Itxasok Premiazko Neurriei buruzko Lege bat iragarri du, etxebizitzen eraikuntza azkartzeko eta etxebizitzen alokairuaren merkatua babesteko

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok «Forum Europa. Tribuna Euskadi» topaketan iragarri du etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Lege bat izapidetuko dela. Legegintza-ekimen horren helburua da epeak murriztea, hirigintza-araudiak malgutzea eta maizterren babesa indartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuaren bizitegi-merkatua oso tentsionatuta dagoen testuinguru batean. Eusko Jaurlaritza EAJ-PNV eta PSE-EE legebiltzar-taldeekin batera ari da ekimen horretan lanean.

Bere hitzaldian, Itxasok Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodriguezen babesa izan du; ministroak administrazioen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, herritarrek etxebizitza duin eta eskuragarria izatea ziurtatzeko. Ildo horretan, sailburuak dei egin du «bai eskaintzaren eta bai eskariaren gainean jarduteko, eta ikuspegi zabala, analisi-sakontasuna eta bizitegiarekin lotutako arazo larriak jasaten duten erdiko klaseko pertsonekiko enpatia erakusteko». Helburu horrekin konprometituta dago Eusko Jaurlaritza legegintzaldi honen hasieratik, eta etxebizitza lehen mailako gizarte-azpiegitura gisa sendotzea lortu nahi du. Izan ere, Itxasoren hitzetan, «haien eskasiak eta daudenak garesti izateak arazo larriak eragiten ditu gizartean eta lurraldean, baita lehiakortasun ekonomikoan ere, errenta erabilgarria oztopatzen baitu eta talentua erakartzea baldintzatzen baitu ezagutzan trinkoak diren sektoreetan, edo eskulan handia eskatzen duten sektore ekonomiko eta lan-merkatu nagusietan, hala nola zaintzan eta turismoan».

Lurzoru gehiago eta burokrazia gutxiago

Egungo etxebizitza-krisia eskaintza-krisia da, eta etxebizitza-parkea ez da hazten ari gorantz doan eskaerari erantzuteko behar den erritmoan. Etxebizitzaren arazoa “erdiko klaseko pertsonen arazo bihurtu da, eta ez soilik klase ahuleneko pertsonena”, azpimarratu du sailburuak. Itxasok bere hitzaldiaren parte bat etxebizitza eskuratzeko arazoak erdiko klaseko pertsonengan duen eragina deskribatzeko erabili du: «emantzipatzeko batez besteko adina kolokan ikusten duten erdiko klaseko pertsonak, etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroa handitzen ari diren erdiko klaseko pertsonak, garai batean arazo horiek zentzuzko merkatu libre batean konpontzen zutenean, etxebizitzaren kostuei aurre egiteko diru-sarreren % 40, 50 edo 60 enbargatuta ikusten duten erdiko klaseko pertsonak». Hori dela eta, askotan arazoaren benetako dimentsioa karikatura bihurtzen duten gaien artean igarotzen den eztabaida politiko bat gainditzeko eskatu du sailburuak. “Ezin da sinplifikatu eztabaida etxegabetzeen eta legez kanpoko okupazioen artean dagoenera”, eta beharrezkoa da etxebizitzako politika publikoen “integraltasuna” defendatzea “eraldaketarako mekanismo gisa”.

Bilboko Ercilla Hotelean bildutako entzuleen aurrean, Denis Itxasok etxebizitzaren alderdi sozial honetan nahastutako aktoreen ekosistema baten alde lan egiteko beharra azaldu du, “botere publikook geuk bakarrik ezin diogulako aurre egin aurrean dugun erronka inbertitzaile erraldoi honi”. Ondorioz, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren erantzuna, Jaurlaritza babesten duten talde parlamentarioekin batera, etxebizitzaren garapena errazteko hirigintza-irizpideen berrikusketa ekarriko duen lege-proposamena bultzatzea baino ez da. Hala, etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeak lurzoruaren, etxebizitzaren, turismoaren eta ingurumen-administrazioaren arloko arau-aldaketak sartuko ditu, helburu hauekin:

