Imanol Pradales lehendakaria buru dela egin da gaur Eusko Jaurlaritzaren eta bederatzi finantza-erakunderen (Euskal BGAE Federazioa, BBVA, Laboral Kutxa, Kutxabank, BBK Fundazioa, Kutxa Fundazioa, Vital, BasqueFik eta Elkargi) arteko protokoloa sinatzeko ekitaldia. Protokolo horrekin abian jarri da Euskal Finantza Aliantza, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak sustatuta. Ekimen hori lankidetza publiko-pribatuaren bidez lortu da, “gure finantza-ahalmenak bat etor daitezen eta Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta industrialaren zerbitzura jar daitezen”, eman du aditzera lehendakariak Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko ehun bat agintariren eta finantza-arloko ordezkariren aurrean egindako ekitaldian.
Lehendakariaren iritziz, alde guztien artean gaur sinatutako konpromisoak erantzuten dio Gobernuak, ziurgabetasuneko nazioarteko agertoki batean, “barne-ekonomia babestuko duten soluzioak bilatzeko” duen erantzukizunari. Horrek “erantzukizunak bere gain hartzea, indarrak batzea eta gure esku dauden gaitasun guztiak aktibatzea eskatzen du. Europan eta Euskadin premiaz jardutea eskatzen du”.
Ildo horretan, eta “bizi dugun une historikoak eskatzen dituen apustu zehatz eta irmoen” ildotik, Imanol Pradalesek iragarri du bera buru duen gobernuak abian jarri dituela Finantzen Euskal Institutuari 1.000 M€-ko finantza-ahalmen gehigarria emateko tramiteak. Horretarako, Eusko Legebiltzarrera 2025eko aurrekontuak aldatzeko lege-proiektu bat bidali du, Finantzen Euskal Institutuarentzako zuzkidura horretarako epe luzeko zorpetzea 1.000 M€-tan handitzea baimentzeko.
Baliabide horiek Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotzen zaizkion finantza-inbertsioak egiteko soilik erabiliko dira, batik bat teknologia- eta industria-sektorerako eta eraldaketa horrek eskatzen dituen azpiegitura zientifiko eta energetikoetarako. Era berean, ekintzailetzaren sustapenean eta industria eta ekonomia berrien sorreran lagunduko dute. Euskal Finantza Aliantza berria industria-lehiakortasunaren zerbitzura dauden beste tresna batzuei gehitzen zaie, hala nola lehendakaria buru duen Industriaren Defentsarako Taldeari edo 500 milioi euroko zuzkidura duen 2025eko Industriarentzako Laguntza Planari. Sinetsita gaude industria dela Euskadirentzat aberastasun-, aurrerabide- eta ongizate-iturria.
“Draghi txosteneko batetik hiru araua aplikatuta, gure helburua da 1.000 M€-ko inbertsio publiko hori gai izatea gutxienez 3.000 milioi kapital eta aurrezki pribatu gehiago mobilizatzeko, eta, horrela, 4.000 milioiko finantza-indarra lortzea legealdi honetan”, planteatu du lehendakariak.
4.000 M€ horiek hiru norabidetan esku hartzeko aukera emango dute:
* Enpresak Euskadin errotzeko operazioetan laguntzea,
* Enpresa-hazkunderako aukerak baliatzea, inbertsio-, handitze- edo eskuratze-operazioen bidez, edo
* Kanpoko kapitala erakartzeko eta proiektu estrategikoak bultzatzeko tresna eta ibilgailu mistoak sortzea.
“Hau lehen urratsa da. Baina ez da urrats bakarra izango”, azpimarratu du Imanol Pradalesek. Eusko Jaurlaritzak beste ekimen batzuk aktibatzen jarraituko du Aliantza horren babesean, eta alderdi guztiek konpromisoa hartzen dute “indarrak batzeko eta gure Herriaren gaurko eta etorkizuneko ongizatearen zerbitzura jartzeko”.
Gaur sinatutako ekintza-protokoloan, aldeek helburu hauek, besteak beste, lortzeko borondatea adierazi dute: Euskal industria, enpresa eta teknologiaren arloko sarea errotzeari eustea eta errotzea areagotzea; Euskadi inbertsiorako lurralde erakargarri gisa finkatzea; eta elkarrizketa publiko-pribatua hobetzea, industriaren berrikuntza eta lehiakortasuna indartu daitezen. Azken batean, Euskal Finantza Aliantza berriak finantza-ahalmen propioak aktibatu nahi ditu, Euskadi Europaren berrindustrializazioaren punta izan dadin.
Lehendakariak gogorarazi du Euskal Finantza Aliantza hori “ez dela hutsetik abiatzen”, eta berariaz aipatu du Ekonomia Itunaren potentzialtasuna eta “kontu publikoen kaudimen egiaztatua, nazioartean aitortua”. Adibide adierazgarria da Eusko Jaurlaritzak duela gutxi jaulkitako zor publikoak —700 M€, bonu jasangarrietan— eskaintza baino zortzi aldiz eskari handiagoa izan duela, eta nagusiki nazioarteko inbertitzaileek eskuratu dutela.
“Manufaktura-kultura eta industria-ehun ireki, berritzaile eta lehiakorra ditugu. Giza kapital zabala eta kualifikatua dugu. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-sektorea dinamikoa, osasuntsua eta kaudimenduna da. Finantza Aliantza honek Euskal Autonomia Erkidegoko kapitala eta aurrezkia mobilizatu nahi ditu, eta, era berean, kapitala eta kanpoko aurrezkia erakarri nahi ditu Herri gisa haz gaitezen”, nabarmendu du Euskal Finantza Aliantza izenarekin gaur abian jarri den asmo handiko ekimen publiko-pribatu honen esparru gisa.