Eusko Legebiltzarraren joan den urriaren 24ko osoko bilkurak Jaurlaritzari “gaitasun-azterketak malgutzeko neurriak hartzeko” egindako proposamenari erantzuten dio
Gobernu Kontseiluak aintzat hartu du Ehizaren Legeari buruzko lege-proposamena, Eusko Legebiltzarraren joan den urriaren 24ko osoko bilkurak egindako proposamenari erantzunez. Bertan Jaurlaritzari eskatzen zitzaion, foru-aldundiekin eta Euskadiko Ehiza Federazioekin batera, “ehiza-lizentziarako gaitasuna egiaztatzeko azterketak malgutzeko eta ehizaren esparruan belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko neurriak hartzeko”.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren arabera, “lege-proposamenak 2011ko Ehizaren Legeko ehizaren definizioa eguneratzen du, eta, horri esker, laguntzailearen irudia, behar bezala mugatuta eta zehaztuta, ehiza-ekintzatik kanpo geratzen da, eta, beraz, ehizarako gaitasun-proba pasatu beharrik gabe, gazteak hurbiltzea erraztuz eta jarduera horretan belaunaldien arteko beharrezko erreleboa egiten lagunduz, bai eta jarduera horretara pertsona gehiago hurbiltzen ere”.
“Gure autonomia-erkidegoan ehiza-lizentzien nahiko kopurua behar da –gaur egun beherantz doa– gure nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan fauna basati jakin batek eragindako kalteak, gero eta gehiago direnak, arintzeko.
Martxoaren 17ko 2/2011 Legearen, Ehizarenaren, 2. artikulua aldatzen duen lege-proposamena aho batez adostu dute Eusko Jaurlaritzan eskumena duten sailek, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arabako Ehiza Federazioak, Bizkaiko Ehiza Federazioak, Gipuzkoako Ehiza Federazioak eta Euskadiko Ehiza Federazioak.
Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 103. artikuluan aurreikusitako premiazko prozedurak ematen du planteatzen den tramitazioa egiteko aukera. Gainera, egokia da irakurketa bakarreko prozedura, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 163. artikuluaren arabera, baita formulazioaren sinpletasuna ere.
Lege-proposamena bat dator joan den urrian Osoko Bilkuran onartutako ekimenarekin. Ekimen horretan Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion ehiza-kolektiboan belaunaldien arteko erreleboa errazteko neurriak bultza zitzala, ehizari lotutako irudi berrien definizioa bilatuz eta ehiza-lizentzia lortzeko erraztasunak emanez, azterketen urteko deialdiak zabalduta. Lege-aldaketa hori helburu hori lortzeko beste urrats bat izango da. EAJ-PNVk, PSE-EEk eta PPk urrian lortutako akordioak bi helburu zituen: alde batetik, ehizaren arloan diharduten eragileen arteko lankidetza sustatzea, kolektiboaren beharrak identifikatzeko; eta, bestetik, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea, ehizaren munduan sartzea erraztuko duen lizentzia lortzeko deialdiak malgutuz eta ehizan parte har dezaketen irudi berriak sortzearen bideragarritasun juridikoa aztertuz.
Euskadin ehizarekin lotutako 300 elkarte eta kirol-klub baino gehiago daude. 2011n, orain indarrean dagoen Ehizaren Legea onartu zenean, 40.138 ehiza-lizentzia zeuden aktibo, eta 2022an, berriz, 31.282, % 22 gutxiago. Bilakaera horrek lotura zuzena du Euskadin animaliekin urtean izaten diren gertaeren igoerarekin.
Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren datuen arabera, 2011n 6.150 kudeatu ziren eta 2023an 16.006 gertaera erregistratu dira. Horri gehitu behar zaizkio animaliek landan eta nekazaritzan eragiten dituzten kalteak.