Euskadiko Osasun Ituna eragile guztiek etorkizuneko euskal osasungintzarantz aurrera egiteko elkarrekin zehaztutako estrategiak garatzen hasi da

0

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Osasun Itunaren Mahaiaren seigarren bilera zuzendu du gaur Barakaldoko BECen. Bilera horretan, parte hartzen duten eragileek etorkizuneko euskal osasungintzarantz aurrera egiteko elkarrekin zehaztutako estrategiak garatzen hasi dira.

Partaide guztiek datozen hamarkadetako erronkei erantzungo dien euskal osasun-sistemaren oinarri izango diren printzipio eta balioen inguruko adostasuna lortu ondoren, aurreikusitako hirugarren faseari ekingo dio Osasun Itunak. «Beraz, pazienteen eta profesionalen unea da; batzen gaituenaren alde lan egiteko ordua, alegia, osasuna», adierazi du Alberto Martinez sailburuak. «Guretzat, fase hau interes berezikoa da; izan ere, gure lehentasuna pazientea da, bera da zentroa, profesionalek lagunduta, batzen dituen elementu batekin, osasun bakar batekin, One health bezala ezagutzen duguna”, gaineratu du. «One health» kontzeptuak osasun publikoaren, medikuntzaren, osasunaren, albaitaritzaren, ikerketaren, ingurumen-zientzien eta abarren arteko lankidetza areagotzeko mundu mailako helburuari egiten dio erreferentzia, pertsonen, animalien eta ingurumenaren osasuna zaintzeari dagokionez, osasuna hobetzearen aldeko programak, politikak eta legeak egin eta ezarri ahal izateko.

Horretarako, eta parte hartu duten eragileek egindako azken proposamenak aztertu eta kontuan hartu ondoren, 24 lantalde espezifiko jarri dira abian, 400 bat adituk parte hartu ahal izango dute, foroa osatzen duten guztiek adostutako ildo estrategiko guztiak aldi berean garatzeko. Foroa joan den urteko irailean eratu zen, euskal osasungintza hobetzeko, euskal osasun-zerbitzu publikoa indartzeko, ongizatean hazteko eta etorkizuna prestatzeko helburuarekin.

Gaur garatzen hasi diren 24 ildo estrategikoak 6 epigrafe nagusitan taldekatuta daude:

I. OSASUNAREN PREBENTZIOA ETA SUSTAPENA

1.- One Health ikuspegia, osasuna eta klima-aldaketa: osasun-plangintzan gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna txertatzea.

2.- Osasunaren prebentzioa eta zaintza: detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuei eman beharreko erantzuna indartzea.

3.- Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: osasun-arloko ekitaterik ezaren murrizketa gizarte-determinatzaileetan oinarritutako ikuspegi baten bidez, haurrak, nerabeak, ugalketa-osasuna, emakumeak eta kolektibo kalteberak bereziki kontuan hartuta.

4.- Lehen mailako arretaren eta arreta komunitarioaren indartzea: arreta-eredu integral, eskuragarri, proaktibo eta luzetarako baten garapena, sistemaren gobernantzaren ikuspegitik.

II. GAIXOTASUNAREN ARRETA

5.- Denbora-mendekotasuneko patologiak: denbora biziraupenarekin eta desgaitasunarekin zuzenean lotuta dagoenean eman beharreko laguntza-erantzunaren optimizazioa.

6.- Kronikotasuna: gaixotasun kronikoen kudeaketaren eta bizi-kalitatearen hobekuntza.

7.- Arreta soziosanitarioa: osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa arreta integratua eskaintzeko.

8.- Bizitzaren amaierako zainketak: pertsona ardatz duen arreta duina.

III. LEHENTASUNEZKO OSASUN-ARLOAK

9.- Onkologia: minbiziari modu integralean aurre egitea, prebentzioa, arreta eta errehabilitazioa barnean hartuta.

10.- Gaixotasun kardiobaskularrak: gaixotasun-kargaren murrizketa prebentzioa eta tratamendua hobetzearen bidez.

11.- Osasun mentala. Sustapena, prebentzioa eta asistentzia-eredua optimizatzea.

12.- Gaixotasun neurodegeneratiboak: arreta eta detekzio goiztiarra indartzea eta pazienteak eta familiak babestea.

13.- Gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa: diagnostikoaren hobekuntza eta tratamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera.

IV. KALITATEA, BERRIKUNTZA ETA JASANGARRITASUNA

14.- Osasun-arloko balioa eta emaitzak: sistema osasun-arloko emaitza hobeak lortzera bideratzea, efizientziaren eta ekitatearen ikuspegiarekin.

15.- Antolamendu-berrikuntza eta laguntza-ereduak: eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratuaren sustapena.

16.- Zerbitzu-zorroa.

17.- Osasun-arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B): medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak bultzatzea, besteak beste.

18.- Osasun-arloko digitalizazioa: teknologiaren erabilera laguntza, plangintza, kudeaketa eta ikerketa hobetzeko.

19.- Azpiegiturak eta lankidetza-eredua.

V. OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEN GARAPENA

20.- Osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza: ezagutzaren zabalkundea eta profesionalen etengabeko trebakuntzaren sustapena.

21.- Pertsonengan oinarritutako politika: atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionala osasun-sisteman.

VI. GOBERNANTZA

22.- Eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera: Osasun-sistemaren kudeaketan herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzea.

23.- Lankidetza publiko-pribatua eta hitzarmen-araubidea.

24.- Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak.

Hemendik aurrera, metodologia dinamikoagoa izango da, talde bakoitzak bere erritmoa ezarriko baitu gogoeta egiteko, parte hartzeko eta edukiak kontrastatzeko. Horretarako, bilera presentzialak eta/edo telematikoak egingo dira, bidezkotzat hartzen den aldizkakotasunarekin. Aurreikuspenen arabera, apirilean lantalde guztiek Osasun Mahaian egindako lana kontrastatuko dute, eta, ondoren, beren esparru espezifikoan jardungo dute ekainera arte. Hilabete horretan, emaitza partzialak Osasun Ituna osatzen duten eragileen foroari aurkeztuko zaizkio, aurreikusitakoaren arabera.

Osasuneko sailburu Alberto Martinezek, berriz ere, Itunaren Mahaia osatzen duten eragileek erakutsitako erabateko inplikazioa eta akordiorako prestasuna azpimarratu ditu. Mahai horretan, osasun-esparruko adituak ditugu, besteak beste: medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, optikoen eta optometristen elkargo ofizialetako ordezkariak, gizarte-langileak, fisioterapeutak, biologoak eta albaitariak, pazienteen elkarteak, Medikuen Sindikatua, SATSE eta SAE. Halaber, alderdi politikoak, sindikatuak, Confebask eta unibertsitateak (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon Unibertsitatea) daude.