Bilbo anfitrioia izango da, 2025eko martxoaren 12an eta 13an, EU-JAMRAI 2 Europako Ekintza Bateratuaren urteko lehen bileran. Ekitaldi hori funtsezkoa da mikrobioen aurkako erresistentziaren (RAM) eta osasun-arretarekin lotutako infekzioen aurkako borrokan. Foro horrek 30 herrialdetako 200 aditu inguru bilduko ditu Bizkaia Aretoan, tartean Europako Batzordeko eragile politikoak, zientzialari profesional adituak eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak. Horrela, One Health (Osasun Bakarra) —zeinak gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko lotura bere gain hartzen du— ikuspegiaren baitako estrategiak aztertuko dituzte.
Mikrobioen aurkako erresistentzia munduko osasun publikorako mehatxu handienetako bat da; urtero 35.000 heriotza baino gehiago eragiten ditu Europar Batasunean eta Europako Esparru Ekonomikoan, eta 1,3 milioi planeta osoan. Gainera, animalien ekoizpenean galera esanguratsuak eragiten ditu, 2.000 milioi pertsonaren elikadura-premien baliokideak. EU-JAMRAI 2ren helburua da neurri zehatzak ezartzea zifra kezkagarri horiek murrizteko eta mikrobioen aurkako terapia eraginkorrak eskura edukitzea bermatzeko.
Hain zuzen ere, mikrobioen aurkako erresistentzien kontrola Alberto Martinezek zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasun estrategikoa da. Hala jasotzen da funtsezko zenbait dokumentutan, hala nola Euskadi 2030 Osasun Planean, 2030erako Pazientearen Segurtasunerako Estrategian eta Osakidetzaren 2023-2025 Plan Estrategikoan, zeinak eragina baitute aipatutako One Health ikuspegiaren garrantzian.
Bilboko hitzordua —nazioarteko ekimen horren urteko lehen bileraren eszenatokia—– Biosistemak Institutuak antolatu du, eta Osasuneko sailburuorde Enrique Peirok eta Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Iñaki Gutierrez Ibarluzeak inauguratuko dute.
Erantzun koordinatua
Frantziako Osasun eta Ikerketa Medikoko Institutu Nazionalak (Inserm) koordinatuta, EU-JAMRAI 2k 2024ko otsailean ekin zion bere jarduerari, 62,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta EU4Health programak finantzatu zuen gehienbat. Proiektu honek 30 herrialdetako 128 erakunde biltzen ditu, EBko estatu kideak, Islandia, Norvegia eta Ukraina barne. Mikrobioen aurkako erresistentzia murriztea du helburu, plan nazionalak indartzeko, mikrobioen aurkako produktuen erabilera arrazionala sustatzeko eta zaintza integratua hobetzeko ekintza bateratuen bidez.
Ildo horretan, EU-JAMRAI 2ren helburua da osasun-zentroetan infekzioen prebentzioa eta kontrola indartzea, pertsonetan nahiz animalietan mikrobioen aurkako produktuen erabilera arduratsua sustatzea, eta One Health zaintza-sistema europarra ezartzea. Gainera, funtsezko sendagaiak eskuratzeko aukera hobetu nahi du, haien eskuragarritasuna bermatuko duten soluzio berritzaileen bidez. Ekintza horiek kontzientziazio-kanpainek eta jokabide-aldaketa jasangarriek babesten dituzte.
Etorkizunari begirako ikuspegia
Urteko lehen bilera horretan, proiektuaren lehen urtean lortutako aurrerapenak aurkeztuko dira, eta hurrengo hiru urteetarako lehentasunak zehaztuko dira.
Baieztatutako parte-hartzaileen artean daude Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroko (ECDC) ordezkariak, Sendagaien Europako Agentziakoak (EMA), Animalien Osasunerako Munduko Erakundekoak (WOAH), Osasunaren Mundu Erakundekoak (OME) eta nazioarteko beste hainbat erakundetakoak.
Eztabaidetan RAMaren murrizketan aurrerapena bultzatzen duten funtsezko lehentasunak landuko dira, jardunbide onenak partekatzeko herrialdeen arteko lankidetza jasangarria azpimarratuz.
Euskadiren eginkizuna
Euskadik funtsezko eginkizuna betetzen du proiektu honetan, Biosistemak Institutuaren bidez. Institutu horrek, Murtziako Osasun Prestakuntza eta Ikerketarako Fundazioarekin (FFIS) batera, abian jarritako praktika eta politiken inpaktuaren ebaluazioa gidatzen du.
Gainera, Osakidetzak berariazko jarduketak garatzen ditu, hala nola Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko Programa (PROA), ospitaleetan eta Lehen Mailako Arretan diagnostikoan, tratamenduan eta preskripzio arrazionalean jardunbide egokiak sustatzeko diseinatuak. Ekimen horiek gaitasun profesionalak indartzeaz gain, mikrobioen aurkako erresistentzien kontrol eraginkorrari ere laguntzen diote zuzenean.