Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak parte hartu du astelehen honetan, Gipuzkoako Foru Aldundian, Isabel Pérez Marcos Euskotreneko gidariari egindako omenaldian. Izatez, Euskotreneko gidari horrek Lurraldebuseko autobus batean bihotzekoa izan zuen bidaiaria artatu zuen. Isabel Pérez Marcos gidariari egindako aitorpenean, Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak ere parte hartu du, eta adierazi du gertakariak hilaren 15ean izan zirela, UPV/EHUren Donostiako campusaren parean. Langilea erabiltzaileetako batek konortea galdu zuela ohartu zen, eta bihotz-biriketako bizkortze maniobra egin zion, laguntza medikoa jaso ahal izan zuen arte.
Sailburuak eta Euskotreneko presidenteak —Euskotren da gertakaria izan zen UK10 linearen emakidaduna— uste du profesional hori “jarraitu beharreko eredua dela langile guztientzat, bere eguneroko zereginaren testuinguruan haratago joan baita, eta tentsio handiko, egoera batean adorez, gizalegez eta gizarte-konpromisoz jardutearen adibide izan da”.
Era berean, García Chuecak nabarmendu du garrantzi handikoa dela enpresek lehen sorospenetako prestakuntza sustatzea —Euskotrenen kasuan, 238 lagunek jaso dute prestakuntza hori 2024an— eta gune estrategikoetan edo jende ugari biltzen den guneetan desfibriladoreak instalatzea —30 geltokitan instalatuta daude dagoeneko—.
Foru Aldundiko arduradunak aditzera eman duenez, “ekitaldi hau ez da Isabelen giza kalitatearen testigantza hutsa, gure garraio publikoko langile guztiek egunero erakusten duten dedikazioaren eta konpromisoaren erakusgarri ere bada. Garraio publikoko lanak erantzukizuna, enpatia, pazientzia eta ustekabeko egoerei aurre egiteko gaitasuna eskatzen ditu. Eta Isabelen adibideak bidea markatu behar digu”.
Ekitaldian, gidariaren senideek eta lankideek ere parte hartu dute, eta gidaria hunkituta agertu da jasotako aitorpenarekin.