Jaurlaritzak Mugiment 2025-2030 Planaren berri eman du gaur. Gure gizartean bizitza aktiboa sustatzeko eta gizarte-balioak lantzeko tresna da. Ibone Bengoetxea sailburuaren arabera, Euskadi osasuntsuago baterako pertsona aktibo gehiago esaldiak laburbiltzen du programa honen espiritua.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak azaldu duenez, Mugiment Ekintza Planak herritarren jarduera fisikoa hobetzen lagundu nahi du, baita pertsonen osasuna bera ere.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, Ekintza Plan honen helburua da pertsona orori bermatzea bizitza fisiko aktiboa garatze ahal izateko ingurune seguru eta egokiak. Era berean, osasun indibiduala nahiz komunitarioa hobetzeko eta Euskadiko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan laguntzeko aukerak ere sustatu nahi dira plan honen bitartez.
Mugiment-en lehentasuna da jarduera fisikoa sustatzea, baina, lehen aldiz, eguneko 24 orduz jokaera motorren azterketa ere egingo da. «Jarduera fisikoa sustatzeko politika aurreratuak dituzten herrialdeen eredua jarraitu nahi izan dugu, ikuspegi hori planean txertatuz. Jarduera fisikoa eta sedentarismoa bezalako faktoreak kontuan hartzeaz gain, ikuspegi berria txertatuta urrats bat gehiago egingo dugu osasun integralerako bidean, eta atsedenak eta loak pertsonen ongizate fisikoan duten eragina aztertuko dira”.
Bengoetxeak zehaztu duenez, Mugiment Ekintza Planak metodologia erabat parte-hartzailea eta irekia du eta Euskadiko jarduera fisikoaren sustatzaile guztiak daude gonbidatuta planaren garapenean parte hartzera.
Babes errekurtsoa Konstituzio Auzitegian
Gobernu Kontseiluak babes-errekurtsoa jartzea onartu du gaur Konstituzio Auzitegian, atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumenaren eskualdatzea baliogabetzeko Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren aurka.
Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzaren ustetan benetako babes judiziala urratu da.
“Horregatik, uste dugu Auzitegi Gorenak bere funtzioak gainditu dituela Estatuaren eta Euskadiren arteko eskumen-banaketa mugatu duenean, funtzio hori Konstituzio Auzitegiaren berariazko eginkizuna izanik” azaldu du Maria Ubarretxenak.
“Gernikako Estatutuak, 16. artikuluaren bidez, irakaskuntzaren eskumena aitortzen dio Euskadiri bere osotasunean – jarraitu du sailburuak– eskumenaren eskualdaketaren helburua ez da titulu akademikoak homologatzeko baldintzak arautzea, ezta horiek garatzeko oinarrizko arauetan eragitea, Auzitegi Gorenak baliogabetutako eskumenak homologazioak emateko gaitasunari egiten dio erreferentzia soilik”.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen aldaketa
Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako 12/2012 Legearen aldaketari buruzko aldeko txostena egin du. Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu dute lege-proposamen hau Legebiltzarrean.
Aldaketaren bidez, dopinaren aurkako kontrolak egin ahal izango zaizkie administrazio publikoek lan hori egiteko gaitutako langileei, kirolariari odola ateratzeko probetan izan ezik. Proba horiek jarduera hori egiteko legezko gaitasuna duten osasun-langileek bakarrik egin ahal izango dituzte.
8,5 milioi euro enplegu-proiektu berezietarako
Gobernu Kontseiluak, 8,5 milioi euroko laguntzak onartu ditu, proiektu bereziak garatzeko laneratzearen eta berrikuntza soziolaboralaren gainean.
Ubarretxenak azaldu duenez, Lanbideren programa honen helburua da langileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonal eta profesionalak bultzatzea eta indartzea.
