Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, lehen aldiz, Euskadiko unibertsitate mailako bi enplegu-azokatan parte hartuko du, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten profesionalen (Ertzaintza, Udaltzaingoak, Salbamendu eta Su Itzaltze Zerbitzuak, boluntarioak eta abar) prestakuntza eta hobekuntzaz arduratzen den erakunde gisa eskaintzen dituen garapen profesionalerako aukerak ezagutarazteko.
Lehenengo hitzordua ostegun honetan izango da, otsailaren 27an, Deustuko Unibertsitateko Enplegu eta Ekintzailetza Foroan, eta bigarrena, asteazkenean, martxoaren 5ean, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Enplegu Foroan. Bi azoketan, Akademiak stand bat izango du, bisitariek beren lanari eta aukera profesionalei buruzko informazioa bertatik bertara eskuratzeko.
Beste enplegu batzuen artean, eskolak irakasle-plazak ditu hainbat arlotan: Zuzenbidea, Soziologia, Psikologia, Gorputz Hezkuntza, Informatika, Medikuntza, Ingeniaritza, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Erizaintza, Pedagogia… Horiez gain, izaera administratiboagoko plazak ere badaude lege-, kontratazio-, giza baliabide- eta obra-arloetarako, eta abarretarako.
Ekimen honen bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gizartearekiko eta talentua erakartzearekiko duen konpromisoa indartu nahi du, bere funtzioen ezagutza eta segurtasunaren eta larrialdien eremu publikoan garapen profesionalerako aukerak sustatuz.