Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hitzarmena sinatu du Urretxuko Udalarekin, etxebizitza babestua eskuratzeko herritarrei emandako informazioa eta laguntza hobetzeko

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Urretxuko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, herritarrek etxebizitza babestuak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko duten informazioa eta laguntza hobetzeko. Akordio horri esker, Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroko (Etxebide) izen-emateak modu efizienteagoan kudeatu ahal izango dira, eta pertsona interesdunek esleipen-prozesuetan parte hartzeko behar den orientazioa jaso ahal izango dutela bermatuko da.

Denis Itxaso sailburuak adierazi duenez, akordio horien helburua da «pertsona guztiei etxebizitzaren merkatuan berme osoz sartu ahal izateko beharrezko informazioa eta baliabideak hurbiltzea. Horrela, Urretxuko Udalak herritarrei arreta zuzena eman ahal izango die, gehien behar dutenei etxebizitza-zerbitzuak hurbilduz.

Itxasoren hitzetan, «hitzarmenak administrazioaren eta herritarren arteko hurbiltasun handiagoa ahalbidetzen du, etxebizitzaren arloko arreta udal-esparrura eramanez». Lankidetza horrek ez dakar inolako kontraprestazio ekonomikorik, eta, horri esker, Urretxuko Udalak Etxebideren erregistroa kudeatzeko eta interesdunei kalitatezko informazioa emateko beharrezkoak diren aplikazio informatikoak eskuratu ahal izango ditu. Eusko Jaurlaritzak gaur egun antzeko akordioak ditu Bilboko, Gasteizko, Getxoko, Basauriko, Zarauzko eta Azpeitiko udaletan.

Arreta-eredu eskuragarriagoa

Hitzarmen horiek sinatzen dituzten udalerriek Etxebideren sisteman sartzeko aukera dute, eta, horri esker, beren udalerrian izena eman duten pertsonen espedienteen egoera kontsulta dezakete, zein helbide eta sustapenetan parte hartzen duten ezagutu dezakete, baita zein puntuaziorekin parte hartzen duten ere. Eskuragarri dagoen informazioa herritarrek BAKQ identifikazio-txartelarekin ikus dezaketen bera da.

2024ko apirilean, etxebizitza-eskubide subjektiboari buruzko Dekretua argitaratu zenean, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EGPO) espedienteak —lehen LANBIDEk kudeatzen zituenak— Etxebideri helarazten hasi ziren, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoan (EPE) sartzeko. Prestazio hori, subsidiarioa, mantendu egiten da eskatzaileei etxebizitza babestua esleitzen zaien bitartean. Prozesu horretan, egoera ahulean dauden kolektiboentzako aurrez aurreko arreta indartzeko beharra identifikatu da. Lanbidek hainbat udalerritan ditu bulegoak, eta Etxebideren aurrez aurreko arreta-eredua, berriz, Jaurlaritzaren leihatila bakarrean (Zuzenean) oinarritzen da. Leihatila hori hiru euskal hiriburuetan aurkituko dugu. Horregatik, Eusko Jaurlaritza KZ Guneen bidez asistentzia zabaltzeko aukerak aztertzen ari da, Etxebideren izapidetze elektronikoa erraztuz.