Arrasateko Sindikatuen Etxea zena bizileku bihurtu da: Eusko Jaurlaritzak gazteentzako 12 zuzkidura-bizitoki egin ditu bertan

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Arrasateko alkate Maider Morrasek eraikitako gazteentzako 12 zuzkidura-bizitokiak bisitatu dituzte gaur. Sailak Sindikatuen Etxea izandakoan eraiki ditu bizitoki horiek, herriko gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzeko birgaitu den eraikin historikoan. Bizitoki horien esleipendunak datorren udaren hasieran sartu ahal izango dira beren etxeetara bizitzera.

«Erabiltzen ez diren eraikinak gazteentzako bizitoki bihurtzea da gure sailaren ildo estrategikoetako bat. Egungo ondarea lurzoru gehiago kontsumitu gabe optimizatzeaz gain, jasangarritasuna eta higiezinen balio arkitektoniko eta kulturalaren kontserbazioa sustatzen dugu», nabarmendu du Itxasok bisitan.

Bestalde, Arrasateko alkate Maider Morrasek adierazi du proiektua «norabide onean» doala bizitoki-premiari soluzioa emateko —birgaitzea lehenetsiz etxebizitza-parke babestua zabaltzen joateko—, baita emantzipatzeko zailtasunak dituzten gazteei ere. “Beharrezko proiektua da, baina ez nahikoa”, gaineratu du, eta erakundeen arteko lankidetzan eta etxebizitzaren merkatuaren esku-hartzean sakontzen jarraitzeko eskatu du, “gaur gaurkoz kontrolik gabe dagoena”.

“Arrasateko Udaletik martxan dugu Arrasate eremu tentsionatu izendatzea eskatzeko behar diren diagnostiko eta planen idazketa” iragarri du Morrasek. “Behin betiko dokumentazioa udaberrian zehar prest izatea espero dugu, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskaera formala egiteko. Horrela, alokairuaren prezioari muga jarri ahal izango diogu, eta etxebizitza-parke publikoaren hazkundean aurrera egin”, onartu du alkateak, eta azpimarratu du etxebizitzaren arloko politikak bizkortu egin behar direla, bizitoki-krisiari aurre egiteko.

Garibai kaleko 14. zenbakian, San Juan Taldean, kokatutako bizitoki berriek solairu bakoitzean hiru etxebizitza dituzte; guztira, gela bateko 9 apartamentu eta bi gelako 3 daude. Horietako bakoitzak balkoi edo terraza moduko kanpo-espazioa du. Beheko solairua berrantolatu egin da, garai batean eraikina okupatzen zuten sindikatuetako bati lokal bat lagaz. Horrez gain, hondakinentzako, garbiketarako, kontagailuetarako eta bizikletentzako gela osagarriak ere izango ditu.

Eraikinak A motako kalifikazio energetikoa eta lurzoru erradiatzaile bidezko berokuntza-sistema du, aerotermia bidez elikatua. Hala, ia kontsumorik ez da izango, eta CO2 emisiorik ez da egingo.

“Etxebizitzaren erronka berrikuntzan eta behar berrietara egokitzean datza. Eraikinak etxebizitza kolektibo bihurtzeak alokairuko parke publikoa handitzea ahalbidetzeaz gain, bizileku-eredu malguagoak eta jasangarriagoak izatea ere ekartzen du. Arlo horretan ari da sortzen berrikuntza erresidentzial handiena, espazioari zein eraikuntzari dagokionez”, gaineratu du Itxasok.

Proiektuak 2.592.187,52 milioi euroko aurrekontua izan du (BEZa barne), eta 2023ko urtarrilean hasi eta 24 hilabeteko epean egikaritu da. Obra TECSA Constructora SA enpresak egin du, eta diseinua, berriz, MUGARA eta VAUMM arkitektura-estudioek, ABEEa osatuz elkarrekin lan eginez.

Hedatzen ari den eredua

Proiektu hau Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, ondare publikoa aprobetxatzeko eta bere erabilera herritarren mesedetan optimizatzeko. Horren adibide dira Azpeitiko Esklaben komentu zaharrean dauden 48 zuzkidura-bizitokiak, Eibarko epaitegi zaharretan 19 bizitoki promozionatzea, Txontan AIBE eraikin industriala birmoldatzea edo Donostiako Villa Ulialden egindako bizitokiak, besteak beste.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak 877 zuzkidura-bizitoki sustatu ditu guztira: 313 obretan daude, 119 proiektu-fasean eta 717 aztertzen. Gipuzkoan, Arrasatekoak zenbatuta, 364 bizitoki daude eraikita, 134 obretan daude, 52 proiektuan eta 565 aztertzen; guztira, 1.115 unitate.

“Etxebizitza berritzaileena eraikinen eraldaketan dago. Bide horrek gazteen bizitoki-beharrei erantzuteaz gain, ingurumen-jasangarritasunari eta arkitektura-ondarea babesteari ere laguntzen dio. Estrategia hori sustatzen jarraituko dugu, alokairuko etxebizitza publikoen eskaera gero eta handiagoari erantzuteko”, esanez amaitu du Itxaso sailburuak.

Arrasaten egin berri diren beste jarduketa batzuk

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hiria berroneratzeko lan handia egin du berriki Arrasaten, eta arreta berezia jarri du Zerrajera esparruan, oso degradatuta zegoen erdialdeko gunean. Jarduketa horiei esker, espazio hori hiri-sarean integratzea lortu da, baita salmentarako eta alokairurako etxebizitza babestuen eskaintza garrantzitsu bat sortzea ere.

Ondorioz, 6. atarian babes ofizialeko 51 etxebizitza eraiki dituzte alokairurako, eta guztiek garajea lotuta dute. Bestalde, 2. eta 4. atarietan, babes ofizialeko 70 etxebizitza —garajea barne— sustatu dituzte alokairurako, eta 8. eta 10. atarietan, berriz, babes ofizialeko 63 etxebizitza garatu dituzte salmentarako; horiek, garajeaz gain, trastelekua ere badute. Proiektu horri esker, etxebizitza babestuen eskaintza nabarmen handitu da Arrasaten, eta etxebizitza duina eskuratzea erraztu da eraberritutako eta hirian integratutako hiri-ingurune batean.

1.215 alokairu-eskatzaile Etxebiden izena emanda

Gaur egun, Arrasaten babes publikoko etxebizitza eskatzen duten 1.215 bizikidetza-unitate daude, eta horietatik 1.086 alokairu-erregimeneko izen-emateei dagozkie (645 erroldatuta + 441 erroldatu gabe).  Gainerako 129 pertsonek etxe bat erosi nahi dute.