Gobernu Kontseiluak 8,8 milioi euroko inbertsioa onartu du gaur, Santurtziko Lanbide Heziketako ikastetxea handitzeko. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, proiektu hau Hezkuntza Eraiki 2030 Azpiegitura Planaren barruan kokatzen da, hau da, hezkuntzaren alorreko azpiegituren planaren baitan, hain zuzen ere.
Inbertsio honen eskutik, 4.000 m2-tik gorako lau solairuko eraikin berria eraikiko da. Bertan, bozeramaileak esan du, ibilgailu automobilak garraiatzeko eta mantentzeko prestakuntza-zikloak emango direla. Gainera, gune bat erabiliko da sektore horri lotutako enpresa berrien mintegi bat garatzeko. Lanbide Heziketaren enplegagarritasun-maila Euskadin %90ekoa da.
Hitzarmenak adikzioen aurka lan egiten duten entitateekin
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die adikzioak eta droga-mendekotasunak dituzten pertsonei laguntzeko lan egiten duten entitateekin sinatutako hiru hitzarmeni. Maria Ubarretxenak adierazi duenez, Osasun Sailak, zehazki, 418 mila euro bideratuko ditu Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herritar Batzordearekin, Gizakia izeneko fundazio zibilarekin eta Bilboko Elizbarrutiko Caritasekin sinatuko diren lankidetza-hitzarmenetara.
“Hitzarmen hauek- esan du bozeramaileak- gobernu-programan osasuna sustatzeko eta zaurgarritasun eta babesgabetasun bereziko egoerei arreta emateko hartutako konpromisoen baitan kokatzen dira”.
Larrialdi-egoeretan, sareetako desinformazioari aurre egiteko hitzarmena
Larrialdi-egoeretan sare sozialen bidez herritarrei informazio ofiziala eta egiazkoa helarazteko hitzarmena sinatzea ere baimendu du Gobernu Kontseiluak.
Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartearen arteko akordioa da, eta bozeramailean hitzetan “arrisku kolektibo larri, hondamendi edo lazeria publikoko egoeren aurkako prebentzio-helburuaren baitan kokatzen da”.
Ekimenaren ardatza da- gaineratu du Ubarretxenak- informazio ofiziala balioestea eta aldi berean, nahi ez ditugun ondorioak izan ditzaketen informazio faltsuak eta zurrumurruak zabaldu daitezen eragoztea”.
Hitzarmenak, gainera, beste ekintza batzuk ere aurreikusten ditu, alegia: autobabesa, arriskuen kudeaketa, herritarren segurtasunarekin eta larrialdiekin lotutako dibulgazio-, prestakuntza-, kudeaketa- eta ikerketa-ekintzak.