Markel Fernandezek, orain arte Basque Teamek eta Euskadiko Atletismo Federazioak bultzatutako bikaintasun proiektuko kide izan denak, etxean aurkeztu du pista estaliko bere bigarren Europako txapelketa absolutuan lortutako domina. Bilbon kokatuta dagoen Euskadiko Artxibo Historikoan gaur goizean egindako prentsaurrekoan gauzatu du aurkezpena, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak, Euskadiko Atletismo Federazioko Jose Anderez eta Jesus Rubianesek eta Euskal Federazioen Batasuneko presidente den Angel Gurrutxagak lagunduta.
Duela bi urte Istanbuleko Europako Txapelketan 4×400 metroko erreleboarekin laugarren izan ondoren, Sopelako esprinterrak ranking bidez irabazi zuen bere postua, Apeldoornen (Herbehereak) lehen aldiz bakarka aritzeko. Bere helburua finalerdietara pasatzea zen 400 metroetan eta ahalik eta azkarren korrika egitea erreleboan egoteko.
Nederlandiako lurretan egindako lana ezinhobea izan da, 400 metroetan egindako behar bikainari bigarren metal preziatuena gehitu baitzaio taldekako proban.
4x400eko gizonezkoen erreleboak zilarrezko domina lortu zuen pista estaliko Europako txapelketan, Estatuko errekorra hautsita. Urrea Herbehereentzat izan zen, publikoaren eldarnioaren aurrean, eta brontzea Belgikak lortu zuen, Espainiaren denbora berarekin, 3:05.18.
Markel Fernandezek, Manuel Guijarrok, Oscar Husillosek eta Bernat Ertak osatzen duten laukoteak segundo bat baino gehiago jaitsi zuen aurreko Espainiako marka, eta Herbehereetatik 23 ehunenera geratu zen.
Markel Fernandezek abiatu zuen lasterketa 1. kaletik, eta, beraz, ez zuen erreferentziarik izan lehen posta horretarako. 200 metrokora laugarren iritsi zen, Manuel Guijarrori lekukoa eman zion toki berean. Azken horrek bere indarra erakutsi zuen, Oscar Husillosi laugarren postuan utzi aurretik.
Ordurako nederlandarrak nagusi ziren argi eta garbi, baina gainerako postuak irekita baino irekiago zeuden. Husillosek bizkortzeko eta podiumeko postuetan jartzeko aprobetxatu zuen, belgikarren atzetik kokatuz. Horrela utzi zion lasterketa Bernat Ertari. Gizonak dena tartanean utzi zuen, britainiarrak domina kentzea eragotziz, eta finish argazkiarekin baieztatu zen bigarren postua ziurtatuz.
Asteburu honetakoa lehen metala da Sopelako atletarentzat maila honetako lehiaketa absolutu batean. 22 urteko gazteak oso pozik egon behar du Europako Indoor Txapelketan egindako lanarekin, izan ere, 46.19ko denborarekin, Euskadiko errekorra hautsiz, eta parrillan Klein Ikkink bertako idoloa gaindituz, finalerdietara iritsi zen 400 metrokoan. Txapelketa honetako beste helburuetako bat bete zuen horrela. Markelek lasterketa bikaina egin zuen eta bigarren izan zen Maksymilian Szwed poloniarraren atzetik (45.69). Zoritxarrez, egun horretan bertan, finaletik kanpo geratu zen serie gorabeheratsu baten ondoren.
Gorka Iturriagak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, gure kirolariek Euskadiren ordezkari gisa Munduan egiten duten lana azpimarratu du: «Kirola, eta batez ere goi mailako kirola, elementu indartsua da gure herriaren nazioartekotzerako, eta horregatik da hain garrantzitsua gure kirolariek egiten duten lana. O harro sentitzen gara haietaz».
Bestalde, Olatz Legarza Basque Team koordinatzaileak Fundazioak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kirolari guztiei ematen dien laguntza azpimarratu nahi izan du: «Kirolarien bizitzan presente egotea eta zerbitzu integrala eskaini ahal izatea oinarrizkoa da beren kirol-ibilbidea goi mailan luzatzeko. Talentua bertan babesteko eta atxikitzeko, zaintza funtsezkoa da».
Markel Fernandezen profila
Sopela, 2003-02-06
Markel Fernández Soto abiadura lasterketetan espezializatutako atleta da, batez ere 400 metrokoan. Basque Team Zentroan maiz ibiltzen den kirolarietako bat da, goi-mailako prestakuntza hobetzeko eta bertako laguntza jasotzeko. Bilbon entrenatzen du Iago Hermida Benitezekin eta Zaragozako Alcampo Scorpio 71 klubean korritzen du, 2023tik.
2021ean nazioartean debuta egin zuen 20 urtez azpiko Europako Txapelketan, non hogeita bigarren postua lortu zuen banaka eta hamahirugarrena 4×400 metroko erreleboetan.
2022an, 20 urtez azpiko Espainiako txapeldun izan eta Txapelketarako gutxieneko marka egin ondoren, 2022ko 20 urtez azpiko Munduko Atletismo Txapelketan parte hartu zuen, bere banakako proban finalerdietara eta 4×400 metroko proban finalera iritsita. Proba honetan 20 urtez azpiko Espainiako errekorra hautsi zuen Ángel González, Alberto Guijarro eta Gerson Pozorekin batera.
Bere lehen nazioarteko lehiaketa absolutua 2023ko Europako Pista Estaliko Txapelketa izan zen, Istanbulen, 4×400 metroko erreleboetan laugarren postua lortuz Óscar Husillos, Lucas Búa eta David García Zuritarekin batera. Urte berean, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartu zuen, Espoon (Finlandia). Bertan, hamahirugarren postua lortu zuen 400 metroetan eta seigarren postua gizonezkoen 4×400 metroko errelebuetan, Ángel González, Bernat Erta eta Manu Bearekin batera.
2024an maila absolutuan lehiatu zen Cuiabán (Brasil) Atletismo absolutuko Iberoamerikako Txapelketan, non finalera sailkatu zen eta zortzigarren postua erdietsi zuen.
Markelek kirola eta ikasketak uztartu ditu. Derrigorrezko hezkuntza (DBH) eta batxilergoa Ander Deuna Ikastolan (Sopela) egin zituen. Ondoren, Marketin eta Publizitateko Goi Mailako Gradua ikasi zuen Harrobia Ikastolan, eta gaur egun Salmenten eta Merkataritza Espazioen Kudeaketako Goi Mailako Gradua (GVEC) ikasten ari da Txorierriko Politeknikan.
Nabarmendutako emaitzak nazioarte mailan
2021
20 urtez azpiko Europako txapelketa, Tallin, 22., 400 metro, 48,58
20 urtez azpiko Europako txapelketa, Tallin, 13., 4×400 metro, 3:17.81
2022
20 urtez azpiko Munduko txapelketa, Cali, 16., 400 metro, 46,88
20 urtez azpiko Munduko txapelketa, Cali, 4., 4×400 metro, 3:06.91
2023
23 urtez azpiko Mediterraneoko txapelketa pista estalian, Valentzia. 1.go, 400 metro, 46,99
Europako txapelketa pista estalian, Istanbul, 4., 4×400 metro, 3:06.87
23 urtez azpiko Europakko txapelketa, Espoo, 13., 400 metro, 46,92
23 urtez azpiko Europakko txapelketa, Espoo, 6º, 4×400 metro, 3:05.68
2024
Atletismoko txapelketa Iberoamerikarra, Cuiabá, 8., 400 metro, 47,77