatzen hasita (eta, nolanahi ere, 2026ko urriaren 1a baino lehen justifikatu beharko dira).

 

Gizartetik hurbilen dauden erakundeak

 

Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Jagoba Alvarezek azpimarratu du oso garrantzitsua dela udalerriak eta beste toki-entitate batzuk giza eskubideen eta bizikidetzaren sustapenean inplikatzea. “Udalerriak eta gainerako toki-entitateak pertsonengandik hurbilen dauden erakundeak dira, eta, horregatik, funtsezkoa da haiek bizikidetzaren, errespetuaren eta elkartasunaren kulturaren sustapenean aktiboki inplikatzea. Betetzen duten zeregina funtsezkoa da”.

 

Zuzendariaren ustez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bultzatutako deialdi berri honek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak giza eskubideekin, bizikidetzarekin, aniztasunarekin eta elkartasunarekin duen konpromisoa, eta udalerriak eta gainerako toki-entitateak gizarte justuago, inklusiboago eta aniztasunarekiko errespetuzkoago baten eraikuntzan funtsezko eragile izatea du xede.

 

Laguntzak hiru jarduketa-esparrutan banatuko dira: bizikidetza eta giza eskubideak, biktimak eta gizartea, eta aniztasuna eta elkartasuna. Proiektuak hainbat ekintza-ildotan oinarritu ahal izango dira esparru horien barruan, hala nola hezkuntza-ekimenetan, terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko programetan, arrazakeriaren, xenofobiaren edo gorroto-delituen aurkako ekintzetan eta desparekotasunaren, diskriminazioaren, bidegabekeriaren edo bazterkeriaren adierazpenik kritikoenen aurrean elkartasun-balioak eta gizarte-inplikazioa sustatuko dituzten esperientzietan.

 

Era berean, proiektuek bizikidetzari, memoriari eta giza eskubideei buruzko gobernu-programaren IV. ardatzaren helburuen barruan sartuta egon beharko dute, bizikidetzaren kultura demokratikoa eta pertsona guztien arteko errespetua bultzatzeko. Gainera, 2024-2028 aldiko Gobernu Programaren («Eraldaketa eta Autogobernua Euskadi global baterako”) konpromisoa betetzen lagundu beharko dute proiektuek. Programa horren helburua da edozein diskriminazio motaren aurrean giza eskubideak, aniztasuna eta pluralismoa errespetatzeko kultura soziala eta politikoa sustatzea.

 

Laguntza horiek arautzen dituen 57/2018 Dekretua indarrean jarri zenetik, 422 proiektu bultzatu dira. Esleitutako guztizkoa 1,75 milioi eurokoa izan da. Lurraldeei dagokienez, proiektu gehien bultzatu dituen lurraldea Bizkaia izan da; 258 proiektu izan dira, eta esleitutako zenbatekoa 1.015.524,85 eurora iritsi da. Gipuzkoak, berriz, 113 proiektu gauzatzeko dirulaguntzak jaso ditu, eta guztizko zenbatekoa 506.316,31 eurora iritsi da. Azkenik, Araban diruz lagundutako 51 proiektu bultzatu dira, eta guztizko zenbatekoa 227.888,96 eurokoa izan da.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 24a