Martxoaren 8a «Emakumeen Nazioarteko Eguna» dela eta, Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzeko konpromisoa berretsi du gaur, adierazpen instituzional batean, berdintasunezko gizarte baterantz aurrera egiten jarraitzeko funtsezko tresna gisa.
Jaurlaritzaren bozeramaileak Euskadin duela 20 urte, Berdintasunerako Legea abian jarri zenetik, arlo horretan egin diren aurrerapen guztiak nabarmendu ditu.
“Hala ere – zehaztu du Maria Ubarretxenak –, berdintasunak dakartzan onura guztiak gorabehera, ezin dugu alde batera utzi gaur egun ultraeskuinaren erreakzioa dagoela mundu mailan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria ukatzen eta hutsaltzen duena eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituena. Era berean, gazteak dira batez ere Interneten eta sare sozialetan zirkulatzen duten mezu horien aurrean esposizio handiena dutenak”.
Adierazpena irakurtzean, bozeramaileak gogorarazi du Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen duela gogoratzea berdintasun-politikei eta feminismoari buruz hitz egitea pertsona guztientzako eskubideei, askatasunari, ongizateari, elkartasunari, demokraziari, errespetuari eta aukera-berdintasunari buruz hitz egitea dela. Eta berdintasuna gizarte osoarentzat onuragarria dela.
“Beraz, herritar guztiak animatzen ditugu egunero adieraz dezaten berdintasunarekiko konpromisoa, modu publiko eta aktiboan, eta bereziki martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egin dezaten” amaitu du.
202 milioi euroko demanda judiziala
Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du 202 milioi euroko demanda judiziala jartzea osasun materialaren hornitzaile diren 4 enpresaren aurka, lehia murrizten duten jarduerengatik.
Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, Essity Spain, Laboratorios Hartmann, Paul Hartmann España eta Laboratorios Indas enpresek kartel bat sortu zuten banatzen zituzten zenbait produktu xurgatzaileren prezioak finkatzeko.
Epaiak helduen inkontinentzia larrirako produktu xurgatzaileak fabrikatzeko, merkaturatzeko eta banatzeko merkatuan prezioak, merkataritza- eta banaketa-baldintzak finkatzeko akordioak erakusten ditu.
Lehiaren aurkako praktika horretan, Eusko Jaurlaritzak kaltea jasan du, 1997 eta 2014 artean gainprezio bat ordaindu behar izan baitu farmazien bidez banatzen ziren produktu horien erosketetan.
Kartelaren existentzia, lehiarako eskubidearen arau-haustea eta lehen aipatutako enpresen parte-hartzea justizia-auzitegiek berretsi dute dagoeneko.
Irungo pasabidearen hitzarmena
Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetan Irungo Udalarekin eta ADIFekin sinatutako hitzarmena aldatzeko, hiri-pasabide bat eraikitzeko.
Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, azpiegitura horrek Irungo tren-geltokiko bidaiarien eraikin berria (gaur egun Estatuko tren-administratzaileak eraikitzen ari dena) hiriko gainerakoarekin lotuko du.
Hitzarmenak eraikuntza-proiektua idazteko, obrak gauzatzeko eta pasabide berria mantentzeko oinarriak ezartzen ditu.
Maria Ubarretxenak adierazi duenez, hitzarmen hori aldatzeko arrazoia da Euskal Trenbide Sarea linea ADIFen trenbide-zabaltzara hurbiltzeko ekimen berrira egokitu behar dela, paraleloan joango baitira. Integrazio horren helburua da lurzoruak libre uztea herritarrek erabiltzeko eta trenbide-eraikin batzuk kontserbatzea.
Lanen kostua 7,7 milioi eurokoa izango da, gehi BEZa. Eusko Jaurlaritzak % 22,22 finantzatuko du, ADIFek % 33,33 eta Irungo Udalak % 44,45.
Bestalde, Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Mugikortasun Jasangarriaren sailburuari hurrengo gomendioa sinatzeko: Sailak Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren ardurapean uztea Araban Euskal Y-aren Arkautiko lotunearen eraikuntza-proiektua idaztea eta obrak egitea.
