Izaskun Goñi Razquin, Pasaiako Portuko presidente berria

0

Eusko Jaurlaritzak, martxoaren 25eko Gobernu Kontseiluaren bileran, Izaskun Goñi Razquin izendatuko du Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente, Joakin Telleriaren ordez —erretiroagatik utziko du kargua—. Izendapen horrekin, Izaskun Goñi izango da Pasaiako Portuaren ardura nagusia izango duen lehen emakumea.

Izaskun Goñi (Iruñea, 1972) Ekonomian lizentziatua da, eta Pabeko Unibertsitateko Nazioarteko Enpresa Zuzenbideko masterra du; era berean, kudeaketa, digitalizazio eta teknologia berrien arloko prestakuntza du, eta lau hizkuntza menderatzen ditu –euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa—.

 

Ibilbide profesionala

Industriaren arloan eman zion hasiera ibilbide profesionalari, Oiartzungo Docuworld enpresako esportazio-arduradun gisa eta Bizkaiko Parke Teknologikoko Optima Comunicación enpresako zuzendari nagusi gisa, 8 urtez.

Azken bi urteotan, ezagutza industriara eramaten duen NHOD Industries Frantziako berrikuntzako ingeniaritzako presidente ez-exekutibo kargua izan du, eta SRT Automotiveko enpresako Aholku Batzordeko kide izan da.

Pasaiako Portuak Gipuzkoako erreferente ekonomiko gisa, nazioarteko merkataritzako nodo estrategiko gisa eta  euskal industriaren lehiakortasunerako azpiegitura gisa dituen erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu presidente berriak. Perspektiba zabala du nazioartekotzearen eta industriaren garapenaren arloan, eta esperientzia garrantsitsua eta ikuspegi estrategiko sakona du lankidetza publiko-pribatuaren arloan eta administrazioen arteko lankidetzaren arloan, baita eskualdeko ekonomiaren sustapenaren eta garapenaren arloan ere.

Izaskun Goñi Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa NAEN Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboko kidea izan da 8 urtez. Bertan, lankidetza logistikoko mugaz gaindiko proiektuetan lan egin zuen eta Europako funtsen bilketan ere aritu zen.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoaren Departamentuko zuzendari nagusi ere izan da 8 urtez, eta Industria, Digitalizazio, Politika Ekonomiko, Nazioarteko Merkataritza, Europako Funts eta Lan arloez arduratu da.

Bere ibilbide profesional garrantzitsuari esker, badu beharrezkoa den ezagutza Pasaiako portuaren hurrengo hazkunde-faseari aurre egiteko eta Euroeskualde Atlantikoko nodo logistikoekin lankidetzan sakontzeko.