Euskal Lanbide Heziketa egokituko da zibersegurtasunaren arloan etorkizuneko profesionalak prestatzeko

0

Enpresek euskal Lanbide Heziketa baloratzen dute beren erakundeetan talentua gehitzeko, eta Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak iragarri du gizarte gisa aurrean dugun eraldaketa teknologiko eta digitalaren erronkara egokitu behar dela euskal Lanbide Heziketa.

CyberLehia zibersegurtasun-lehiaketaren 2025 edizioko finala Zorrotzaurreko La Terminal aretoan garatzen ari da. Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako 300 ikasle baino gehiago bildu ditu, eta horiei beste hainbeste lagun batu zaizkie streaming bidez, EITBk eskainitako seinaleari esker.

Txapelketaren bigarren edizioa da aurtengoa. Jardunaldiaren helburuak hauek dira: ikasleen motibazioa bultzatzea, zibersegurtasunaren sektorera talentua erakartzea, zibersegurtasunari buruzko kontzientzia hartzea eta ezagutza partekatzea, enpresen, ikastetxeen eta ikasleen arteko harremana sustatzea, eta Lanbide Heziketak zibersegurtasunaren inguruan egiten duen lana erakustea.

Lehiaketan parte-hartze handia izan da. Izan ere, 450 ikasle baino gehiago aritu dira txapelketaren fase desberdinetan. Gaurko azken fasean lehiatuko diren taldeak honako hauek dira: admin «OR» 1 «=» 1 (ZUBIRI MANTEO), h4ckTXok0 (CIFP TXURDINAGA LHII), B1t-Cr4ack3r $(CPIFP EGIBIDE LHIPI/CPIFP MGEP LHIPI), BAGU (ZUBIRI MANTEO) eta info.php (CPIFP MARISTAK DURANGO LHIPI.

Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak zibersegurtasunak etorkizunean izango duen garrantzia aipatu du, eta euskal Lanbide Heziketa enpresa- eta industria-sarearen beharretara egokitzearen premiaz aritu da. “Hor ari gara berritzen erreferente izateko” esan du, eta azaldu duenez, Hezkuntza Saila Lanbide Heziketako eredu aurreratu eta propio baten aldeko apustuari eusten ari zaio, nazioartean duen bikaintasunagatik aitortua izango dena”. “Aurrez aurre ari gara begiratzen gizarte gisa heldu behar diogun eraldaketa teknologiko eta digitalaren erronkari”, gaineratu du.

Gaurko jardunaldia, lehiaketaren azken fasea, Bilboko Zorrotzaurreko Terminalean garatzen ari da. Aldi berean, zibersegurtasunaren inguruko jardunaldi bat antolatu da −bertan izango dira nazioarteko hizlariak (Lisa Forte, Red Goat Cyber Security) eta Lanbide Heziketako ikasle ohiak (Igor Pallin, Vicomtech)− eta Tarlogic enpresak tailer tekniko aurreratuak emango ditu. Zibersegurtasun sektoreko 10 enpresa ere izango dira, Cyberzaintza, zibersegurtasunaren euskal agentzia, eta Cybasque, zibersegurtasun-enpresen euskal klusterraren eskutik. Enpresen, lanbide-heziketako ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen arteko harremanak sustatzeko agertoki ezin hobea.