Fidel Zavala, giza eskubideen defentzailearen atxiloketaren aurrean El Salvadorreko Euskal Ordezkaritzaren jakinarazpena

0

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide Zuzendaritzak, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Legebiltzarrak , Paz y Solidaridad Euskadi, BLB eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeek, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak osatutako Euskal Ordezkaritzak El Salvador bisitatu zuten joan zen urtarrilean, NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen egoeraren jarraipena egiteko. Bisita horren helburua izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan 2023 eta 2024 urteetan hartutako pertsonen egoera pertsonalaren eta antolaketa-egoeraren jarraipena egitea, eta EAEko erakundeek eta antolaketa-erakundeek giza eskubideen aldeko prozesuetan emandako laguntza ikusaraztea.

Ordezkaritzak bilerak egin zituen UNIDEHC eta giza eskubideen aldeko beste erakunde batzuekin, sindikatuekin, mugimendu feministarekin, LGTBIQ+ herritarren defentsarako erakundeekin, giza eskubideen aldeko erakundeekin, kazetariekin, ingurumenaren eta lurraldearen defendatzaileekin, salbuespen-erregimenaren biktimekin, ama bilatzaileekin eta erakunde akademikoekin. Jarraitutako agendaren esparruan, Ordezkaritza honek Fidel Zavala Giza Eskubideen defendatzailea ezagutzeko aukera izan zuen, baita hark zuen kezka handia berarekin partekatzeko ere; izan ere, uste zuen El Salvadorko agintariek berriro harrapatu eta bidegabeki akusatu zezaketela, herrialdeko kartzela batean 13 hilabete egon ondoren —berari iruzur larriagotu bat egotzi ondoren errugabe jo eta gero— ikusi zituen tortura eta tratu txarrengatik 2024an egin zuen salaketa publikoaren errepresalia gisa.

Joan zen asteartean, otsailaren 26an, Fidel Zavala jauna atxilotu egin zuten, La Floresta komunitateko lurren defendatzaileei laguntzen ari zela, legez kanpoko elkarteak osatzea eta abokatu gisa legez kanpo aritzea egotzita.

Egoera horren aurrean,

ESKATZEN DUGU:

  1. Haren aldeko kautelazko neurriaren eskaerari berehala erantzutea.
  2. Fidel Zavala jaunak Zuzenbidearekin bat datorren prozesu judiziala izateko ezarritako legezko berme juridiko guztiak izatea.
  3. Zavalaren familiak, legeak ezarritako baldintzetan, bere egoeraren berri izan dezan eta, hala badagokio, familiaren bisita jaso dezan.
  4. Bereziki zaindu dadila bere osotasun fisikoa, bere familia- eta gizarte-ingurunea bere bizitzaren beldur baitira, atxiloketa hori errepresalia gisa erabil daitekeela susmatuz 2024an El Salvadorko espetxe-sistemari egindako salaketa publikoengatik.

Haren egoera eta prozesuaren garapena hurbiletik zainduko dugu.