Arreta emakumearen aurkako, familia barruko eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimei zuzenduta dago, baita indarkeriaren biktimak diren haurrei, nerabeei eta desgaitasunen bat duten pertsonei ere
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 2,3 milioi euro bideratuko ditu aurten emakumearen aurkako, familia barruko eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimei eta indarkeriaren biktimak diren haurrei, nerabeei eta desgaitasunen bat duten pertsonei doako eta berehalako laguntza juridikoa emateko zerbitzu publikora.
Gobernu Kontseiluak, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Joseren proposamenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoei 2,3 milioiko dirulaguntza ematea onartu du gaur, funtsezko zerbitzu hori emateko. Doako Laguntza Juridikoaren Legeak abokatuen elkargoei esleitzen die doako abokatu-laguntzako zerbitzuen erregulazioa eta antolaketa, eta, horretarako, guardiako txanda iraunkor bat izan behar dute zerbitzu hori emateko. Prozesu horietan, halakotzat aitortutako biktimek (eta, bereziki, genero-indarkeriaren biktimek) abokatu beraren laguntza jaso beharko dute defentsarako duten eskubidea behar bezala bermatzeko.
Erabaki horren bidez, 460.000 euroko dirulaguntza emango zaio Arabako Abokatuen Elkargoari, 1,1 milioi eurokoa Bizkaiko elkargoari eta 736.000 eurokoa Gipuzkoari. Indarkeriaren biktimei berehalako arreta juridikoa emateko Eusko Jaurlaritzaren eta Legelarien Euskal Kontseiluaren arteko lankidetza 2003. urtean hasi zen, eta aldaketak izan ditu gertatu diren lege-aldaketen arabera. Egungo hitzarmenak 2025eko abenduaren 31ra arte izango du balioa.