Euskadiko Administrazio Orokorreko Enplegu Publikoaren aro berriari erantzuteko EKI Plan Integrala

0

Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat da legealdi berri honetan egonkortze prozesuari amaiera ematea, enplegu publikoaren aro berriari ekin ahal izateko, Enplegu Publikorako Eskaintza egituratuekin eta langileak kudeatzeko tresna berriekin, zerbitzu publikoak indartu eta etorkizuneko Administrazioa eraikitzeko.

Gaur egun, Administrazio Orokorrean 8.000 pertsona inguruk egiten dute lan, bitartekotasun-tasa martxoan %14koa izatea aurreikusten da eta %8 ingurukoa urte amaieran;  absentismo-tasa, berriz, %7,52koa da eta datozen 4 urteetan, 80ko hamarkadan administrazioan lanean hasi ziren langileen ia %20ak erretiroa hartuko du.

Abenduaren 31erako, 3.400 plaza zeuden egonkortuta eta Enplegu Publikorako Eskaintza berrien bidez beste 1.000 plazen deialdiak egingo dira.

Testuinguru horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Plan integral bat garatu du, EKI izenekoa, Administrazioko Enplegu Publikoaren aro berriari erantzuteko eta zerbitzu publikoak indartu eta etorkizuneko administrazioa eraikitzeko helburuarekin.

Planaren aurkezpenean, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eta Maite Barruetabeña Enplegu Publikoko sailburuordeak parte hartu dute. Ubarretxenak nabarmendu du Administrazioak erronka eta eraldaketa handiei egin beharko diela aurre: digitalizazioa, absentismoa, belaunaldien arteko erreleboa, etengabeko prestakuntza edo profil eta talentu berriak txertatzeko beharra, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzeko.

«Administrazioa XXI. mendeko gizartearen eskakizunetara egokitu behar dugu – adierazi du –, zorrotzak eta autoexigenteak izan behar dugu, eta Administrazioa modernizatu; horretarako, tresna berriak behar ditugu, pertsonen beharrei erantzuteko orduan eraginkorragoak eta azkarragoak izan gaitezen». «Administrazio malguago, berritzaileago, dinamikoago eta euskaldunago baten aldeko apustua egiten dugu, langile trebatu eta egonkortuekin. Eusko Jaurlaritzak arlo publikoarekin eta zerbitzu publikoak indartzearekin duen konpromisoa irmoa da, eta gaur aurkezten dugun plana horren erakusgarri da” adierazi du sailburuak.

4 jarduera eremutan banatuta dauden 8 proiektu

Plan honek ezagutza balitu nahi du aldaketarako palanka gisa eta helburu du langile publikoen  talentua eta gaitasun digital zein profesionalak indartzea eta bereziki, belaunaldi-errelebo ordenatua bermatzea.

Plana lau jarduera eremutan banatuta dago eta jarduera eremu bakoitzeko proiektuak zehaztu dira, ezarritako helburuak lortzeko. Hauek dira EKI planaren lau jarduera eremuak:

  1. Enplegu publikorako sarbidea

XXI. mendeko euskal administrazioak profesional balioaniztunak behar ditu, trebetasun eta gaitasun berriak dituztenak, alegia. Horretarako enplegu publikorako sarbide prozesu berriak behar da.  Zentzu horretan, EKI planaren baitan, enplegu publikorako sarbidearen inguruan hausnarketa egingo da egungo gizartearen eskaerei behar bezala erantzuteko behar den talentua gehitzeko administraziora.

Horretarako, bi proiektu garatuko dira: batetik, hautaketa-prozesuak berriak definitu eta diseinatuko dira administraziorako langilerik onenak hautatzeko; eta bestetik, bestetik, hautaketa-epaimahaietarako aholkularitza- eta prestakuntza-plan berria garatuko da, prozesuak inpartzialki, profesionalki eta objektiboki gara daitezen.