Beren enpleguari eusteko zailtasunak dituzten langileek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, baita lanpostu bat lortzeko arazoak dituzten langabeek ere. “Proiektu berezi deitu ditugun horiek dira erakunde publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatutako proiektuak, non eta prestakuntzako, orientazioko, enpleguko edo beste jarduketa mota bateko esku-hartze mota desberdinak koordinatzen dituzten” azaldu du bozeramaileak.
2026rako lan-egutegia
Era berean, Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Euskadiko 2026ko lan-egutegia. Egutegiak martxoaren 19a eta uztailaren 25a jaieguntzat hartzen ditu, 2026an, azaroaren 1a eta abenduaren 6a igandeak direlako.
Hona hemen Euskadiko 2026ko lan-egutegiak izango dituen hamabi jaiegunak:
- Urtarrilaren 1a (Urteberri Eguna).
- Urtarrilaren 6a (Errege Eguna).
- Martxoaren 19a (San Jose Eguna).
- Apirilaren 2a (Ostegun Santua).
- Apirilaren 3a (Ostiral Santua).
- Apirilaren 6a (Pazko bigarrena edo astelehena).
- Maiatzaren 1a (Langileen Eguna).
- Uztailaren 25a (Santiago Eguna).
- Abuztuaren 15a (Jasokunde Eguna).
- Urriaren 12a (Espainiako Egun Nazionala).
- Abenduaren 8a (Sortzez Garbiaren Eguna).
- Abenduaren 25a (Eguberri Eguna).
2,5 milioi koordainketa farmazeutikoa konpentsatzeko laguntzetarako
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die gaur 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten herritarren koordainketa farmazeutikoa konpentsatzeko laguntzei. “Programa honen helburua da – azaldu du bozeramaileak- bermatzea inork ez diezaiola utzi, arrazoi ekonomikoengatik, agindutako medikazioa hartzeari”.
2,5 milioi euro bideratuko dira deialdi honetara.
Maria Ubarretxenak azaldu du, Euskadi izan zela Estatuko lehenengo erkidegoa konpentsazio-neurriak ezartzen, errenta baxuak dituzten pertsonei eta gizarte-egoera ahulean dauden taldeei zuzenduta, hau da, pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…Hala, laguntza horiek hasi zirenetik, duela 13 urte jada, 840.000 eskaera inguru izapidetu ditu Eusko Jaurlaritzak, 46 milioi eurotik gora bideratuz laguntza horietara.
Laguntza hauen onuradunak izango dira:
- Pentsiodunak eta haien onuradunak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte.
- Legezko langabezia-egoeran daudenak eta haien onuradunak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte.
- Diru-sarrerak bermatzeko errenta laneko diru-sarrerak osatzeko errenta modalitatean jasotzen duten pertsonak.
- Espainiako estatuan erregistratu gabe eta egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta eskubide hori aitortzen duen egiaztagiria erakusten badute.
Eskabideak telematikoki edo aurrez aurre egin ahal izango dira Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetzako osasun-zentroetan eta Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan.
9,1 milioi euro landa eremuen garapenerako
Gaur, EREIN izeneko programan sartutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak ere onartu dira.
Guztira, 9,1 milioi euro bideratuko ditu Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak landa-inguruneko oinarrizko zerbitzuetan inbertsioak egiteko. “Laguntza horien helburua da – adierazi du bozeramaileak- landa-eremuetako bizi-kalitatea hobetzea, azpiegiturak eta ekipamenduak garatuz, herriak berreskuratuz, enplegua sortuz eta turismoa bultzatuz”.
Batxilergoko sari bereziak
Gobernu Kontseiluak 2024-2025 ikasturterako Batxilergoko sari berezien deialdia ere onartu du. Ibilbide akademiko bikaina duten ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortu eta sustatu nahi da deialdi honen bidez. Programa honen helburuetako batzuk talentua bultzatzea eta bikaintasuna bilatzea dira.
Euskadin, 15.500 inguru dira Batxilergoko bigarren maila egiten ari diren ikasleak. Joan den ikasturtean (2023-2024), 454 ikaslek parte hartu zuten deialdian.