Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak eta Jose Luis Azpiazu Bilboko Udaleko Zerbitzuen zuzendariak nabarmendu egin dute NEXT Euskadi programaren laguntzari esker hirian gauzatu diren bi proiektuk berekin ekarri duten ingurumen-hobekuntza. Programa hori Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak kudeatzen du, Ihobe sozietate publikoaren lankidetzarekin. Zehazki, Udalak 490.000 euro baino gehiago jaso ditu NETX funtsetatik Elorrietako Bilbogarbiren instalazioak hobetzeko eta etxebizitzakoak ez diren hondakinak hogei hoteletatik jasotzeko.
Elorrietako Bilbogarbiren erreformak 400.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta beraren bidez hobetu egin da hondakinak biltzeko azpiegitura hori, ehun-hondakinen eta etxebizitzetako hondakin arriskutsuen bilketa barne sartuta.
Elorrietako Bilbogarbiren berrikuntzak barne hartu du hondakinen frakzioak biltegiratzeko egokiak diren edukiontzi eta kaiolen erosketa, eta baita hondakinen sarrerak eta irteerak pisatzeko baskulen erosketa ere. Orobat, hondakinak biltegiratzeko eremuko sabaia hobetu da, lehentasuna emanez eguzki eta urarekiko esposizioagatik euren birziklapen edo balorizazioan kalteak izan ditzaketenei, hala nola hondakin elektriko eta elektronikoak, pilak, ehunkiak, bernizak eta etxebizitzetako beste hondakin arriskugarri batzuk.
Gainera, hondakin arriskugarriak biltegiratzeko eremua iragazgaizteko eta hango isuriak jasotzeko lanak egin dira, eta hobekuntzak egin dira hondakinak biltegiratzeko eremurako sarbideen kontrolean, honako elementu hauek barne sartuta: hesiak, sarbidea kontrolatzeko sistemak, biltegiratze-eremuen itxiturak, bideo-zaintzako sistemak eta alarmak.
Horrez gain, gaikako bilketa-eredu efiziente bat ezartzeko proiektu pilotu bat gauzatu da, etxebizitzakoak ez diren hondakin ugari sortzen dituzten eragileei zuzenduta (frakzio organikoa, papera, kartoia eta ontziak), hala nola hotelei; horretarako, sentsoreak erabili dira, eta edukiontzien irekiera eta kamioien pisua kontrolatu dira, eta horri esker urtean 6 tona CO2 gutxiago isurtzen dira atmosferara.
Emaitza horiek lortzeko, 20 hotelekin lan egin da haien beharrak detektatzeko eta etxebizitzakoak ez diren hondakinak atez ate biltzeko zerbitzu berriaren betekizun funtzional eta teknikoak modu bateratuan diseinatzeko. Horri begira, pisatze-sistemak ezarri dira hondakinak atzetik jasotzeko bi kamioitan -biak konpartimentutan banatuta-, eta sentsoreak eta irekieraren kontrola dituzten 80 edukiontzi banatu dira, hondakinen frakzio bakoitzerako.
Proiektuetara egindako bisitan, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak horrelako ekimenen garrantzia nabarmendu du; izan ere, bere esanetan, “hondakinen kudeaketa optimizatu ez ezik, berotegi-efektuko gasen isurketak murritzen lagundu ere egiten dute”. Zehazki, frakzio organikoari, paper eta kartoiari eta ontziei dagokienez, kalkulatzen da urtean 6.095,64 kg gutxiago isuri direla. Sailburuordeak adierazi duenez, horrelako proiektuen aldeko sostengua “ Euskadiko deskarbonizazio eta klima-ekintzako estrategian” kokatzen da.
Jose Luis Azpiazu Bilboko Udaleko Zerbitzuen zuzendariak, berriz, “NEXT Euskadi programaren garrantzia” azpimarratu du, zeren udalerrioi ahalbidetu baitigu ekimen berritzaileei heltzea eta epe labur eta ertainera planteatzen zaizkigun ingurumen-erronkei aurre egiten jarraitzea. Eta, zehazki, hiri-hondakinen kudeaketarekin zerikusia dutenekin”.
Hotelekin izandako lankidetza funtsezkoa izan da etxebizitzaz besteko sektore osorako egokigarria eta eskalagarria den eredu berri bat ezarri nahi duen ekimen honen arrakastarako. Proiektu pilotu honek erabilitako udal baliabideak optimizatzen ditu, eta, gainera, eragile bakoitzaren hondakin-ekarpenari buruzko informazio erreal eta trazagarria sortzen du, sortutako hondakinen kantitatea murrizteko erabakiak hartzen lagunduz.
Next Funtsak Euskadin
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, NextGenerationEUtik jasotako funtsei esker, NEXT Euskadi programa abiatu zuen, eta beraren bitartez 18 milioi euro baino gehiago bideratu ditu ehun proiektu ingururi laguntzeko, bai hondakinei buruzko araudia inplementatzeko eta bai ekonomia zirkularra sustatzeko.
Laguntzak bideratu dira hondakinak biltzeko edo tratatzeko zerbitzuak betetzen dituzten udalerri, foru aldundi, mankomunitate, kuadrilla eta sozietate publikoetara.
Laguntza hauekin finantzatzen diren proiektuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: hondakinak berrerabilerarako prestatzeko planten eraikuntza, Gipuzkoa eta Araban; konpostatze-planten eraikuntza, Bizkaian; garbiguneen egokitzapena, hiru Lurralde Historikoetan; eta materia organikoaren gaikako bilketa hedatzeko edukiontzi-sistemen ezarpena.
NEXT Euskadi funtsekin finantzatutako proiektu guztiek 2026ko maiatzaren 31 baino lehen egon beharko dute burututa.