Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzarako aurrekontua 2,5 milioi eurotan handitu du

0

2024an, eLankidetzak 56,7 milioi euro eman zituen Hegoko 42 herrialdetan 176 ekimen finantzatzeko

Gobernu Kontseiluak eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren aurrekontua 2,5 milio euro handitzea onartu du. Funtsak ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako eta garapenerako lankidetzarako proiektuetarako laguntzetara zuzenduko dira. Dirulaguntza horiek, besteak beste, balioko dute krisi humanitarioetan dauden biztanleei laguntzeko, emakumeen ahalduntzea sustatzeko, gisa eskubideen defendatzaileak babesteko edo Euskadin sentsibilizazio ekintzak egiteko.

eLankidetzaren lanaren zati handi bat da euskal GGKEei zuzendutako deialdia; garapenerako lankidetzako proiektuak, garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuetan diharduten erakundeetara zuzendua, hain zuzen.

Gatazken eta bestelako indarkeria-egoeren ondorioz krisian dauden biztanleei arreta emateko, eLankidetzak ekintza humanitarioko bi deialdi egingo ditu: bata, urtebeteko proiektuetara bideratuko da, eta, besteak, berriz, krisietan dauden biztanleak artatu ez ezik, erakunde humanitarioak sendotu eta euskal gizartearen sentsibilizazioa sustatuko ditu.

Elkartasun-ekimenak 2024an

Iaz 56,7 milioi euro eman ziren 42 herrialdetan 176 elkartasun-ekimenak finantzatzeko.  Gehienak Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz hegoko Afrikan, Ekialde Ertainean eta Euskadin garatzen ari dira.

eLankidetzaren lehentasunei jarraituz, funtsen % 17,14 inguru emakumeak ahalduntzeko ekimenetara bideratu ziren, eta % 15,92 hegoko erakunde feministek egindako proiektuetara. Gatazketan eta bestelako indarkeria-egoeretan egindako ekintzak % 21,48 jaso zuten, eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko proiektuek funtsen % 6,19a.

Azkenik, azpimarratzekoa da, diruz lagundutako ekimenen % 26,51 Afrikan egiten direla eta % 15,45 Euskadin. Azken horien artean, gizarte-eraldaketarako hezkuntzako edo GGKEak sendotzeko ekintzak.