  • Hirigintza-izapideetan administrazio-epeak % 50eraino murrizten lagunduko duten mekanismoak bilatzea, etxebizitza babestuaren garapena errazteko, eta administrazio-isiltasun positiboa ezartzeko legezko bide posibleak aztertzeko, edo, hala badagokio, espedienteen jarraipena ahalbidetzeko.
  • Hirigintza-irizpideak malgutzea, udalei lurzoru urbanizagarrian etxebizitza libreen eta babestuen ehunekoak doitzeko aukera emanez, eragiketa bakoitzaren bideragarritasuna bermatzeko. Hala eskatzen duten udalek Babes Ofizialeko Etxebizitzen kopurua gutxienez % 60an finkatu ahal izango dituzte eskakizun horiek, osoko bilkuraren erabaki bidez.
  • Eudelekin lankidetzan, etxebizitza babestuetarako lurzoru-erreserba estrategiko bat sortzea, baita Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko lurzoruen lagapena sinplifikatu eta arinduko duen prozedura bat ere.
  • Etxebizitza publikoen parkea trinkotzea, eraikin babestuetan altuerak (altxaerak) handitzeko aukera emanez, lurzoru gehiago kontsumitu gabe 2.000 bizitoki berri sortzeko aukerarekin.
  • Alokairuaren erregulazioa indartzea, eremu tentsionatuetan arauak betetzen ez dituzten jabeentzako zehapen espezifikoak ezarriz, espekulazioa mugatuz eta bidezko prezioak bermatuz.
  • Erabilera Turistikorako Etxebizitzak (ETE) arautzea, eremu tentsionatuetan etxebizitza turistiko berrien jarduera ekonomikoa debekatuz.
  • Estatuaren Kontratuen Legean aurreikusitako presazko kontratazio-formulak erabiltzea, bizitegi-larrialdiko egoera baten aurrean epeak murriztu ahal izateko.

 

Ekimen horiez gain, nabarmentzekoa da eraikuntzaren sektorearen industrializazioa Eusko Jaurlaritzaren funtsezko ardatzetako bat dela etxebizitza-eskaintzaren krisiari aurre egiteko. Industrializazioa «eraikuntzarena bezalako sektorea indartzeko eta modernizatzeko aukera bikaina da, eta horren mende gaude erabat, lehen deskribatu dugun eskaera horri soluzioa emateko», azaldu du Itxasok. Euskal Autonomia Erkidegoan “industria gure DNAren parte da, eta eraikitzaileen inguruan tradizio luzea ere badugu”; beraz, “merezi du eraikuntzaren industrializazio-estrategia propioa izatea”, gaineratu du sailburuak.

Ekintzarako eta akordio politikorako deia

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak “arazoak soluzioa duela” esanez amaitu du bere hitzaldia, arduraz jokatzeko eta erakundeen arteko lankidetzarako deia eginez. Soluzioak, bere hitzetan, “bizi dugun egoeraren mailan egongo diren baliabideak, akordioak eta premiazko erreformak eskatzen ditu”. “Euskal Autonomia Erkidegoak gauza asko egin ditu ondo etxebizitza arloan, baina egungo egoerak pauso berriak ematera behartzen gaitu, eta azkar egin behar dugu”, azpimarratu du.

Etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legearen proposamena datozen asteetan aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrean, ahalik eta azkarren indarrean jartzeko, higiezinen sektorea dinamizatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuaren merkatua orekatzeko eta herritarren kezka nagusietako bati premiaz erantzuteko: etxebizitza duin eta eskuragarria izateko eskubideari. «Ikuspegi zabala, analisi sakona eta klase horiekiko enpatia besterik ez dut eskatzen, bizitegiarekin lotutako arazo larria pairatzen baitute», esan du Denis Itxaso sailburuak.