Garcia Chueca sailburuak eragile publiko eta pribatuen erantzukizuna eskatu du datorren hamarkadako mugikortasun-erronkei aurre egiteko

0

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak asteazken honetan, Eusko Legebiltzarrean, azaldu du Gobernu Kontseiluak abenduan onartutako Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren edukia —Plana gaur egun jendaurreko aurkezpeneko fasean dago—.Aditzera eman duenez, dokumentua “abiapuntua” da, eta “gure lurraldeko administrazioek eta gizarte-eragileek adostutako eta partekatutako bide-orri” bihurtuko da datorren hamarkadarako.

Oro har, sailburuak “asmo handiko eta errealista” gisa definitu du bide-orria; helburua da bikoiztasunik eta eraginkortasunik gabeko garraio-sistema integratua eta koordinatua osatzea, sistema bakar gisa funtziona dezan, baita ingurumena hobetzen laguntzea, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala bermatzea, lurralde-oreka bultzatzea eta mugikortasun aktiboa lehenestea ere. Hori guztia honako ezaugarri hauek izango dituen hamarkada batean: abiadura handiko trena Euskadiko garraioen mapan integratu beharra; trantsizio energetikoa eta horretan ibilgailu elektrikoek duten garrantzia; trenbidearen, autobusaren eta hegazkinaren arteko intermodalitatean urratsak egiteko beharra; eta sektorean digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak. “Guretzat, mugikortasuna herritarren eskubidea da; desberdintasunak murrizten laguntzen duen eta funtsezko zerbitzuetara iristeko eta beste eskubide batzuez gozatzeko aukera ematen duen tresna eraginkorra da”, eman du aditzera sailburuak.

Planak aurreikusten du 113 ekimenen bidez aurrera egitea bide-orri horretan. Ekimen horietarako 5.900 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta, datozen hiru hamarkadetan, beste 3.500 milioi euro jarriko dira eragiketa- eta mantentze-kostuetarako. Jarduketen artean ekimen estrategikoak nabarmentzen dira, esaterako Eusko Jaurlaritzak tarifa-sistema bateratu baten sorreraren alde egindako apustua. Izatez, sistema horrek lurraldeen araberako berezitasunak izango dituen arren, oinarri komunak izango ditu, hala nola garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzeko deskontuak eta gazteak gisako kolektiboak babestea. Sistema hori aktibatzeko, BAT, Barik eta Mugi txartelen elkarreragingarritasuna osatu beharko da —gaur egun prozesu hori aurreratuta dago—.

Era berean, ibilgailu partikularrek udalerrietan duten inpaktua arintzeko neurriak jasotzen dira. Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planak 15.000 biztanletik gorako hiriguneetan (15 udalerri dira eta guztira 283.436 pertsona) trafikoa baketzeko ekimenak proposatzen ditu, betiere udalerri horien hiri-errealitatea kontuan izanik. Horretarako, 30 km/h-ko abiadurako zonen alde eta ibilgailu pribatuen sarrera mugatua izango duten super-etxadien alde egingo da. Era berean, 25.000 biztanletik gorako guneetan (beste 12 udalerri) emisio txikiko eremuak aztertzea eta inplementatzea planteatzen da. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuekin bat egingo lukete —jada perimetro horiek ezartzera behartzen ditu Estatuko araudiak—. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 73 bizi diren hiriguneek neurri espezifiko berriak izan ditzakete mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa lehenesteko, ibilgailu pribatuaren ordez.