Urrats hori beharrezkoa da ADIFek Eusko Jaurlaritzari lan horiek egiteko ardura eman ondoren, eta euskal ente publikoak eraikuntza-proiektua lizitatu baino lehen egin behar da. Azpiegiturak 10,7 kilometro izango ditu, eta 146,33 milioi euroko aurrekontua (BEZik gabe), proiektua idatzi eta eraikitzeko.
Etxebide-KZGuneak lankidetza
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Urretxuko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko, etxebizitza babestua eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeari dagokionez herritarrei ematen zaien informazioa eta laguntza hobetzeko.
Maria Ubarretxenak adierazi duenez, hitzarmen sinatzen duten udalerriek Etxebideren sisteman sartzeko aukera izango dute, eta, horri esker, «udalerrian izena emanda dauden pertsonen espedienteen egoera kontsultatu ahal izango dute — adierazi du —, baita zer puntuazio duten ere. Eskuragarri dagoen informazioa herritarrek BAKQ identifikazio-txartelarekin ikus dezaketen bera da”.
Bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak esan du Eusko Jaurlaritza aztertzen ari dela babestutako etxebizitzen inguruko laguntza eta arreta KZ Guneen bidez zabaltzea herritarrei. Informazioa emateaz gain, Etxebiderekin egin beharreko kudeaketa jakin batzuen izapidetze elektronikoa ere erraztuko da.
Udalerrientzako laguntzak, landa-ingurunea dinamizatzeko
Gobernu Kontseiluak ontzat eman du 200.000 euroko dirulaguntza deialdi bat, landa-ingurunea eta itsasertza dinamizatzeko ekitaldiak sozialak egiteko.
Programa hau bost mila biztanletik beherako udalerriei zuzenduta dago, eta 15.000 euro arte jaso ahal izango dituzte.
2,5 milioi euro garapenerako lankidetzarako laguntzetarako aurrekontuan
Gobernu Kontseiluak eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren aurrekontua 2,5 milioi eurotan handitzea onartu du. Zenbateko hori ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako eta garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetara zuzenduko da. Funts horiek, besteak beste, krisi humanitarioetan dauden herriei laguntzeko, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, giza eskubideen defendatzaileak babesteko edota Euskadin sentsibilizazio ekintzak egiteko balioko dute.
eLankidetzaren lanaren zati handi bat Euskadiko GGKEei zuzendutako deialdietan oinarritzen da. GGKE horiek herrialde pobretuetako erakundeekin batera lan egiten dute garapenerako lankidetzako proiektuetan, garapen produktiboko proiektuetan, prestakuntza eta laguntza teknologikoko proiektuetan eta Euskadiko gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuetan.
Iaz, 56,7 milioi euro eman ziren 176 ekimen solidario finantzatzeko 42 herrialdetan. Ekimen horiek, gehienbat, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz Hegoaldeko Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Euskadin ari dira garatzen.
2,3 milioi euro abokatuen elkargoei, doako laguntza juridikoa emateko
Azkenik, Ubarretxena sailburuak jakinarazi duenez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 2,3 milioi euro bideratuko ditu aurten doako laguntza juridikoa emateko emakumeen aurkako, familia barruko eta sexu-askatasunaren aurkako indarkeria-delituen biktimei eta Euskadin indarkeriaren biktima diren haur, nerabe eta desgaitasuna duten pertsonei.
Doako Laguntza Juridikoaren Legeak abokatuen elkargoei esleitzen die doako abokatu-laguntzaren zerbitzuak arautzeko eta antolatzeko eskumena. Horretarako, guardiako txanda iraunkorra izan behar dute zerbitzu hori emateko. Prozesu horietan, halakotzat aitortutako biktimak, bereziki genero-indarkeriakoak, abokatu beraren laguntza izan beharko dute defentsarako eskubidea behar bezala bermatzeko.