Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak sustatutako laguntzak 45 urtetik gorako langabeei eta zaurgarri direnei edo bazterketa arriskuan dauden pertsonei zuzenduta daude
Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez, ahalegin handia egiten ari da lan merkatutik kanpo geratzeko arriskuan dauden pertsonak prestatzeko, ahalduntzeko, laguntzeko eta lan merkatura hurbiltzeko. “Ekonomiaren martxa onak denengana iritsi behar du. Ez dugu inor atzean utzi behar”, adierazi du Mikel Torresek.
Hala adierazi du Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur, astelehena, Zumarragara egin duen bisitan, ‘Lehentasunezko Arretako kolektiboentzako Enplegu Proiektu Integralak’ eta 2023-24 eta 2024-25 urteetako deialdietan lortutako emaitzak ezagutarazteko, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai udal mailan.
45 urtetik gorako langabeei eta zaurgarri direnei edo bazterketa egoeran geratzeko arriskuan dauden pertsonei arreta pertsonalizatua emateko dira laguntza horiek. Horretarako, banakako ibilbideak garatuko dira, hainbat ekintza konbinatuko dituztenak; hala nola, lan orientazioa, prestakuntza edo enplegua sortzea. “Euskadik gaur egun bizi duen egoeran, sektore askotan eskulan falta dela eta, ezin dugu onartu adinagatik, sexuagatik edo orientazio edo prestakuntza faltagatik pertsona ez-aktiboak egotea”, azpimarratu du Torresek.
Dirulaguntzak foru-aldundiei, mankomunitateei, kuadrillei eta euskal udalerriei zuzenduta daude, bai eta tokiko edo eskualdeko garapen agentziei eta horiei lotutako erakundeei ere. Kopuruei dagokionez, 12 milioi eurokoa da 2023-24ko deialdia, eta 11,5 milioikoa 2024-25ekoa. Horri esker, 44 eta 45 proiektu egin ahal izan dira eta 437 eta 441 pertsonak hartu dute parte, hurrenez hurren.
Enplegu proiektu integralak martxan jarri dira ‘Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak. Kolektibo kalteberak’, NextGenerationEU – Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.