Egunean 6,5 milioi joan-etorri

García Chueca sailburuak planean egiten den Euskadiko mugikortasunaren argazkia azaldu du. Euskal Autonomia Erkidegoak 6,5 milioi joan-etorri izaten ditu lanegunetan (horietatik % 99 Euskadi barrukoak dira, eta gehienak [% 32] lan-arrazoiengatik egiten dira). Hirien eta herrien tamaina dela eta, mugikortasun aktiboak nagusi izaten jarraitzen du —oinez edo bizikletaz—, baina atzetik ibilgailu pribatua dator hiru lurralde historikoetan. Garraioen arduradunak modu positiboan baloratu du Bizkaian egiten den trenbidearen erabilera (% 8,8), Gipuzkoan autobusarena (% 9,4) eta Araban bizikletarena (% 6,7). Eta nabarmendu du Gasteizen eta Gipuzkoan trenbide-sare sendoa eta bizikleta-bide ugari daudela.

113 proposamen

Mugikortasun aktiboaren arloko neurrien artean aintzat hartzen da, besteak beste, erabiltzen ez diren eta oinezko eta bizikleten sarerako baliagarriak izan daitezkeen bide zaharrak, trenbideak eta beste azpiegitura batzuk berreskuratzea eta lehengoratzea. Gainera, geltoki intermodaletan aparkaleku seguruak planteatzen dira, eta zentro berezietara bizikletaz iristeko aukera aztertzea proposatzen da, hala nola parke teknologikoetara, ospitaleetara, eta abar. Era berean, Euskal Autonomia Erkidego osoan jarraitua izango den bizikleta-sarea planifikatzeko beharra azpimarratzen da.

Errepide bidezko mugikortasunari dagokionez, Planak ibilgailuen parkea berritzeko eta ibilgailu jasangarriagoekin ordezteko aukera jasotzen du, eta, horretarako, karga elektriko azkar eta adimentsuko puntuak eta birkargatzeko puntuak dituzten disuasio-aparkalekuak sortzeko beharra ezartzen du. Horrez gain, mugikortasun jasangarria sustatuko duten —mugikortasun kutsakorragoaren kaltetan— eko-pizgarriak edo neurri fiskalak (hobariak eta tasak) aktibatzeko aukera planteatzen du, eta, hiriburuetarako sarbidea hobetzeko neurri gisa, autobusentzako eta okupazio handiko ibilgailuentzako erreiak eta errei itzulgarriak sortzea aztertzen du.

Azpiegituren atalean, dokumentuak kontuan hartzen ditu Vitoria-Gasteizko tranbia handitzearekin (Zabalganara) eta Bilboko metroa handitzearekin (L4 eta L5) sortuko diren aukerak, Donostialdeko topoaren hobekuntzak, Loiolako Erriberako trukatzailea (Gipuzkoako ADIFen eta Eusko Trenbideen azpiegiturak lotzeko) eta abiadura handiko sare berria. Gainera, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planak Bilboko eta Pasaiako portuen trenbide-konexioa hobetzearen garrantzia nabarmentzen du, baita garraiobide publikoen arteko intermodalitatea ahalbidetuko duten azpiegiturak hobetzearen garrantzia ere.

Herritarren eta erakundeen parte-hartzera irekita

Testua eta taldeen ebazpen-proposamenak asteazken honetan eztabaidatuko dira Eusko Legebiltzarrean. Prozesu horretan, sailburuak espero du “ahalik eta adostasun handienera eta hoberenera” iristea, planak ez baitu “inposatu nahi; hasieratik errespetatzen du Euskadiren eskumen-sistema”. Aldi berean, herritarren eta foru- eta udal-administrazioen ekarpenak jasotzen ari da. Euskadiko Garraio Agintaritzak txostena egin ondoren, Gobernu Kontseiluak datozen hilabeteetan behin betiko onartuko du plana.

“Horrek guztiak inplikatzen gaitu, bakoitza bere erantzukizun-esparruan, publikoa izan zein pribatua izan. Erronka bikaina da; azken helburua da gu guztion eta gure ingurunearen bizi-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetzea. Guztiok engranaje beraren parte garela ulertzen dugunean soilik partekatu ahal izango ditugu helburuak eta aktibatu ahal izango ditugu bide horretan aurrera egitea ahalbidetuko diguten neurriak”, adierazi du Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak.