Kataluniako Generalitateko suhiltzaileen zerbitzuko (Estatuko garrantzitsuena da profesionalen kopuruari dagokionez) ordezkaritza batek Bizkaia bisitatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdien Zuzendaritza Nagusiko eta Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ) arduradunekin biltzeko.
Jardunaldia Uriosteko parkean hasi da, non Kataluniako ordezkaritzak Bizkaiko PSSZren instalazioak, prozedura operatiboak, prestakuntza-planak, antolaketa eta abar ezagutu baititu. Ondoren, Ispasterreko entrenamendu-eremuko instalazioak bisitatu dituzte. Suteak itzaltzeko lanen eta larrialdien agertoki errealistak birsortzeko diseinatu dago eremu hori. Gune hori erreferentea da larrialdi-zerbitzuetako profesionalen eta lotutako beste kolektibo batzuen (enpresetako segurtasun-brigadak eta nautikarekin lotura duten langileak, adibidez) prestakuntzan.
Arratsaldean, bisita teknikoen ondoren, Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak harrera egin dio ordezkaritzari, Foru Jauregian, jardunaldiaren emaitzak aztertzeko eta suhiltzaileen bi zerbitzuen arteko lankidetzan eman daitezkeen urratsak ezartzeko, sortzen diren aukerak kontuan hartuta.
Larrialdi-zerbitzuen arteko hurbilketa estrategikoa
Kataluniako ordezkaritzak -Kataluniako Suhiltzaile, Babes Zibil eta Landa Agenteen Eskolako buruak; Eskolako edukien buruak eta instruktoreen buruak- interesa adierazi dute Bizkaian aplikatutako metodologiak ezagutzeko, eta lankidetzarako bideak aztertu dituzte prestakuntzari eta arlo operatiboari dagokienez.
Laster, oraindik zehaztu gabe dauden datetan, Bizkaiko arduradunak Kataluniako Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren Eskolako instalazioetara joango dira bisitan, Generalitateko PSSZren prozedurak, prestakuntza eta abar ezagutzeko.
Bi zerbitzuetako arduradun nagusiek egin duten bileraren ardatza baterako lan-ildo bat ezartzea izan da, eta ezagutzak eta esperientziak partekatu dituzte larrialdiei aurre egiteko trebakuntza eta prestakuntza hobetzeko. Halako topaketek indartu egiten dute bi zerbitzuek prestakuntzan, esku-hartze operatiboak egiteko moduan eta prebentzioan bikaintasuna lortzeko hartu duten konpromisoa, eta sendotu egiten dute larrialdien arloan etorkizunean egongo diren erronkei aurre egiteko lankidetza-esparrua.