Euskadik inklusio soziala indartu du tokiko 15 mahairekin eta 150 profesional baino gehiagorekin

0

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, helburua da «egoera zaurgarrian dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea, eta haien bizi baldintzak hobetzeko eta enplegu duina lortzeko aukerak sortzea»  

Inklusio sistemen arteko tokiko koordinazio mahaiek bultzada berri bat izan dute «egoera ahulean dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzeko eta enplegu duina lortzeko aukerak sortzeko», Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez.

Legealdi honetan, inklusio politikak indartu ditu Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Inklusio Zuzendaritza sortuta. Zuzendaritza horren helburua da «inklusio politika publikoen plangintza bultzatzea, inklusiorako euskal sistemaren egituraketan aurrera egitea eta inklusio proiektu esperimental eta berritzaileak garatzea», Torresek azpimarratu duenez, asteazken honetan Bilbon egindako Inklusio Mahaien Topaketan.

Egun, 15 tokiko mahai daude martxan Euskadin, eta hainbat eremu eta sektoretako 150 profesionalek baino gehiagok hartzen dute parte. Mahai horiek auzo, udalerri edo eskualde mailako sistema arteko koordinazio tresna gisa jarduten dute, inklusioari lotutako sistema eta erakunde nagusien arteko topaketa eta lankidetza erraztuz.

Tokiko mahaiak koordinazio formulak ezartzeko tresna dira, Enplegu eta Diru Sarrerak Bermatzeko, Gizarte Zerbitzuetako, Etxebizitzako, Osasuneko, Hezkuntzako eta Hirugarren Sektoreko sistemen arteko lankidetzaren bidez, proiektuak garatzeko eta kasuen lan koordinatua ahalbidetzeko.

Helburu nagusia da bermatzea pertsona guztiek eskura izango dituztela beren ongizaterako beharrezkoak diren baliabideak, gutxieneko diru sarrerak, hezkuntza, enplegu aukerak, etxebizitza, osasuna eta gizarte loturak barne.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du pertsonei beren bizi proiektuak garatzen laguntzeko konpromisoa, banakako ibilbideen eta inklusiorako plan integratu eta pertsonalizatuen bidez. «Enplegu duina lortzeko aukerak eskaini nahi ditugu pertsona guztiek beren bizi baldintzak hobe ditzaten eta beren bizi proiektua modu autonomoan aurrera eraman dezaten», nabarmendu du Mikel Torres Lehendakariordeak.

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak zehaztu duenez, enpleguaren eta inklusioaren euskal eredua ibilbide pertsonalizatuetan oinarritzen da; izan ere, pertsona batzuek laguntza puntuala baino ez dute behar lana aurkitzeko, baina beste batzuek prozesu biziagoa behar dute, prestakuntza mugatua izanik lan merkatutik urrunago daudelako, langabezian denbora asko daramatelako edo beste arrazoi batzuengatik.

Laguntza intentsiboagoa behar duten pertsona horiek inklusiorako eta laneratzeko, laguntza eta programa espezifiko batzuk diseinatu dituzte:

  • Prestazioak jasotzen dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegurako igarobidea errazteko programak, enpleguaren hobekuntza sustatuz, autonomia eta nahikotasun ekonomiko handiagoarekin bizi ahal izan daitezen.
  • Diru sarrera gabeziaren eta langabeziaren egoera estruktural eta kronifikatuei berariaz erreparatzen dieten programak, berrikuntza klabean egiten dutenak, enplegu aukerak emateko formula baliagarriak aurkitzeko helburuarekin.
  • Laguntza programa integral eta malguak, bizi prozesuen eta zaurgarritasun egoeren konplexutasuna kontuan hartzen dutenak.