Bizkaiko Foru Aldundiak «Udalekuak 2025» programan izena emateko epealdia irekiko du, bihar

0

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatzen dute Udalekuak 2025 programa; udako kanpaina horrek aukera emango du Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako jolas eta hezkuntzako jardueren programen eskaintza zabalaz gozatzeko. Aurtengo kanpainan, 2025ekoan, hiru lurralde historikoetako 4.112 umek hartuko dute parte. Hain zuzen ere, Bizkaian 1.514 plaza eskainiko dira 7 – 13 urte bitarteko umeentzat. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira (biak barne).

Kanpaina gaur goizean aurkeztu dute honako hauek: Leixuri Arrizabalaga Arruza Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Juan José Rojo Bazán Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko zuzendari kudeatzaileak eta Isaac Palencia Caballero Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak.

Bizkaian, izena emateko aldia martxoaren 18tik 27ra arte izango da. Plazen zozketa apirilaren 29an egingo da notario aurrean. Araban, berriz, izena emateko epea martxoaren 19tik 28ra izango da, eta Gipuzkoan, martxoaren 18tik 28ra.

Programa uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo da, eta udalekuak lau aste hauetan banatuko dira: uztailaren 1-7 bitartean; uztailaren  8-14 bitartean; uztailaren 16 -22 bitartean, eta uztailaren 23-29 bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako zozketan plaza bat lortzen dutenak hiru foru-aldundiek eskainitako edozein instalaziotara joan ahal izango dira.

«Udalekuak 2025» kanpainari buruzko informazio gehiago web-orri honetan: www.bizkaia.eus/udalekuak.

Udalekuak 2025

«Udalekuak 2025» hiru lurraldeetan kokatutako 15 instalaziotan gauzatuko da. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Kattalin (Legasa- Nafarroa) aterpetxeetan eta Bizkaian kokatutako beste instalazio batean. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, Orio, Zarautz, Hondarribia, Igantzi eta Azkoitiko instalazioetan eskainiko ditu jarduerak. Azkenik, Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio ipiniko ditu Udalekuak 2025 programaren eskura: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker; parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.

Udalekuak 2025 kanpaina zabala eta askotarikoa da. Era askotako jarduerak eskainiko dira: baserri-eskoletan, ingurumenari buruzko jarduerak egingo dira, kirol-jarduerak ere egingo dira (piraguismoa, mendi-ibiliak, bela), bai eta jolas-jarduerak ere (jokoak, txangoak eta tailerrak, besteak beste).

Haurrek kirol- eta kultura-jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola: museoak ikusteko bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, Laser Tag, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arrauna, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, artaburuak, zakulariak, txingak, sokatira), via ferratak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Eta inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.

Udalekuen helburu nagusia da neska-mutilei elkarbizitzarako jolas-gune bat eskaintzea, autonomia pertsonala sendotu dezaten. Filosofia horrekin, 2025eko kanpainak helburu hauek ditu: oporraldietan ondo pasatzea erraztea; autonomia eta bizikidetza sustatzea; aisialdi hezitzailea bultzatzea; ingurune naturalera hurbiltzea eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea; aisialdiko jardueretan euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabil dadin bultzatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutaraztea; eguneroko bizikidetzan laguntasuna eta elkartasuna bultzatzea, eta genero-estereotipoak eta -rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.

«Udalekuak 2025» udako kanpainaren eskaintzan, bi hizkuntza-eredu egongo dira:euskara hutsez eta elebitan.

Inskripzioak eta kuotak

Bizkaiko zozketarako izen-emateak bihartik —martxoak 18- martxoaren 27ko 13:30era arte egin ahal izango dira; gehienez ere ,hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira.

Plazen zozketa apirilaren 29an egingo da, jendaurrean.

Aurten ezarritako kuota 142 euro da. Prezio horretan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripuetako eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriko garraioa jatorrizko lekutik (Donostia- San Sebastián, Bilbo eta Vitoria-Gasteiz).

Gainera, gainontzeko lurraldeetan bezala, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta/edo gizarte larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako haur eta gazteek eta/edo familia ugarikoak direnek hobaria lortu ahal izango dute kuotan.

Premia bereziak

Premia bereziak dituzten pertsonak (desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala dutenak) aisialdiko jardueretan integratzea sustatzeko, foru aldundiek plaza guztien % 5 gorde dute kolektibo horrentzat (Bizkaiaren kasuan 76 plaza, 2025. urterako). Integrazio-prozesu hori bermatze aldera, aldundiek kolektibo horiei arreta ematen dieten elkarte espezifikoen laguntza izango dute.

Gehienez ere 2 partaideko taldeetan inskribatu ahal izango dira (premia bereziak DITUEN pertsona bat + premia berezirik EZ duen pertsona bat)

Aurten, berritasun gisa sartu da tratamendu medikoa eskatzen duen patologia bat izatea, eta, beraz, akonpainamendurako eta laguntzarako monitoreen eguneroko arreta behar izatea, premia bereziak dituzten pertsonentzako osagarri gisa, aitortutako desgaitasuna eta mendekotasuna barne.