MARTXOAK 4, HAURREN OBESITATEAREN MUNDUKO EGUNA
- EAEko 400 familiak baino gehiagok parte hartzen dute Osakidetzaren Mangols-en Bidaia programan, eta, jolas hezitzaile baten bitartez, bizi-ohiturak aldatzeko eta elikaduraren, jarduera fisikoaren eta osasun emozionalaren esparruan jokabide osasungarriak txertatzeko helburuei heltzen diete
- 2021an Lehen Mailako Arreta osoan abian jarri zenetik, 600 profesional baino gehiago trebatu dira, batez ere pediatrak eta erizainak
- Osakidetza, hasierako esku-hartzea amaitu ondoren, udarako bigarren partea abiarazteko prestaketa-lanak bukatzen ari da, bizi-ohitura osasungarriak hobeto finkatzeko epe luzera
Haurren obesitatea osasun publikoko arazo handi bat da, dimentsio pandemikokoa, eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lehentasunezko jarduera-ardatzetako bat da. Arazo horri aurre egiteko, 2021an, Osakidetza “Mangols-en bidaia” jolas hezitzailean oinarritutako programa bat hedatzen hasi zen Lehen Mailako Arretako sare osoan. Programa aitzindaria izan zen Estatu osoan, eta oso emaitza onak lortu ditu. Are gehiago, tratamendua jaso duten hiru adingabetatik bik lehen urtean osasun-egoera hobetzea lortu dute.
Mangols-en bidaia izeneko tresna honek teknologia berriak eta kontsulta presentzialak konbinatzen ditu. Health game edo osasun-joko honen helburua da 7 eta 14 urte bitarteko haurrak eta haien familiak ahalduntzea bizi-ohiturak aldatzeko eta eguneroko bizitzan jokabide osasungarriagoak txertatzeko, bai nutrizioan eta elikaduran, bai jarduera fisikoan, baita osasun emozionalaren arloan ere; izan ere, haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen aurka borrotzeko ezinbestekoa da arazoari ikuspegi integral batetik heltzea.
Tratamendu tradizionalen bidez oso atxikimendu eskasa lortzen zen, eta, orain, Osakidetzako profesionalei historia klinikoarekin integratutako tresna bat ematen zaie, arazo honetan errazago esku hartzeko. Gainera, pazienteen onarpena eta motibazioa handiagoak dira. Gaur egun, EAEko 400 familia inguru daude obesitatea eta gehiegizko pisua prebenitzeko tratamenduan Mangols-en bidaia programaren bidez, eta 600 profesional inguru trebatu dira haurren obesitatean eta tresna horren erabileran, pediatrak eta erizainak batik bat; gainera, lehen mailako arretako kontsultetan gehiegizko pisuaren eta obesitatearen aurkako tratamenduaren lehen lerroa bihurtu da.
“Hezkuntza-bideojokoek ikaskuntza-prozesua esperientzia interaktibo eta dibertigarri bihurtzen dute, eta, horrela, esku-hartze medikoa entretenigarri bilakatzen da eta tratamenduarekiko konpromisoa eta atxikimendua hobetzen dira”, azaldu du Iratxe Salcedok, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Pediatriako arduradunak.
EMAITZA NAGUSIAK
Programa Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sare osoan hedatzen hasi zenetik lortutako emaitzak honako hauek dira:
- Hobekuntza nutrizionalak eta metabolikoak: gorputz-masaren indizearen arabera 3 egoera bereizten dira: obesitatea duten adingabeak, gehiegizko pisua duten adingabeak eta normopisua duten adingabeak (maila osasungarrien barrukoak). Tratamendua jasotzen dutenen artean, obesitatea duten adingabeen % 20k gehiegizko pisu egoerara hobetzea lortzen dute lehen urtean, eta gehiegizko pisua duten ia adingabe guztiak iristen dira balio osasungarrietara, normopisura, alegia. Gainera, dieta mediterraneoarekiko atxikimendua handitu egin dela ikusten da, eta horrek partaideen elikaduraren kalitate orokorra hobetzen du.
- Jarduera fisikoa areagotzea eta sedentarismoa murriztea: paziente aktiboen ehunekoa % 24,1etik % 36,7ra igotzen da. Pantaila aurreko denbora nabarmen hobetzen da, hau da, pantaila aurrean egunean bi ordu baino gutxiago igarotzen dituztenak (OMEren gomendioa) % 48,1 izatetik % 83,5era igarotzen da.
- Osasunaren pertzepzio positiboa: beren osasuna “ona, oso ona edo bikaina” dela uste duten parte-hartzaileen ehunekoa % 75,9tik % 95,2ra igotzen da.
HURRENGO ABIARAZPENA
Hain da arrakastatsua Mangols-en bidaia, ezen Osakidetzak bigarren partea abian jarriko baitu, esku-hartzearen ostean edo mantentze-fasean dauden pazienteentzat, hau da, tratamendua amaitu ondoren ohitura osasungarriei eusteko erronka duten pazienteentzat, esku-hartzearen ondorengo urteetan atxikimendua gal ez dadin.
Bideojokoaren bigarren partea udarako pazienteen eskura izatea espero da. Bertan, aurretik ikasitakoa gogoratzeko mezuak azpimarratzeaz gain, jarduera fisikoa landuko da “tabata” motako entrenamenduen eta errezeta osasungarrien bidez, eta emozioak kudeatzeko tresnak emango dira.
Mangols-en bidaia Osakidetzak adingabeen zein helduen artean osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko abian jarritako ekimenetako bat da. Ekimen horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Osasun Eskolan kontsulta daiteke.