Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua Tolosako alkatearekin bildu da herriko inauterien atarian

0

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearekin bildu da gaur, ostegun honetan hasiko diren Tolosako inauterietan tolosar guztientzako jai seguruak bermatzeko. Sailburuarekin batera, Javier Zabaleta Ertzaintzaren Gipuzkoako lurralde-burua izan da bileran.

Tolosako udaletxean izandako bileraren ondoren, Bingen Zupiriak nabarmendu du Ertzaintzak herritarren segurtasuna zainduko duela Tolosako inauterietan. «Ertzaintzak lan egingo du Tolosako bizilagunen eta inauterietan Tolosara festa jendetsu hau bizitzera hurbiltzen diren bisitarien segurtasuna bermatzeko. Ertzainek prebentzio-lanak eta berehala jarduteko lanak egingo dituzte, edozein motatako delituak saihesteko eta pertsonen segurtasuna uneoro bermatzeko «, adierazi du sailburuak. Zupiriak gaineratu du espero duela «ezerk ez oztopatzea Tolosako inauterietako giro ona».