Asteburu honetan, martxoaren 8ko eta 9ko asteburuan, emakumezkoen bela-tripulaziorik onenak lehiatuko dira Abrako Bizkaiko uretan EKP Women’s Cup estropadan, J80 klasean. Iberdrola Ligan dagoen proba hori EKP – Euskadiko Kirol Portuak/Puertos Deportivos de Euskadi entitateak babesten du. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende dagoen entitate horrek 25 urte beteko ditu aurten. Estropadaren antolatzailea Abra Itsas Kirol Errege Kluba – Sporting Errege Kluba da.
Seigarren urtez jarraian, eta kanporaketa-formatuan (round-robin guztiak guztien kontra), itzuli da EKP Women’s Cup J80 klasea, eta, gainera, Iberdrola Ligaren barruan. Abra Itsas Kirol Errege Kluba – Sporting Errege Klubak antolatu du proba, eta Abrako Bizkaiko uretako estropada-eremuan egingo da. Irteerak larunbatean 12:00etan eta igandean 11:00etan izango dira, emakumezkoen tripulazioen nabigazioa sustatzen eta lidergoa bultzatzen dituen hitzorduan.
Anfitrioia den Bizkaiko klubeko bi taldek eman dute izena (Joana Abasoloren Svrnek eta Carmen Galdos patroi duen ontziak), eta ordezkariak izango dituzten gainerakoak dira: Team RCN Valencia, Altea Klub Nautikoa, Vilanova Klub Nautikoa, Santanderko Marítimo, Baionako Monte Real Club de Yates, Port de Pollençakoa, Kanaria Handikoa eta Arenal Klub Nautikoa edo Tenerifekoa.
Getxo Espainiako Bela Errege Fedrazioak 2025eko Iberdrola Ligarako ezartzen duen egoitzetako bat da, eta monotipoetan Espainiako emakumezkoen bela-zirkuitu bakarra da. Apirilaren 26an eta 27an Altea KN-n jarraituko du Platú 25 ontziekin; maiatzaren 10ean eta 11n Kanaria Handiko EKN-n J70 ontziekin; irailaren 13an eta 14an Palmako EKN-n Brenta 24rekin; eta finala urriaren 10etik 12ra bitartean Calpeko EKN-n Tom 28rekin.
Getxo final handiaren egoitza izan zen 2024an. Klubek parte hartzen duten taldeen eskura jartzen dituzten ontzi horiek erabiltzeak interes bikoitza ematen dio Iberdrola Ligari: alde batetik, baldintza berdinak izatea, tripulazioek euren potentzial osoa garatu ahal izan dezaten euren trebetasunak estropada-eremuan probatuz, eta, beste alde batetik, kostuak merkatzea, beren ontzia garraiatu beharrik ez dutelako.
Lehiaketako bi jardunaldi
Iberdrola Ligako VI. EKP Women’s Cup hau martxoaren 7an, ostiralean, hasiko da. Egun horretan estropada-bulegoa irekiko da eta belen eta taldeen erregistroa eta kontrola egingo dira, eta, gainera, entrenamendu-probak eta patroien bilera ere egingo dira. Martxoaren 8an, larunbatean, eguerdian, planteatutako ibilbideetako lehenengoa irtengo da, eta martxoaren 9ko, igandeko, behin betiko jardunaldian jarraituko dute. Edurne Egaña EKPko zuzendariak sari-banaketan parte hartuko du.
Iberdrola Ligako Emakumezkoen Espainiako Bela Txapelketaren antolatzaileak dira, federazio autonomikoen laguntzaz, Espainiako Bela Errege Federazioa, Abra Itsas Kirol Errege Kluba – Sporting Errege Kluba, Altea Klub Nautikoa, Kanaria Handiko Errege Klub Nautikoa, Palmako Errege Klub Nautikoa eta Calpeko Errege Klub Nautikoa.
Euskadiko Kirol Portuak da Abrako txapelketaren babeslea, eta aurten, 2025ean, mende laurdena beteko du Euskadiko kirol-portuak kudeatzen eta hobetzen. Urteurren hori ospatzeko, hainbat jarduera egingo ditu, horien artean emakumezkoen hitzordu horri babesa ematea, bai eta asteburu honetan Hondarribiak hartuko duen ICLA4ko (Laser) estropadari ere.