  1. Ibilbide profesionala administrazio publikoan

Eusko Jaurlaritzak prestakuntzaren aldeko apustua egin du funtsezko zutabe gisa langile publikoen ibilbide profesionalerako. Zentzu horretan, planak hiru proiektu aurreikusten ditu ibilbide profesionalari dagokionean: prestatzaileen prestakuntza, prestakuntza-ibilbide pertsonalizatuak eta etengabeko hobekuntza prestakuntzan.

2020az geroztik bikoiztu egin da prestakuntza-eskaintza, hainbat eremutan, baita berdintasunaren esparruan ere; urtero 17.796 matrikula izaten dira, eta jasotako prestakuntzari buruzko balorazioa 8,4koa da. “Aurrerapausoak ematen eta prestakuntza-eskaintza hobetzen jarraitu nahi dugu, prestakuntza pertsonalizatuago baten alde, langile berrientzat, zein dagoeneko administrazio publikoan beren ibilbide profesionala egiten ari diren langileentzat” azaldu du Barruetabeña sailburuordeak.

  1. Langile publikoen ezagutzaren kudeaketa eta transmisioa

Ezagutzaren kudeaketa eta transmisioa ezinbestekoak dira belaunaldi-errelebo ordenatua eta produktiboa bermatzeko eta erakundea eta pertsonak unean uneko behar eta lan- eta kudeaketa-ereduetara egokitzeko. Horretarako, tresna bat sortuko da lanpostua uzten duen pertsonaren ezagutza jaso eta transmititzeko, haren lekua hartuko duen pertsonak hasieratik izan dezan ezagutza hori.

  1. Gaitasunetan oinarritutako kudeaketa

Garai berriek, gaitasun eta lan egiteko modu berriak eskatzen dituzte, besteak beste, talde-lanean, komunikazioan eta lidergo-estilo berrietan oinarritutako gaitasun eta lan ereduak, alegia.  Bide horretan, lehenik eta behin, gaitasunen inguruko azterketa egingo da, beharrezko konpetentziak zehazteko, eta eduki horiek jasoko dituen eskuliburu bat diseinatuko da. Eskuliburu horretan, gaitasun horiek garatzeko, lantzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren baliabideak zehaztuko dira. Horrek aukera emango du, administrazioaren lan-eredua zehazteko.

Dagoeneko, abiatuta daude planean jasotako proiektuetako batzuk eta datozen 3 urteetan garatuko da plana osotasunean. Ezagutzaren transmisiorako tresna martxan dago, eta abian dira prestakuntza-plana eta prestakuntza-ibilbideak berritzeko lanak eta baita gaitasunen inguruko azterketa ere.

Sindikatuen konpromisoa eta inplikazioa

Amaitzeko, Ubarretxena sailburuak azpimarratu du “administrazioak erronka handiak ditu eta ezin diogu bakarrik aurre egin Administrazioaren eraldaketari, langile publikoen laguntza behar dugu eta sindikatuen konplizitatea eta konpromisoa ere bai administrazioaren aro berri honetan. Plan honen funtsezko ardatzetako bat da ezagutzaren kudeaketa eta ezagutza transmititzeko tresna berriari dagokionean, %30eko erabilera lortu nahi dugu aurten, eta %90eko erabilera legegintzaldia amaitzerako. Horretarako, langileen eta sindikatuen inplikazioa ezinbesteko izango da», adierazi du.

Era berean, gaineratu du «sindikatuekin akordioak lortzeko gogor lan egingo dugu; administrazioa hobetzeko bidea elkarrekin egin behar dugulako eta horretarako, euren laguntza beharrezkoa da, besteak beste, absentismoa edo arrisku psikosozialak eta jazarpen egoerak murrizteko formula berriak bilatu ditzagun», adierazi du sailburuak.

Sailburuak erronken konplexutasuna eta lankidetzaren beharra azpimarratu ditu, eta, ildo horretan, elkarrizketarako, negoziaketarako eta akordioetara iristeko konpromisoa eta borondatea agertu ditu, langile publikoen, Administrazioaren eta Euskadin bizi diren pertsona guztien alde lan egiteko.