Gobernu Kontseiluak 107 milioi euroko gastua onartu du gaur etxebizitza-programak bultzatzeko.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azaldu duenez, laguntza horiek 6 lerrotan banatuta daude:
- 36 milioi euro, etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzetarako
- 30 milioi euro, alokairua sustatzeko
- 9,2 milioi euro, efizientzia energetikorako.
- 7 milioi, maileguen interesak diruz laguntzeko
- 25 milioi, Gaztelagun programarako
- Eta 400.000 euro, erabilitako etxebizitza librea erosteko
Halaber, Gobernu Kontseiluak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Construcciones Sukia Eraikuntzak SL erakundearen arteko hitzarmen bat sinatzea onartu du, Derion babes ofizialeko 88 etxebizitza sustatzeko.
Proiektu hori alokairu eskuragarria sustatzeko estrategiaren barruan dago, eta 3,96 milioi euroko inbertsioa dakar zuzeneko laguntzetan.
“Derioko sustapen berriak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua eskuratzeko eta alokairu eskuragarriko parke publikoa handitzeko duen konpromisoa – adierazi du Ubarretxenak- eta horrek egonkortasuna eta segurtasun juridikoa bermatzen ditu, bai sustatzaileentzat bai etorkizuneko maizterrentzat”.
6,7 milioi euroko inbertsioa Bakioko ikastetxe publikoan
Gobernu Kontseiluak Bakioko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea handitzeko obrak onartu ditu gaur. Aurreikusitako inbertsioa, guztira, 6,7 milioi eurokoa da.
“Handitze horren helburu nagusia da – azaldu du bozeramaileak-.udalerriak ikastetxe moderno bat izatea, ikaskuntzarako instalazio eta espazio malgu berriez hornitua. Proiektuak energia-sistema jasangarri eta efiziente berri bat ere jasotzen du”.
Ubarretxenak azaldu duen moduan, inbertsio hau Imanol Pradales lehendakariak aurkeztutako Hezkuntza Azpiegituren Planaren barruan sartzen da. Plan horrek 750 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta helburua du Euskadiko ikastetxe guztiek metodologia pedagogiko aurreratuenekin lerrokatutako espazio moderno, irisgarri eta jasangarriak izatea.
Era berean, Gobernuak 24 milioi euro bideratuko dituela itunpeko sareko hezkuntza-kooperatiben azpiegiturak eraikitzeko edo egokitzeko maileguak finantzatzera.
Laguntza horien helburua hezkuntza-erabilerarako higiezinak erosteko inbertsioak egiteko maileguak finantzatzea da; baita obra berriak egiteko, handitzeko, ordezteko eta egungo araudiak eskatzen dituen baldintzetara egokitzeko maileguak ere.
Dirulaguntzaren zenbatekoa maileguaren amortizazioaren eta interesaren %50era iritsiko da gehienez.
Hezkuntza Sailak 171 hizkuntza-laguntzaile kontratatuko ditu
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 2025-2026 ikasturterako ingeleseko, frantseseko eta alemaneko mintzapraktikarako 171 hizkuntza-laguntzaile kontratatzeari.
“Jaurlaritzak milioi bat euro baino gehiago emango ditu langile horiek finantzatzeko- esan du Ubarretxenak- eta horri esker, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eta hizkuntza-eskola ofizialetan ikasleen ahozkotasuna indartu ahal izango da”.
Hezkuntza Sailak finantzatuko dituen 171 hizkuntza-laguntzaile horietatik 157 ingelesdunak izango dira, bederatzi frantsesdunak eta bost aleman-hiztunak.
Informazio sarbiderako hitzarmena Osakidetzaren eta Gizarte Segurantzaren artean
Gobernu Kontseiluak baimena eman du hitzarmen bat sinatzeko, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, administrazio-espedienteen txosten medikoak telematikoki eskuratzeko.
Hitzarmen honen helburua da lanerako ezintasunagatik —aldi baterakoa izan edo iraunkorra izan— ematen diren prestazioen kudeaketa, kontrola eta jarraipena hobetzea, baita kontingentzia arruntetarako eta profesionaletarako ere.
Sarbidea langile baimenduek baino ez dute izango, eta aplikaziorako sarbide-puntu bakar baten bidez egingo da.
Osakidetzak 100 milioi euroko inbertsioa egin du dagoeneko, asistentziaren eraldaketa digitaleko prozesuan aurrera egiteko.
Zehazki, bozeramaileak adierazi duenez, baliabideak ondorengo esparruetara bideratu dira:
- herritarrentzako arreta hobetzera, «Erantzunak» izeneko kanal berriaren bidez
- pazienteen ahalduntzea sustatzera eta hitzorduen kudeaketa optimizatzera, horrela itxaronaldiak murrizteko
- lan profesionalaren burokratizazioa arinduko duten teknologiak ezartzera
- eta adimen artifizialean oinarritutako bideokontsultak ezartzera, mugikortasun urria duten pazienteentzat.
Nekazaritzako produktuen kalitaterako laguntzak
Gobernu Kontseiluak 880.000 euroko laguntza-programa onartu du, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitatea sustatzeko.
Laguntza hauek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzen duten nekazariei eta informazio- edo sustapen-jarduerak egiten dituzten ekoizleen elkarteei zuzenduta daude.